INFO

Kultura aniztasuna ospatzeko, 11 Kolore jaialdia Errenterian asteazkenetik aurrera

Maiatzaren 15etik 29ra, bi astez, Errenterian 11 Kolore jaialdiaren IX. edizioa ospatuko da. Kulturarteko topaketak, gastronomia, dantzak, musika eta haurrei zuzendutako ekintzak prestatu dituzte, migrazioaz, arrazakeriaz eta hizkuntzaz gogoeta egiteko.

Errenterian 11 Kolore jaialdiaren egitarauaren aurkezpena izan da astelehen honetan. (Errenteriako Udala)

«Guztiok bat egitea, partekatzea, elkar ezagutzea eta gure bizilagunengandik gertuago sentitzea» da Errenterian datorren asteazkenetik aurrera ospatuko den Errenterian 11 Kolore jaialdiaren filosofia, antolatzaileek zehaztu dutenez. Bi astez iraungo duen egitaraua ondu dute, topaketez, gastronomiaz, dantzaz eta musikaz beteta, besteak beste.

«Migrazioaz, arrazakeriaz eta hizkuntzaz gogoeta egiteko, oro har; baina baita, aldi berean, kulturek eta aniztasunak dakarten aberastasunaz gozatzeko, eta hartara, dituzten balio positiboak sustatu eta kulturarteko guneak sortzeko» antolatu dute IX. edizio hau.

Iritsi berriak diren emakumeek jasaten dituzten egoerei buruz ‘Migrantas: Hain gertu eta hain urrun’ Parean elkartearen erakusketa izango da Emakumeen Etxean. Gainera, instalazio artistiko interaktibo bat ere egongo da, ‘Hizkuntzak, gorputzak eta tarteko zirrarak’, Badalab-en, hilaren 20tik 23ra.

Hilak 17an, ostiralean, ‘Kutxaz kanpo #4: Hizkuntzaren jaiotzaz eta heriotzaz’ rol jokoa egingo da, 17.00etan Badalab-en.

Musikari dagokionez, igandean, maiatzaren 19an, Lekuona Fabrikan ‘Koloreka kontari’ Landarbaso Abesbatzak eta Musikastek antolatutako ekimen parte-hartzailearen emanaldia izango da. Errenteriako ikastetxeetako ikasleak arituko dira; 18.30ean da hitzordua. Hilaren 24an, ostiralarekin, Burubeltz konpartsaren kalejira koloretsua Herriko plazatik abiatuko da 17.00etan, Niarawua batukada taldearekin batera.

Haurrei zuzenduta, maiatzaren 22an, asteazkena, kultura aniztasunaren inguruan gogoeta egiteko ‘Munduko ipuinak’ ipuin kontaketa saioa hartuko du Lekuona fabrikak, 17.30ean, Lupe Lekuonaren eskutik eta lau eta zazpi urte bitarteko haurrei zuzenduta.

Zinemaz gozatzeko aukerarik ere izango da. Maiatzaren 23an, ostegunean, 19.00etan Niessen zinemetan ‘Limbo’ filma proiektatuko da. Eskoziako uharte batean asilo eskaeren erantzunen zain dauden Siriako musikari baten eta beste errefuxiatu batzuen istorioa kontatzen du.

Gastronomiari dagokionez, 24an, ostiralean, ‘Familiarekin su artean’ ekimena izango da Txintxarri Elkartean, 17.45ean. Jatorri askotako Errenteriako herritarrak elkartuko dira jaki desberdinak nola prestatzen diren erakusteko, eta ondoren dastaketa egingo da (janari guztia halal izango da). Aldi berean, herriko 24 taberna eta jatetxetan munduko janari desberdinak dastatzeko aukera izango da, hilaren 24, 25 eta 26an.

25ean, larunbatean, 12.00etatik 21.00etara Latinoamerikako dantzak ikasteko aukera egongo da Zumardian, DJ eta kontzertuekin batera, herriko eta inguruko dantza eskola eta irakasleekin.