Donostiako Scientia Karmeloko langileek sei eguneko greba deitu dute eskolaren itxieraren aurka
Astearte honetako lanuztean langileek salatu dute Donostiako Scientia Karmelo ikastetxearen itxieraren atzean negozioa egiteko asmoa dagoela. Gaineratu dutenez, hainbat langilek ez du soldatarik jaso. «Egoera zaurgarrian» aurkitzen direla adierazi dute, eta Hezkuntza Sailaren ardura seinalatu dute.
Donostiako Karmelo ikastetxeko langileek sei greba egun deitu dituzte maiatzaren 7, 8, 9, 14, 15 eta 16rako. Astearte honetan, lanuztea egin dute ELAk deituta, 10.00etatik 12.00etara. Scientia School enpresak 2023-2024 ikasturte amaierarako ikastetxea ixteko erabakia hartua du, eta hori eragotzi nahi dute.
Sindikatuak jakinarazi duenez, gutxiengo zerbitzuak gehiegizkoak izanda ere, ikastetxeko 42 langileen gehiengo oso zabala atxikitu da lanuztera eta lanean jarraitu dutenen gehiengoa gutxieneko zerbitzuengatik izan da.
Elkarretaratzea egin dute 200 ikasleri Lehen eta Bigarren Hezkuntzako zikloak ematen dizkien eskolaren aurrean. Bertan, euren lanpostuak eta lan baldintzak defendatzea eskatu dute. Izan ere, azaldu dutenez, Scientia School enpresak ikastetxea, eraikina barne, erosi zuen orain bost urte, eta jada iragarri du ikasturte amaieran itxiko duela, «bertako langileentzat inolako irtenbiderik planteatu gabe eta beharrezkoa den informazio eta dokumentazioa langileen ordezkariekin partekatu gabe».
Soldatarik gabe
Are gehiago, langileek aditzera eman dute ikasturte hasieratik arazoak dituztela soldatak jasotzeko. Esaterako, langile batzuei azken bi hilabeteetako soldata zor zaie, eta beste askok antzeko arazoak izan dituzte ikasturtean.
«Erabateko zaurgarritasun egoeran gaude», adierazi dute. ‘Langileak borrokan’, ‘hezkuntzarekin negoziorik ez’ edota ‘non daude gure soldatak?’ irakur zitekeen pankartetan. Salatu dutenez, ez dute «inongo informaziorik» Scientia Karmeloren itxieraz.
Mikel Uranga ELAko ordezkariak azaldu du langileek «ez dutela inongo dokumenturik edo informaziorik zentroaren egoera zein den argitzen duenik, ezta zer gertatu den ere». Erantsi duenez, Scientia School antzera jokatzen ari da Estatuko beste toki batzuetan ere.
Ikastetxearen erosketa eta itxieraren atzean interes ekonomikoak daudela uste dute langileek, eta aldarrikatu dute hezkuntza negozio eta enpresa interesetatik at mantendu behar dela; are gehiago Hezkuntza Sailak itundutako zentroa izanda.
Horregatik, Hezkuntza Sailak eta sektoreko patronal nagusiak, Kristau Eskolak, halako egoeretan jokatzen duten papera kritikatu dute, «ez baitute hezkuntza negozioa egiteko erabiltzen dutenen aurkako neurri eta oztoporik ezartzen».
Aldarrikapenak aintzat hartu ezean, aurrerantzean ere mobilizazio eta grebekin jarraitzeko asmoa azaldu dute langileek.
Eskolako zuzendaritzak soldaten atzerapenari buruz zer esaten dien galdetuta, «kasik fedea izan dezatela» eskatzen dietela erantzun du Urangak. Langileen Estatutuaren dokumentazioa eskatzean, aldiz, «gezur askoren atzean ezkutatzen direla» kritikatu du.
Guraso batzuek ere parte hartu zuten joan den ostegunean egin zuten manifestazioan. «Haientzat ere egoera konplexua da. Argi dugu beren babesa badugu askoz hobeto izango dela, baina guk bidea egingo dugu, hala egin behar dugula ulertzen dugulako, gure egoera hobetu dadin», esplikatu du ELAko kideak.