INFO

Espainiar erregearen aurkako protesta ikusgarria, Felipe Borboikoa Chillida Lekun dela eta

Felipe Borboikoa Chillida Lekun dago astearte honetan, erakusketa baten aurkezpena aitzakia hartuta, eta protesta herritarra egin du Sortuk hortik gertu, Hernaniko plaza batean.

‘Euskal Errepublika’, aldarria Hernanin. (Jon Urbe | Foku)

Hernaniko erdigunean Espainiar ereserkia entzuten zen astearte goizean, txistuak ere sumatzen ziren ereserkiaren gainetik. Sortuk Zinkoeneako plazan Espainiako erregearen bisitaren aurka egin duen protesta izan da. 78ko erregimenarekin «hautsi» behar dela aldarrikatu eta Euskal Herriaren nazio eskubideen aitortza demokratikoa exijitu dute.

Hernaniko erdigunean Felipe Borboikoaren irudia buruz behera jarri dute, bai eta Juan Carlos aitarena eta Francisco Francorena ere, Estatuaren inposizioa salatzeko asmoz. «Frankismoaren eta gaur egungo erregimenaren artean hasuturarik ez dagoela irudikatzeko», zehaztu dute.

Espainiar ereserkia entzun da bertan, bozgoragailu batzuen bidez zabaldua, eta txistuka erantzun dute herritarrek botoi bati sakatuta. Honekin erregea «ez dela ongi etorria» irudikatu nahi izan dute eta hainbat aktibistek ‘Euskal Errepublika’ leloa ere osatu dute. Inguruko herritarren arreta deitu du ekimenak, begira geratu dira asko, eta zenbait ikurrinak eutsi eta txistuz erantzutera ere ausartu dira.

Lur Albizuk eta Paul Lakak hartu dute hitza, eta Felipe VI.a 78ko erregimenaren «zutabe nagusia» dela adierazi dute: «78ko erregimena hiru ardatzen bueltan eratu baitzen: Espainiaren batasuna, merkatu kapitalismoa eta frankismoaren inpunitatea». Egungo erregea «espainiar estatuaren inboluzioan sakontzen ari den eskuine bloke erreakzionaren aurpegi nagusia» dela gaineratu dute.

 

 

Eta frankismoko egiturek 78ko erregimenean «errotuta» jarraitzen dutela salatu dute, «botere ekonomikoan, justizia aparatuak eta segurtasun indarretan, besteak beste». Zentzu horretan, Sortuko kideek esan dutenaren arabera, eskuin erreakzionarioa gelditzeko modu bakarra franksimoarekin «hautsi» eta estatu aparatuetatik atera eta 78tik egiteke dagoen demokratizazioari ekitea da bidea: «Ez dago erregenerazio demokratikorik frankismoarekin hautsi gabe. Ez da erregenerazio demokratikorik estatu aparatuak garbitu gabe, eta ez dago erregenerazio demokratikorik erregimen horren erroko auziari heldu gabe: bere nazio aniztasuna demokratikoki kudeatzeko ezintasunari buelta eman gabe».

Albizu eta Lakaren hitzetan, «ezinbestekoa da Euskal Herriaren, Kataluniaren eta. Galiziaren nazio izaera eta eskubideak aitortzea, egiteke dagoen erregenerazio demokratikoa gauzatuko bada».

Chillida Lekun erregea

Bitartean, Chillida Lekun segurtasun neurri handiak ezarri dituzte, itxuraz erregearen aurkako protesten beldur. Izan ere, Felipe Borboikoak inaguratu du astearte goiz honetan ‘Eduardo Chillidak 100 urte Telefónica Bildumarekin’ erakusketa, euskal eskultorearen mendeurrena ospatzeko ekitaldien barruan.

Inauguraziora, Espainiako erregeaz gain, Eneko Goia Donostiako alkatea, Marisol Garmendia PSEko ordezkaria eta Angel Victor Torres lurralde politiketako Espainiako ministroa ere bertaratzekoak dira.