INFO

Zornotzan berreskuratutako 86 desagertuetako lehena identifikatu dute eta sendiari emango diote

Gogora Institutuak Zornotzako hilerrian berreskuratutako 36ko Gerrako 86 desagertuetatik lehena identifikatu du. Zornotzako Udalarekin batera, familiari emango dio gorpuzkia maiatzaren 13an egingo den ekitaldian. Horretaz gain, memoria historikoarekin lotutako ekitaldi gehiago egingo ditu egunotan.

Aranzadiko zientzialariak, Lourdes Herrastiren zuzendaritzapean, Zornotzako hobian lanean, iragan martxoan. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Zornotzako hilerriko hobian dauden 36ko Gerrako 86 desagertuetatik lehena identifikatu du Gogora Institutuak, eta pertsona honen gorpuzkia familiari emango dio ekitaldi batean. Hitzordua heldu den maiatzaren 13an da, 18.00etan, Udaletxean.

Bertan izango dira Nerea Melgosa sailburua eta Ainhoa Salterain herriko alkatea, baita Aitor Miñambres eta Anton Erkoreka historialariak eta Lourdes Herrasti Aranzadi Zientzia Elkarteko antropologo eta Zornotzako desobiratze lanen arduraduna ere.

Justu duela urtebete aurkitu zuten Zornotzako hilerrian 1936ko hobia. 2023ko abendurako Aranzadi Zientzia Elkarteak 51 miliziano eta gudariren gorpuzkiak berreskuratu zituen bertatik. Eta martxo honetan beste 14 pertsonaren hezurrak antzeman zituzten hobi horretan.

Juan Pardo Gili omenaldia

Memoria historikoari lotutako ekitaldi gehiago ere egingo ditu Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak egunotan.

Ostegun honetan, Juan Pardo San Gil zena omenduko du, Eusko Gudarostearen Itsas Armadako erreferentziazko historialaria, 2013an hil zena. Gerra-gatazkei buruzko historialari aparta izan zen. Bere lanen artean, ‘Euzkadiko Guduontzia. La Marina Auxiliar de Euskadi (1936-1939)’ liburua nabarmentzen da. Matxitxako Elkartearen bultzatzailea izan zen, eta 1937ko martxoaren 5ean izandako Matxitxakoko batailari lotutako memoria berreskuratzeko lan egin zuen.

Bere funts bibliografiko zabala hainbat erakunde publikori utzi zion, besteak beste, Gogora Institutuari.

18.00etan, Gogora Institutuaren Bilboko egoitzan, funtsa Memoriaren Institutuari entregatzearekin batera, aitortza egingo diote Juan Pardo San Gili. Haren familiak parte hartuko du, Matxitxako Elkartea, Aranzadi Zientzia Elkartea, Bermeoko Arrantzaleen Museoa eta Melgosa sailburuarekin batera.

Saibigainen

Larunbatean, berriz, 11.30ean, Abadiñon, Saibigain tontorretik gertu, 36ko Gerrako borrokalari baten gorpuzkiak lurpetik aterako dituzte.

Aurten inguru horretan berreskuratuko duten bigarren hezurrak dira. Gogoraren 36ko Gerrako Desagertuak Bilatzeko programan, Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan, babestutako eremu natural horretan 2023an hasitako prospekzio-kanpainaren emaitza da. Urte horretako otsailean, lehen gorpuzki bat berreskuratu zuten, oraindik identifikatu gabe dagoena.

Urkiolako Parke Naturalaren parte den paraje horretan, gudu gogorrak izan ziren, eta gudari ugari hil ziren, 1937ko apirileko lehen egunetan. Gaur egun, gutxienez 128k desagertuta jarraitzen dute oraindik.