INFO

Batuz sistemak jai herrikoietan eragingo lituzkeen eragozpenak salatu dituzte

Batuz sistemaren aurrean, Bizkaiko hainbat jai batzordek instituzioei animatu dituzte erraztasunak eman ditzaten eta eskatu diete zerga normalizazioak eta iruzurraren aurkako lana «aitzakia gisa erabili ez dezaten herriaren esfortzuz sortutako txosnen jai ereduarekin amaitzeko».

Bizkaiko jai herrikoien aldeko mugimenduaren agerraldia Bilbon. (BILBOKO KONPARTSAK)

Bizkaiko jai batzordeek indarrak batu dituzte lurraldean Batuz sistema ezartzeak jai herrikoietan eragingo lituzkeen eragozpenak salatzeko. Gipuzkoan Ticketbai sistemaren parekoa da.

Ostegun arratsaldean Bilboko Santiago Plazan egindako agerraldian Nerea Zuloagak (Auzotarrok) eta Iñigo Iglesiasek (Bilboko Konpartsak) gogoratu zutenez, Euskal Herriko edozein txokotan ohikoak diren jai herrikoien atzean «jaiak adin eta gustu guztietako auzokideentzako programatzen ahalegina egiten duten kolektibo ugari daude».

«Bizkaiko txosnek aukera ematen dute herriak eta herriarentzat sortutako jai parte-hartzaile eta herrikoien eredu hori modu autogestionatuan garatzeko, baita erakunde politiko eta ekonomikoen menpe ez egoteko independentzia ekonomikoa izateko ere», azaldu zuten.

Izan ere, txosnak festaren adierazle izateaz gain, urte osoan zehar konpartsek eta mota askotako elkarteek aurrera eramaten dituzten gizarte, kirol, kultura eta bestelako hainbat jardueraren euskarri ere badira.

Horregatik, Bizkaian Batuz sistema ezartzeak eragingo lituzkeen eragozpenetaz ohartarazi dute. Nabarmendu zutenez, horren eragin kaltegarriena jai batzorde txikienek sufrituko lukete, «auzokide boluntarioek esfortzu handiz aurrera ateratzen duten jaietako programazioa arriskuan jarriz».

Horren aurrean, agerraldian bildutako jai batzordeek eta elkarteek Bizkaiko Foru Aldundiari eta Lakuako Gobernuari erraztasunak eskatu dizkiete.

«Zerga normalizazioak eta iruzurraren aurkako lanak (gehienok ulertzen dugun zerbait) ez lukete aitzakia izan beharko txosnen jai ereduarekin amaitzeko. Ez litzateke traumatikoki deuseztatu beharko gizarte honek hainbeste denboran jai giroan eraiki duena. Ziur gaude gure herri eta hirien alde eta borondate onez posible dela», adierazi zuten.

Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaileak gogorarazi du Batuz sistema «jarduera ekonomikoa duten erakunde guztiek» ezarri behar dutela, eta txosnak ere erabiltzen hasi beharko direla, duten forma juridikoaren arabera, 2025eko uztailean edo 2026ko urtarrilean.