INFO

EAJk eta PSEk «programa lehenetsi» nahi dute Lakuako Gobernua osatzeko negoziaketetan

«Programa lehenetsi» nahi dute Lakuako Gobernuaren eraketari buruz hitz egiten hasi aurretik. Horrela adierazi dute EAJk eta PSEk Gobernua osatzeko negoziazioaren lehen bileraren ondoren. Datozen asteotan «diskrezioz» hitz egiten jarraitzeko borondatea azaldu dute.

Lakuako Gobernua osatzeko Sabin Etxean egin duten bilera. PSEren izenean Begoña Gil, Eneko Andueza eta Miguel Angel Morales. EAJ ordezkatuz, Joseba Aurrekoetxea, Andoni Ortuzar, Imanol Pradales eta Bakartxo Tejeria. (Aritz LOIOLA | FOKU)

«Asmo handiko programa bat» da Lakuako Gobernua osatzeko negoziaketan EAJk eta PSEk lehenetsi duten osagaia. Gaur astelehenean lehen bilera izan dute bi alderdiek Sabin Etxean eta ondoren euren balorazioak plazaratu dituzte. Datozen asteotan negoziatzen jarraituko dutela nabarmendu dute.

EAJren izenean, Andoni Ortuzar, Imanol Pradales, Joseba Aurrekoetxea eta Bakartxo Tejeria izan dira bileran. PSEren ordezkaritzaren kideak Eneko Andueza, Begoña Gil eta Miguel Angel Morales izan dira.

«Gobernua berriro osatzeko asmoa dugu. Gaurko bilera esploratzeko izan dugu. Gobernu berriaren oinarriak aurrerabidea, ongizatea eta eraldaketa izango dira», adierazi du Anduezak kazetarien aurrean PSEren Bilboko egoitzan egin duen agerraldian.

«Alderdi biek helburu hori bete nahi dute asmo handiko programa bat eginez, zeinak Legebiltzarren lortu nahi den babes zabalarekin egonkortasuna, ongizatea eta aurrerabidea ekarriko baititu Euskadi osoarentzat», adierazi du EAJk bere partetik ohar batean.

Anduezak azaldu duenez, hemendik aurrera datozen bileretarako plangintza finkatu behar dute. Honekin batera, prozeduraren inguruan zuhurtziaz jokatu behar dutela gaineratu du. Epeei dagokionez, «datozen asteotan, ibilbidea zehaztuko duen testua konkretatzeko gai izango gara».

EAJren arabera, «lehen saio honetan ez zaio heldu negoziaketa prozesuaren bigarren aldiari. Bigarren fase honetan, lehenik eta behin, Gobernu programa jorratuko da eta, ondoren, Eusko Jaurlaritzaren egituraketa bera».

«Alderdi bien helburua da elkarrizketa hauek garatu ahal izatea halako lanek behar duten diskrezioarekin», erantsi du EAJk.

«Benetako arazoak»

PSEren buruak esan duenez, Gasteizko Parlamenturako hauteskunde kanpaina «herritarren benetako arazoetaz aritu ginen». Hortik abiatu behar dira, bere ustetan, Lakuako Gobernu berria osatzeko akordioa eraiki ahal izateko. «Euskadik aurrera egiteko hitzarmen on bat nahi dugu», aldarrikatu du.

«Oraindik ez dugu karguetaz hitz egin. Lehenengo lana programa aurreratzea eta lehentasunak finkatzea da», esan du Anduezak. Dena den, hauteskundeen ondoren izandako bozken hazkundean oinarriturik ardura gehiago eskatu zituela aurreratu zuen PSEren buruak.

«Euskal herritarrek euren bizitza hobetzeko, zerbitzu publikoak indartzeko, aniztasuna bultzatzeko bozkatu ziguten. Hori da izan dugun bozken hazkundeak ematen digun zilegitasuna. Eta hortik abiatzen dugu negoziazio prozesu hau», esan du.

Gauzak horrela, Anduezarentzat «aniztasuna errespetatuz» lortu behar da akordio hori.

Etxebitza eta beste alorretan EAJrekin dituzten desadostasunak elkarrizketaren bidez gainditzeko borondatea azaldu du Anduezak. «Bi tradizio desberdinetako alderdiak gara, Gobernu bera osatzen badugu ere», esan du.

EAJrentzat izandako lehen bileran «elkarlanezko giro ona» izan da nagusi, «bai eta alderdi bietako ordezkariek erakutsi duten borondatea ere euskal erakundeak zentzuzko epe barruan eratzera begira». Halere, Gobernua osatzeko elkarrizketak neurri handi batean hauteskunde garaian egin beharko dituztela adierazi dute jeltzaleek.

EAJk azaldu duenez, bi alderdiek Euskal Herriko eta inguruko lurraldeen egoera politikoa aztertu dute.

Parlamentuaren osaketa

Honekin batera, PSEko parlamentariek maiatzaren 7an kargua hartuko dutela iragarri du Anduezak. Gauzak horrela, Europako Parlamenturako hauteskunde kanpaina hasi baino lehen Gasteizko Legebiltzarra osatu izatea da Anduezaren asmoa. EAJk ere asmo hori agerian utzi du eta Parlamentua maiatzaren 23rako eratua izateko borondatea azaldu du. Horretarako, maiatzaren 6an, PSEkoek baino egun bat lehenago, jasoko dituzte akreditazioak parlamentari jeltzaleek.

EAJrentzat «zentzuzko epe barruan Eusko Jaurlaritza eta euskal erakunde sendoak eratu behar dira, Euskadik hemendik aurrera izango dituen erronkei erabakimenez eta eraginkortasunez hel diezaiegun».