INFO

Dena prest, emakumezkoen futbolaren jai handia hartzeko

Txapeldunen Ligako finalak zalez eta jardueraz beteko du Bilbo gaurtik aurrera. Txapelketa honen jende-kopuruaren marka historikoa hautsiko du San Mamesek. Euskaldunan, Mary Earps, Jill Roord eta Lucia Garcia izarrekin egoteko aukera izango da.

Munduko bi talde indartsuenak lehiatuko dira larunbatean San Mamesen. (Oskar MATXIN | FOKU)

Emakumezkoen Futbolaren Nazioarteko Eguna izan zen atzo, baina Bilbok 48 orduz atzeratu ditu ospakizunak. Biharkoa da egutegian gorriz markatuta duen eguna, Bizkaiko hiriburua jardueraz eta zalez beteko duen nazioarteko egutegiko hitzordu garrantzitsuenetakoa hartuko baitu: Munduko bi talde indartsuenak bilduko dituen Txapeldunen Ligako finala, alegia.

Zaleak dozenaka mila izango dira. Lehen sarrera-multzoa, 18.000 inguru, martxoaren 8an jarri zen salgai eta jesus batean agortu ziren. Gauza bera gertatu da, salbuespenik gabe, ondorengo sarrera-multzoekin. San Mamesen, beraz, 53.289 lagun elkartuko dira, txapelketa honetan 2012az geroztik mantendu den marka historikoa hautsiz. Orduan 50.212 zalek ikusi zuten Municheko Olinpiar Estadioan Olympique Lyonen eta Frankfurten arteko finala, frantziarren bigarren tituluarekin amaitu zena.

Lyongo zaleak gutxiengoa  izango dira San Mamesen; horiek sarrera asko erosi badituzte ere, kolore gorri-urdinak nagusituko dira. Bartzelonan harmailaren hiru laurden eurenak izan daitezkela kalkulatu dute. Fan-zone handiena ere beraiena izango da; Casilda Iturrizar parkean jarriko dute, eta Olympiquekoena, berriz, Indautxun. Lehen aldia da emakumezkoen final baterako UEFAk zaleentzat gune hauek antolatzen dituena.

Ez dira izango puntu bero bakarrak. Antolatzaileek babesle ofizialen gunea jarriko dute San Mameseko zabalgunean. Bertan denda ofiziala zabalik egongo da gaurko arratsaldetik aurrera. Horrez gain,  zelai puzgarria eta plataforma flotagarria jarriko dituzte gaur Itsasmuseumen ondoan. Bihar, San Mameseko zabalguneko jarduerak eguerditik 17.30 arte egongo dira martxan, eta partida amaitu eta hiru ordu laurden geroagotik 22.00ak arte. Jokoak, tailerrak, musika eta beste hainbat jarduera izango dira.

Euskalduna Bilbaok, bestetik, House of #WePlayStrong jaialdia hartuko du 12.30etik 16.30era bitartean. Jokoak, sariak eta jarduerak egongo dira baina, dudarik gabe, eskaintza erakargarriena futboleko izar handiak aurkitzeko aukera izango da.

Antolatzaileek iragarri dutenez, Mary Earps, Leila Ouahabi, Lucia Garcia, Vicky Losada, Jill Roord, Kenza Dali eta Lia Waltu futbolariek parte hartuko dute jaialdiaren edizio honetan.

Finalaren inguruan mugituko den jendetzaren egonaldia errazteko, erakundeek zenbait neurri hartu dituzte. Besteak beste, Bilboko Udalak ostalaritzako lokalei bi ordu beranduago ixten utziko die eta garbiketako eta hondakinak biltzeko operatiboa indartuko du. Renfek ere aldiriko trenen zerbitzua indartuko du.

Txanponaren ifrentzua

Txanponaren ifrentzuan San Mamesen inguruan bizi direnak daude. Hasteko, trafiko eta aparkaleku murrizketak izango dituzte. Aparkalekuak Ligako partidetako berak izango dira, baina murrizketak gaur bertan hasiko dira eta bihar zaleen autobusak aparkatzeko  tokiak gehituko zaizkie (Abandoibarra, Itsasmuseum eta Trenbideko Etorbidea).

Futbolaren jaiak, bestetik, ez ditu poltsiko guztiak berdin beteko, zerga-salbuespen batzuk izango baititu. UEFAren  exijentzia da eta, hain zuzen, gauza bera gertatu zen 2020an, San Mamesek txapelketako azken faseko hiru partida hartu zituenean.