INFO

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.

Zaragozako kaleetan «guk irabazi dugu»

Zaragozako kaleak hartu dituzte zale txuri-urdinek: 5.000 inguru gerturatu dira Reala hauspotzeko prest. Eguzkia lagun, giroa ederra izan da Pilar Basilika inguruetan. Zenbaitek altabozak, mikrofonoak eta banderak ekarri dituzte jokalariak animatzeko. «Itxaropentsu» daude.


2024ko maiatzaren 18a. Zale txuri-udinek egutegian markaturiko eguna da. Arratsaldeko 19.00etan Realak Kopako finala jokatuko du Bartzelona ahalguztidunaren aurka. Nahiz eta denek –edo ia denek– oso zaila ikusten duten garaikurra etxera eramatea, zaleek oso gogotsu hartu dute hitzordua. Partidan, harmailetatik oihuka, ahal duten guztia egingo dute jokalariak animatzeko, baina neurketa garrantzitsua iritsi aurretik, beste gauza batzuk egiteko aukera izan eta izango dute.

Lasartetik, Donostiatik, Hernanitik, Zumaiatik, Legorretatik, Tolosatik, eta Lazkaotik, besteak beste, etorri dira 5.000 zale txuri-urdin inguru Reala hauspotzera. Ia denak egun pasa egitera etorri dira Zaragozara, baina badago bakarren bat ostiraletik etorri dena: «Ostiralean denboraldiaurrea egin dugu, eta gaur [larunbatean] denboraldian sartuko gara», dio Legorretako realzale batek, ostiraletik jada berotzen hasi direla esanda.

13.00k aldera hasi da giroa berotzen Zaragozako alde zaharrean. Kale estu batean neska talde bat ikusi dugu, hamabost bat izango ziren; Lasarte, Hernani, eta Donostia ingurukoak. Altabozak, mikrofono bat, eta bandera bat baina gehiago zeramatzaten gainean. Denek, noski, Realeko kamiseta soinean. Peña bat al diren galdetuta, batek esan du barrez prozesuan daudela: «Lagun talde bat elkartu gara. Ondo pasatzera etorri gara, disfrutatzera eta parrada botatzera. Noski, taldea ere animatuko dugu. Esperantza dugu, 90 minutu dira, dena gerta daiteke bizitza honetan. Ezer ez dela ezinezkoa esan ohi da». Horrez gain, azaldu dute Zubietan jokatzen dituzten partida guztietara joaten direla, «ajea izan edo ez izan».

Iraiak, ezin galdu hitzordua

Abesti bat kantatzeko eskatu zaie, eta La Oreja de Van Gogh taldeko “Te voy a escribir la canción más bonita del mundo” hasi dira abesten, denon harridurarako. Momentu horretan, agertu da kuadrilla horretan Iraia Iparragirre Realeko jokalari ohia, iaz erretiroa hartu zuena. Iskin batean zegoen, baina animatu da NAIZ Irratian hitz egitera. «Ezin nuen galdu halako zita garrantzitsu bat», adierazi du Realeko jokalari ohiak. 2019an Granadan altxatu zuen garaikurra, eta orain, Zaragozan egonda, «oroitzapen, sentsazio eta emozio asko» etortzen zaizkio burura. «Zerbait polita» etor daitekeela uste du, «partida bat da, eta ikusiko da».

2019an Granadan barrutik bizitakoak ez du antzekotasunik oraingoarekin, «beste aldetik zerbait desberdina» baita: «Asteburu guztia hona etortzearen sentipena, kontzentrazio maila oso desberdina da. Ondo pasatzera nator, jokalariak ere ondo pasatzera joango dira, baina duzun kontzentrazio maila oso desberdina da. Burbuila batean zauden, eta sentsazio hori bizi izanak, esaten dut, zein ondo».

Orain, futboletik aldenduta, «oso ondo» dagoela nabarmendu du: «Futbolak asko eman dit, zortzi urte izan dira, bizitzan aroak dira, eta nik ikusi nuen nire momentua iritsi zela. Orain beste bizitza bat dut, guztiz ezberdina. Orain arte egin ez ditudan gauzak egiten ari naiz; disfrutatzen, eta sozializatzen. Oso gustura nago».

Orain dela bost urte Granadan izan zen Donostiako zale bat ere topatu dugu. Oraingo honetan, epaileak amaiera adierazi arte «dena dagoela jokoan» adierazi du: «Itxaropentsu gaude, ziur partida sorpresaz betea egongo dela». Zaleren bat «harrituta» dago, Zaragozan dagoen giroarekin. «Bartzelonako zale asko daude, baina baita Realekoak ere. Atsedenaldira bizirik iristen bagara, kontuz. Esperantza hori badut».

Realzale gehienek goizean alde zaharrean, Pilar Basilika inguruan pasatu dute goiza, eta arratsalde aldera, La Romareda estadio inguruetara gerturatuko dira. Oro har, itxaropena arnasten da Zaragozako kaleetan, marea txuri-urdinak ez du nahi itsasertzean geratu.

Kataluniako zaleren bat ere harrapatu dugu. Tarragonako hiru neska dira. Reala atsegin duten talde bat dela nabarmendu dute, eta onartu arren haiek direla faborito nagusiak irabazteko, esan dute Realak ere talde ona duela.

 

Ibarburu, 19.00ak arte disfrutatzera

Zaragozako alde zaharreko girora gerturatu den beste bat Joseba Ibarburu emakumezkoen Realeko lehendakariordea izan da. «Goizean buelta bat eman, zaleekin egon, eta orain bazkari bat dugu lotuta. Realeko jokalari ohiekin, eta entrenatzaile ohiekin bazkari bat antolatu dugu, eta gero partidara joango gara». Partidaz galdetuta, adierazi du arratsaldeko 19.00arte «disfrutatu» behar dela, eta «gero gerokoak»: «Oso zaila da, Natalia Arroyo entrenatzaileak badakit plan bat prestatu duela, eta garrantzitsuena da hori egitea». Larunbatean bertan iluntzean itzultzekoak ziren Donostiara.

Donostiako Saguesen ere jende asko bildu da norgehiagoka ikustera, euri zaparradak lehenago giroa zapuztu duen arren. (Jon Urbe | Foku)