Unai Lasok eta Dariok beste inflexio puntu bat bilatuko dute Labriten
Arazo fisiko desberdinek haien ibilbideak trabatu ondoren, Errokoak eta Ezkaraikoak Buruz Buruko finalerdietarako txartela lor dezakete asteburu honetan. Jokin Altuna eta Jose Javier Zabaletak, euren aldetik, bizirik jarraitzeko irabazi beharra dute.
Kirolari guztien ibilbideek gorabeherak izaten dituzte, eta tartean bide horiek, onerako zein txarrerako, baldintzatzen dituzten inflexio puntuak. Horietako bat izan daiteke, bientzat, Unai Lasok eta Dario Gomezek Labriten larunbat honetan jokatuko duten partida. Igandean Altuna eta Zabaletaren artean gertatzen denaren zain, gaur 22ra heltzen denak hanka eta erdi izango du Buruz Buruko finalerdietan, batarentzat zein bestearentzat pisu berezia izango lukeen lorpena.
Aldakako ebakuntza bat izan eta Binakakoan errodaje on bat egin eta gero, Unai Laso ur aparretan heldu da, Jokin Altuna faborito nagusia xehatu ondoren. Bakaikoa eta amezketarraren aurka maila bikaina erakutsita, ligaxka honetako langa gainditzeak, berriz ere txapelen lehian aritzeak, bere itzulera erabatekoa dela berretsiko luke urtebeteren ostean. Baina ez hori bakarrik, grebaren kontestuan zenbait hilabetez afizionatuetan aritu behar izan eta gero, Unai Laso hobe bat, zailduago bat itzuli zen goren mailara, eta orain ere bide horretatik joan daiteke, aurtengo Buruz Burukoan Laso oso serio eta huts kopurua asko murriztu duena ikusi baitugu.
Baikorentzat ere, errotarraren garaipena sekulako albistea litzateke, lehen jardunaldian horren maldan gora jarri zitzaion txapelketan, ordezkari kopuruari dagokionez behintzat, indarrak orekatzea ekarriko lukeelako, Artola eta Laso finalerdietan sartuta –beste biak Aspek ziurtatuta ditu, sei pilotarirekin–.
Urteko aukera
Dario Gomezek ere ez ditu hilabete onak pasatu eskuko arazoekin, baina badirudi urteko bere zita garrantzitsuenera sasoian heldu dela, nahiz eta lehen partidan Zabaletaren aurka eskuin esku horrek justu antzean bukatu. Manomanista peto-petoa da Ezkaraikoa, eta txapelketa honetan bermatu behar izaten ditu urtean zehar binaka ematen ez dizkioten aukerak. Finalerdietan sartzeak hurrengo urtean zerrendaburu izatea bermatu eta horrek lasaitasun handia emango lioke errioxarrari, enpresa barruan duten konpetentzia handiarekin.
Eskuin oso biziko bi pilotarik talka egingo dute Labriten: sakatzaile handia eta klasikoagoa, Aspekoa; elektrikoagoa, faborito irtengo den Baikokoa. Printzipioz, ematen du partida luze bat Darioren mesederako izan daitekeela, baina Laso saiatuko da hori ekiditen.
Begi bat Iruñean
Ez dira Labriten arituko, baina Jokin Altunak eta Jose Javier Zabaletak gertutik jarraituko dute Bonbonerako partida, haien aukeren parte bat bertan jokatuko delako. Aurreko asteko emaitzen ostean, Lasoren garaipen batek mesede egingo lioke amezketarrari, Zabaletari igandean eta Dariori hurrengo astean gailenduta, finalerdietan egongo litzatekeelako, Bilbokoa istripu batean utziz. Zabaletari, aldiz, Darioren garaipena komeni zaio, baina horrek ez lioke larrialdirik kenduko Astelenako lehiari.
Sanferminetako kaiola
Eta gizonezkoen esku pilota profesionalean atsedenaldirako astirik ez dagoenez, Buruz Buruko finala jokatu ondotik izango dute urteko opor aste bakarra. Enpresak hurrengo hilabeteetako programazioak zehazten ari dira dagoeneko, eta Sanferminetako Lau eta Erdikoaren lehiaketa sistemak argitara eman dituzte.
Baikok berrikuntza bat sartu dio aurtengo bere lerroari, parte hartuko duten bere zortzi pilotariek eskaileraren maila berean ekingo baitiote lehiari. Bere zortzi pilotariak bi multzotan banatu ditu Bilboko promotoreak. A Taldean Urrutikoetxea/Peñak Zaldibarren jokatuko dute ekainaren 21ean, eta Artola/Zubizarretak Arrasaten. Egun bat geroago, Laso/Agirrek Haron eta Jaka/Larrazabalek Muskizen neurtuko dituzte indarrak. A taldeko irabazleek Alegian topo egingo dute ekainaren 28an, eta beste multzokoek Sestaon. Elgetan erabakiko da finalean arituko den Baikoko ordezkaria.
Aspek, bere aldetik, Jokin Altuna eta Peio Etxeberria Zumarragan jokatuko diren bere finalerdietan kokatu ditu. Amezketarraren adarrean Elordi, Dario eta Salaberria daude; eta Ezkurdia, Zabala eta Egiguren V.a, ultzamarrenean. Aspeko finala Sopelan da.