INFO

Jensen eta Jacinto, enbor desberdineko bi ezpal

Sasoi ezin hobea osatzen ari dira Jacinto eta Jensen; erdilari portugaldarra goleko pase gehien eman dituen jokalaria da, eta aurrelari norvegiarra, berriz, gol gehien sartu dituena. Realarentzat ezinbestekoa izango da bi jokalari hauen bertsiorik onena, Bartzelonari lanak emateko.

Synne Jensen Realeko aurrelaria Zubietan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ez dira enbor bereko ezpalak Synne Jensen (Oslo, 1996), eta Andreia Jacinto (Lisboa, 2002) ez fisikoki, ez jokatzeko moduan, ezta nondik datozen kontuan izanda ere. Bata ilehoria da, bizi-bizi mugitzen da zelaian, eta Europa iparraldekoa da. Bestea, berriz, beltzarana, baloia mugitzen du bizi, eta hegoaldekoa da. «Egia da izaerari dagokionez desberdinak garela, baina, aldi berean, oso berdintsuak gara», adierazi du Jacintok.

Bien arteko desberdintasunen zerrenda luza daiteke, baina bat egiten duten horretan jarriko dugu mira: 2022an etorri ziren Realera (Jensen urtarrilean eta Jacinto ekainean), maila altua emanda, denboraldi honetan nabarmendu dira, eta beren herrialdetan Kopako garaikurra altxatu dute; Jensenek bi Norvegian eta beste bat Alemanian, jokatu ez zuen arren, eta Jacintok, bat Portugalen.

Sasoi ezin hobea egiten ari dira biak. Portugaldarra da minutu gehien jokatu dituen jokalaria, eta taldean goleko pase gehien eman dituena, bost guztira. Norvegiarra, berriz, taldeko goleatzaile nagusia da, hamahiru golekin, eta goleko pase gehien ematen dituen jokalaria da Jacintoren ondoren, hirurekin, Nerea Eizagirrerekin berdinduta. Estatistikez harago, Realeko jokoan eragin handia duten jokalari bi dira: Jacintok zelai erdiko bigarren lerroan jokatzen du, euskarriaren eta erdi-puntaren artean, harena da baloia alde batetik bestera mugitzeko zeregina, baita pase bidez aurkarien lerroak haustea ere. Jensenek portugaldarraz nabarmendu du «oso ondo» irakurtzen duela jokoa: «Azken baloi hori, azken pasea, emateko gaitasuna du. Begi ona du jokorako».

Jensen: «Denboraldi ona egitearen arrazoietako bat etxean bezala sentitzea da; bai berdegunean, bai bertatik kanpo»

Norvegiarrak, berriz, golak ez ezik, txuri-urdinen jokoari abiadura eta azkartasuna ematen dio, ondo mugitzen da aurreko lerroan, eta bereziki abila da atzelarien bizkarrari erasotzen. Gainera, aurreko hiru postuetan jokatzen du eroso, berak hala aitortu duenez: «Berdin dit aurrean, ezkerrean edo eskuinean jokatu, posizio egokian nagoen bitartean». Jacintok norvegiarraz nabarmendu du «gola egiteko duen gaitasuna»: «Ezkerrarekin edo eskuinarekin jaurtitzen du. Betiko aurrelari bat da, gola usaintzen duena, eta badakiena non egon behar duen. Oso erraza da harekin jokatzea, eta asko laguntzen du taldean horrelako aurrelari bat izateak».

«Etxean bezala sentitzea»

Biak 2022an etorri ziren Donostiara. Jensen neguko merkatuan fitxatu zuen Realak, denboraldi erdian eta, hain justu ere, sasoi horren amaieran Txapeldunen Ligarako  sailkatzea lortu zuten. Aurrelariak adierazi du ez dela «erraza» denboraldi erdian talde batean sartzea, baina «oso polita» izan zela momentu horretan etortzea, bigarren geratu zirelako. «Oso esperientzia polita izan zen. Bizitza osoan gogoratuko dudan denboraldia izango da, bigarren geratzea sekulakoa izan zen».

Jacinto, berriz, 2022-2023 denboraldirako ailegatu zen Donostiara, baina hasieran zorte txarra izan zuen, Eurokoparako prestakuntzan min hartu baitzuen. «Lesionatuta iritsi nintzen hona, eta hasieratik taldearekin ez hasi izanak eragin handia izan zuen, kostatu egin zitzaidan martxa hartzea. Ez nuen jarraitutasunik», kontatu du.

Jacinto: «Ahalegin handia egin behar izan dut aukerak izateko, eta uste dut asko hobetu dudala nire postuan dugun lehiagatik»

Denboraldi honetan, baina, biek sekulako jauzia eman dute. Portugaldarra «gozatzen» ari da, «zoriontsua» da Donostian. «Sasoi honetan jarraitutasuna izan dut lehen momentutik, gogor entrenatzen aritu naiz, partida guztiak osorik jokatzen, eta horrek konfiantza gehiago ematen dizu; hobeto moldatzen zara zelaian taldekideekin, eta hori berdegunean antzematen da. Horri esker, zelaian gehiago erakuts dezaket, eta Realari gehiago eman».

Bide beretik, norvegiarrak adierazi du denboraldi ona egitearen arrazoietako bat «etxean bezala sentitzea» dela: «Bai berdegunean, bai bertatik kanpo dena lasaiagoa da. Uste dut emandako maila hori guztiaren uztarketa izan dela». Horrez gain, aipatu du Wolfsburgo taldean ikasitakoak ere lagundu ziola hona etortzerakoan. «Alemanian egon nintzenean ikasi nuen zaila dela beste herrialde batean egotea, herrialdera moldatzea, baita beste kultura batera ere».

19-20 urterekin joan zen Alemaniara Jensen. Esperientzia «oso polita» izan zela nabarmendu du, momentu horretan munduko klub onenetako bat zelako, baina, aldi berean, esan du «zaila eta gogorra» izan zela, oso gaztea zelako, eta ez zuelako askorik jokatu. Hala ere, adierazi du «pozik» dagoela han jokatu izanaz.

Jacintorentzat, aldiz, Portugaldik ateratzen zen lehen aldia zen. Herriko taldean hasi zen jokatzen eta, Estorilen bi urte egin ostean, 14 urterekin Portugalgo Sporting taldeak fitxatu zuen. Hortik Realera etorri zen, eta lehen sasoian Jensenekin pisua partekatu zuen: «Ume bat nintzen, lehen aldia etxetik kanpo, eta ez nekien ezer egiten. Hasieran nire ama balitz bezala zen, eta asko lagundu ninduen».

Umetatik zaletasuna

Umetatik zuten baloiarekin jolasteko zaletasuna. Jensen bospasei urte zituela hasi zen jokatzen. Txikitatik aurrean aritu da, baina batzuetan baita erdian ere. Jacinto ere txikitatik baloiarekin aritzen zen. Bere anaiak futbolean jokatzen zuen, eta gurasoek entrenamenduak ikustera eramaten zuten. «Gogoratzen naiz oso txikia izanda, baloiarekin jokatzen ibiltzen nintzela, baloia ni baino handiagoa zenean!». Hasiera batean, atzean aritzen zen, partida bat edo bi atezain gisa ere jokatu zuen; «baina ez zen nire postua [barrez]», eta gero, zelai erdian jokatzen hasi zen, orain arte.

Espainiako Estatuko ligan, Portugalgoarekin eta Norvegiakoarekin alderatuta, biek nabarmendu dute alderik handiena jokalarien maila teknikoa dela. Jacintok esan du Portugalgo ligarekin alderatuta, hemen txapelketa «askoz lehiakorragoa» dela, baita talde barruko lehia ere: «Ahalegin handia egin behar izan dut aukerak izateko, eta uste dut asko hobetu dudala nire postuan dugun lehiagatik».

Jacinto: «Askoz gorago egon nahi genuen ligan. Uste dut talde oso ona garela, jokatu nahi duela, identitate bat duela...»

Jokatzeko moduari dagokionez, berriz, portugaldarrak adierazi du «nahiko antzekoa» dela, Portugalen ere saiatzen baitira baloia alde batetik bestera mugitzen; alderik handiena, baina, jokalarien kalitatean dago: «Espainiako Estatuan futbola pauso bat aurrerago dago, hemen jokalari gehiago daude kalitate handiagoa dutenak».

Bi jokalari horien jardun ezin hobea, ordea, zertxobait itzalean geratzen da sasoi irregularra egiten ari direlako. Jacintori «pena» ematen dio taldea ez dela egiten ari  «ahal duen guztia»: «Askoz gorago egon nahi genuen ligan. Uste dut talde oso ona garela, jokatu nahi duela, identitate bat duela... Baina emaitzak ez lortzean, kontuan izanda zenbat lan egiten dugun, eta zein ondo entrenatzen garen, kostatu egiten da barneratzea».

Kopan, «sinistu»

Kopako finalari begira, talde txuri-urdinarentzat ezinbestekoa izango da bi jokalari hauek bertsiorik onena ematea, Bartzelona ahaltsuari gailentzeko. Bai Jensen bai Jacinto konfiantza handiarekin daude, eta taldeari asko laguntzen, baina biek azpimarratu dute gehiago eman dezaketela. Portugaldarrak uste du Realak gehiago atera dezakeela harengandik, oso gaztea baita: «Realaren jokatzeko modua ondo datorkit, baloia alde batetik bestera mugitzea asko gustatzen zait».

Jensen oso fin dabil ate aurrean, eta galdetuta ea Bartzelonaren aurka ere hala egongo den, esan du espero duela baietz. «Gol bat sartzea sekulakoa litzateke». Aldi berean, norvegiarrari galdetuta ea eskandinaviarrak inoiz nekatzen ote diren, barrez adierazi du baietz, eta Franssiz hitz egiteko aukera aprobetxatu du: «Oso langilea da, garrantzitsua da guretzat beti aurrera egiten duelako».

«Luze» egin zaio Jenseni finalerako itxaronaldia, baina uste du ondo etorri zaiola taldeari denbora tarte hau Kopako finala prestatzeko. Azken hilabeteetan «lanak» izan dituztela adierazi du: «Lanean aritu gara garaipenaren bidera itzultzeko berriro ere. Mentalki ere lanean ari gara gure buruarengan konfiantza izaten jarraitzeko».

Jensen: «Batzuetan handiagoa eta beste batzuetan txikiagoa izango da, baina beti dago aukera bat»

Biek adierazi dute «zaila» dela erantzutea zergatik izan duten bolada txarra ligan, baina nabarmendu dute «ondo» ari direla entrenatzen eta baikorrak izan behar dutela. Jacinto sinetsita dago irabazi egingo dutela, eta konfiantza osoa du taldearengan. «Aurkaria Bartzelona izan arren, benetan uste dut aukerak ditugula irabazteko. Ilusioz gainezka gaude», esan du.

Jacintok ez ezik, Jensenek adierazi du Bartzelona munduko talderik onena izan arren, sinistu behar dutela beti dagoela aukera bat: «Batzuetan handiagoa eta beste batzuetan txikiagoa izango da, baina beti dago aukera bat». Bereziki, alor mentalari eman dio garrantzia norvegiarrak. Haren ustetan, momentu zailak egongo dira zelaian, eta halakoak kudeatzen ikasi behar dute. «Taldeko psikologoarekin alderdi hori lantzen aritu gara, ikasteko nola kudeatu hainbat egoera halako partida zail eta gogorretan».

2019ko Kopako garaikurraz galdetuta, biek ala biek erantzun dute taldekideek esan dietela sekulakoa izan zela. Norvegiarrak aipatu du Ane Etxezarretak esan ziola bera han zegoela irabazi zutenean. «Badakit oso handia izan zela klubarentzat. Irudiak-eta ikusi ditudanean izugarria da, oso polita, sekulakoa litzateke horrelako zerbait berriro ere egitea». Jacintori esan zaio hemen orain dela gutxi arte ez zela ohikoa finaletara iristea, eta are gutxiago garaikur bat altxatzea. Barrez hauxe erantzun du: «Ea ba hemendik aurrera ohikoa bilakatzen den!».