INFO

Adimen artifiziala, jasangarritasuna eta parte-hartzea, EHUko Udako Ikastaroen erronkak

Ekainaren erdialdean hasi eta irailaren amaiera arte ia 200 jarduera programatu dira EHUren Udako Ikastaroetan. Matrikulazio epea zabalik da dagoeneko eta ikastaro bakoitza hasi arte izena-emateko aukera izango dute interesatuek.

EHUren udako ikastaroak aurkeztu dituzte Bilbon. (Oskar Matxin Edesa | FOKU)

Gaur aurkeztu da EHUko Uda Ikastaroen 43. edizioa Bilbon, BBVA Fundazioaren egoitzan. Eva Ferreira errektoreak, Laura Poderoso BBVA Fundazioaren zuzendariordeak eta, Itziar Alkorta Uda Ikastaroen zuzendari akademikoak aurtengo edizioari buruzko zertzeladak azaldu dituzte.

Ekainaren erdialdean hasi eta irailaren amaiera ia 200 jarduera programatu dira. Ikastaro multzorik handiena Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Baionan egingo da, eta, hirietatik harago Arantzazu, Azpeitia, Balmaseda, Beasain, Bermeo, Gernika, Hondarribia, Lesaka, Ordizia, Plentzia eta Zaldibiara hedatuko da eskaintza.

Ferreirak nabarmendu duenez, «ikastaroentzat gizarte eragina ezinbestekoa da». Horregatik «garaiko erronka nagusiak identifikatu eta hauen inguruko hausnarketa eta ezagutzaren transmisioa ahalbidetzea» dute jomuga.

Alkortaren hitzetan, «akademikoak, zientzialariak, enpresariak, langile profesionalak, administrazioko ordezkari eta beharginak, gizarte eragileak, belaunaldi ezberdinak, guztiak elkartu nahi ditugu ezagutzaren plazan eta xede horrekin hartzaile mota guztien intereseko programa osatu dugu askotariko eragileekin elkarlanean».

Garaiko desafioak oinarri harturik, askotariko gaiak izango dira hizpide Uda Ikastaroetan. Eta, zentzu horretan, adimen artifiziala eta iraunkortasuna «lehen lerrora» ekarri nahi izan dituzte.

Kultura eta Artea, gizartea, hezkuntza, zientzia eta teknologia, zuzenbidea, osasuna eta ekonomia eta enpresa izango dira ziklo nagusiak, bakoitzean EHUren webgunean topa daitezkeen kurtso ugari bilduz.

Ohar baten bidez adierazi dutenez, «ezagutzaren transferentzian nazioarteko ikuspegia estrategikoa da» Uda Ikastaroak (UIK) fundazioarentzat. «Atzerriko aditu eta ikasleen ekarpena esanguratsua da eta ikuspegi hori oinarri duten ikastaro andana da aurtengo eskaintzan: Nazioarteko harremanei buruzko zuzenbideko Ikastaroak izango dira; Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Estatu Iberoamerikarren Erakundearekin (OEI) lankidetzan eraldaketa digitala eta hezkuntzaren etorkizuna: erronkak Euskadin eta Iberoamerikan ikastaroa egingo da; nazioarteko ospea duten irakasleen eskutik atzerriko ikasleek euskal gizartea bertatik bertara ezagutzeko Basque Culture International Summer School antolatu da; eta, aurrez aipatu bezala, Gernikako bonbardaketaren errepresentazio kulturalen eta Pablo Picassoren koadroaren eguneratze eta fenomeno transmedialei buruzko nazioarteko kongresua eta migrazioak, identitatea, arrazakeria eta bizikidetzari buruzko kultura, komunikazio eta garapenaren 15. nazioarteko topaketa ospatuko dira, besteak beste».

Matrikulazioa zabalik

Metodologiari erreparatuz ikastaro ia denak aurrez aurrekoak izango dira eta kasu gehienetan online zuzenean parte hartzeko aukera izango da. Formatu klasikoez gain partaidetza sustatzeko metodologia ezberdinak baliatuko dira hogeitik gora Uda Ikastarotan.

Ikastaro partehartzaileez gain ikastaro esperientziazkoak ere izango dira. Saltillo eskola-ontzian adibidez, zenbait egunetako zeharkaldia eginez, itsas ingurunearen osasunerako mugaz gaindiko esplorazioa egiteko aukera izango dute parte hartzaileek.

Matrikulazio epea zabalik da dagoeneko eta ikastaro bakoitza hasi arte izena-emateko aukera izango dute interesatuek.

Prezioaren murrizketei dagokionez, ikastaroetan matrikulatzerakoan zein ostatuari dagokionez, kolektibo mota ezberdinei zuzenduriko hainbat motatako beherapenak daude. Zentzu horretan, 18 eta 25 bitarteko gazteei Uda Ikastaroetan murgiltzeko erraztasunak emate aldera "25² eskaintza" prestatu da. Maiatzaren 31 baino lehen matrikulatuz gero, 25 euro baino ez dituzte ordaindu behar izango ikastaro bakoitzeko.