INFO

Euskararentzat ortzadarra marrazteko engaiamendua galdetu dute Herri Urrats bestan

Euskararen Erakunde Publikoaren baliabideak handitzeko premia agerian jarri dute Herri Urrats bestaren 41. edizioa kari Senpereko aintzirara bertaratu diren erakundeetako ordezkari gehienek. Guztiak ez ziren han, ordea. Estatuak uko egin diolako Seaskak Senperen emandako hitzorduari.

Gazteak, dantzan, Xiberoa eremuan, gaur eguerdian Senperen. (Patxi BELTZAIZ)

Herri Urrats bestaren 41. edizioa aitzina doa Senperen. Eguerditik aurrera, zeruak argitze aldera egin du, eta kostata bada ere hodeiak saretuz joan dira.

Jende parrasta sartu da tenore horretan, goizean zehar askoz irudi goibelagoa eskaini duen zirkuitoan.

Zubigintza eta aniztasunaren aldarria egin nahi du aurten Herri Urratsen hautaturiko leloak. Baita iazko euriteek besta erdizka zapuztu ondoren zabaldu den esperantzari. Ortzadar horren iragazle izan ziren, hain zuzen, Euskal Herriko osoko euskaltzaleek. Haien dohantzek ekarri ziotelako iaz Seaskak aro txarrari aurre egiteko behar zuen aterkia.

Iaz ez bezala, tarteka xirimiriak busti badu ere Ipar Euskal Herriko ikastolen sostenguz antolaturiko besta normaltasunean ospatzen ari da igande honetan.

Izan ere, Euskararen Erakunde Publikoa (EEP) zirt edo zart egiteko dagoen unean euskararen orubea konpromiso berriekin ureztatzeko premia agerian gelditu da Senperen.

Goizeko 10.00etan zabaldu da ibilbidea eta oren erdi bat beranduago ekitaldi ofiziala hasi da.

EEPk biltzen dituen lau erakundetatik hiru baizik ez dituzte ordezkariak bidali. Estatuak uko egin diolako Seaskak, Herri Urrats kari, emandako hitzorduari.

Estatua jarri du, hain zuzen, jomugan Maider Behoteguyk. EEPren lehendakariak argi eta garbi azaldu du Parisek blokeatzen duela euskalgintzak dituen beharrak asetzeko aipaturiko egiturak galdetzen duen aurrekontu emendatzea.

 

Maider Behoteguy, Euskararen Erakunde Publikoko lehendakaria. (Patxi BELTZAIZ)
Maider Behoteguy, Euskararen Erakunde Publikoko lehendakaria. (Patxi BELTZAIZ)

Bere ondotik hitza hartu duten ordezkariek, modu batean edo bestean, finantzamendu krisiari erantzuteko premia aitortu dute.

Akitania Berriako kontseilaria den Anje Sainte-Mariek 100.000 euro gehiago jasoko duela Bordelen bere egoitza nagusia duen erakundearen eskutik baieztatu dio Seaskari.

650.000 euro gehiago emanen ditu Euskal Elkargoak

Jean-Rene Etchegarayk egin du, ordea, iragarpen esanguratsuena. 650.000 eurotan emendatuko baitu Euskal Elkargoak bere ekarpena euskararen politika garatzen jarritzeko.

Izan ere, EEPren estatutuek agintzen dutenez Estatuak, Eskualdeak, Pininio Atlantikoen Departamenduak eta Euskal Elkargoak ekarpen parekide egitea, bere iragarpena horri beste erakundeetako ordezkariei zuzendutako deia gehitu du lehendakariak.

«Badira 20-25 urte bezala euskarak bizi duen arriskua hor dagoela» oroitarazi du Etchegarayk, azkeneko inkesta soziolinguistikoak utzitako emaitza gazi-gozoa aipagai izan duela.

Orotara 51.500 euskal hiztun inguru daude hiru lurraldetan. Izan ere, bilakaera demografia, alde batetik, eta bilan migratorioa, bestetik, erronka bereziak marrazten dituztela gaineratu du Etchegarayk.

Hala, euskalgintzako eragile nagusiak babestearekin batera, beste helburua berretsi du:  hezkuntza elebiduna orokortzea. Horrrendako, «Estatuarekin akordioa erdiestea» premiazkotzat du jo du Etchegarayk.

Jean-Jacques Lasserre departamendu buruak ez du itxaropena sortzeko moduko mezua ekarri Senperera.

Hexagonoaren baitan «hizkuntzen alde gehien egiten duen» erakundeko burua dela oroitarazi ondoren, frantziar Estatuak aplikatzen duen «zentralismo fiskalaren ondorio latzenak» pairatzen duen erakunde maila departamendua dela deitoratu du. Gauzak horrela, euskarazko hezkuntzaren aldeko buxeta igotzeko aukerak urriak direla jakinarazi du agintari zentristak.

Zazpi urte aurrekontu igoerarik gabe

Peio Jorajuriak mezu argia pasatu du. Azken zazoi urtetan buxeta ez dela emendatu jarri du mahaigainean Seaskako lehendakariak. «Inoiz baino ikastola gehiago daude, inoiz baino ikasle gehiago ditugu, baina baliabideak beti bezala eskas dira», laburbildu du Jorajuriak.

Hala nola Beskoitzen ikastola berria eraikitzeko diru ekarpena behar du Seaskak.

Euskal jendarteak beragain hartu duela, traba guztien gainetik, Lapurdiko herriak ikastola duin bat eraikitzeko engaiamendua agerian jarri du Jorajuriak.

Ildo beretik, «erakundeak mahainguru batean» jezartzeko eta euskalgintzak dituen erronken arabera erabakiak har ditzaten eskatu du.

Euskalgintzaren zerumugan ortzadar marraztuko den zain dagoela aitortu ondoren, egunero ikastolen federazioaren garapena «haien lan eskergarekin» bermatzen duten eragileei zein gaur ospatzen den besta eguna posible egiten duten guraso eta langileei ere esker oneko hitzak zuzendu die Jorajuriak.

Hainbat berritasun ekarri du aurtengo edizioak

Herri Urrats berritasunez beterik dator aurten. Hala, zazpi euskal herrialdeen izenak dituzten guneei zortzigarren bat gehituko zaie aurtengo edizioan, hain zuzen aintziratik ehunka metro batzutara kokatzen den Kattalin Elizalde kolegioaren izena eman diote gune horri.

Besta egiteko eremua zabalagoa bada, egitaraua ez da atzean geldituko.

Orotara 50 bat ikusgarri aurreikusi dituztelako Herri Urratseko arduradunek, egun osoan zehar.

Ohiturari jarraituz, guneka banatuko da besta eskaintza.

Gazteengandik hasita, Araba eta Lapurdi guneetan haurrendako xokoak izanen dira.

Dantzak oholtza bete du, berriz, Xiberoa gunean.

Erronkak gustokoak dituztenek Baxe Nafarroa gunean zuten hitzordua. Euskal Herri osotik heldutako bost ikastoleko kideek hainbat jokoen bidez lehia sanoa libratuko dutelako bertan.

Zertan da zortzigarren gunea? Seaskak iaz ireki zuen Kattalin Elizalde kolegio berriaren kirol gunea bilakatu da Herri Urratsen eremu berria.

Herri Urrats jaia duen garrantzia gogora ekartze aldera, antolatzaileek azaldu dute besta egun horretan ateratako etekinei esker ireki ahal izan dituela Seaskak 33 ikastola, 5 kolegio eta lizeo bat.

Erran bezala, aurtengo irabaziak Beskoitzen ikastola berri bat eraikitzeko erabiliko dituzte. Ostiralaz gerioztik Lapurdiko herrian ikastola bultzatzeko formula berria plantan eman du Seaskak.

Hala Bizum bidez doantzak emateko parada izanen dute gaur Senpererat etortzekorik izan ez duten euskaltzalek, hala egitasmoa lagundua.

Maiatzaren 17an, mobilizazioa

Bestalde, azterketak euskaraz egiteko aldarrikapena presente izan dute, ezinbestean, Baxoa azterketen atarian iraganen den Herri Urratsen baitan. Zirkuitoan zen M17an Etxepare Lizeoko ikasle asanbladak eman duen hitzordua gogoratzen zuten afixak ziren.

Joan zen apirilean Euskararen Erakunde Publikoari igorritako eskutitzaren bidea brebet azterketa osorik egiteko izanen dela jakitera eman zuen frantses Hezkuntza Ministerioak.

Izan ere, lizeo amaitzerakoan eginen den Baxoa frogari buruz oso aitzinamendu eskasak izan dira. Xuxtu Ahozko Handia frogaren atal bat euskaraz egiteko parada izanen dute ikasleek.

Horrendako, maiatzaren 17an, Euskal Herri mailan mobilizazio orokor egun baterako deia zabaldu dute sare sozialen bidez.

Neoma taldeak eginiko 'Hor gaude' kantuak, goizetik eta ilundu arte, girotuko du zerumuga iluntzeko saio guztien gainetik ortzadar marrazkeko herri nahikeria gailenduko dela adieraztera datorren Herri Urrats besta.