INFO

Euskara eskakizunen aurkako sententzia gaitzetsi dute Uliazpiko langileek

LAB eta ELA sindikatuek deituta, elkarretaratzea egin dute Uliazpi zerbitzuetako langileek gaur Donostian, euskara eskakizunen inguruko sententzia eta erabaki judizialak gaitzesteko. CCOOk ez du bat egin, Fundazioaren deialdiak «mundu guztiarentzako hizkuntza arreta bermatzen duela» uste baitu.

Uliazpiko langileen elkarretaratzea, Donostian. (Jon URBE | FOKU)

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen Uliazpi Fundazioak lan deialdian hainbat lanpostutan euskararen ezagutza eskatu izana, gehiegizkoak direla iritzita. Fundazioak helegitea jarri zuen, baina Auzitegi Gorenak ez zuen onartu. Epaitegietatik iritsitako erabaki judizial horien aurrean, elkarretaratzea egin dute gaur langileek, LAB eta ELA sindikatuek deituta.

«Errekurtsoa ez onartzea guztiz bidegabea da langileek plaza bat lortzeko egin duten ahaleginarekin, LEPa [lan eskaintza publikoa] egiteko 15 urte baino gehiago itxaroten egon ondoren eta, gainera, erakunde publikoko erabiltzaileen, senideen eta langileen eskubideen aurkako eraso larria da», adierazi dute bi sindikatu hauek ohar baten bidez.

Uliazpi adimen desgaitasuna duten pertsonen eta haien familien bizi-kalitatea garatzen laguntzeko laguntzak ematen dituen erakundea dela ekarri dute gogora LABek eta ELAk. «Hizkuntza eskakizunak, herritarren eskubideei erantzuteaz gain, erabiltzaileek behar dituzten laguntzei dagokienez lanpostuaren ezaugarrien ondorio dira. Hori dela eta, uste dugu epaiak akats larria egiten duela, pertsona orok enplegu publiko bat lortzeko duen eskubide orokorra lanpostu jakin baterako baldintzak betetzeko beharrarekin nahasten baitu, eta astungarria da, Uliazpik agindutako zereginak betetzeko, hizkuntza jakitea funtsezkoa dela langileentzat».

Honela, epaileek ez dutela soilik «langileek plaza lortzeko egindako ahalegina» urratzen adierazi dute, baizik eta «erakundeen betebeharra» ere kaltetzen duela «herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko». «Euskararen normalizazioan aurrera egiteko duela 30 urte baino gehiagotik adostutako hizkuntza planak eta erabiltzaileek dakiten hizkuntzan komunikatzeko duten eskubidea» ere erasotuak direla azpimarratu dute.

«Hizkuntza arreta bermatzen du»

CCOOk, Uliazpiko enpresa batzordearen buru den sindikatuak, ez du bat egin ELAk eta LABek erabaki judizialen aurka egindako protestekin, Fundazioaren lan deialdiak «mundu guztiari hizkuntza arreta ematea bermatzen duela» defendatuta.

Sindikatuak uste du erabiltzaileen hizkuntza eskubideak eta lan eskubideak «guztiz bateragarriak» direla, eta adierazi du «Gipuzkoako Foru Aldundian euskarazko zerbitzu publikoen eskaria %20 eta %35 bitartekoa» dela.

Uliazpiko langileek 2-3 pertsonako taldeetan lan egiten dutela argudiatzen du sindikatuak, eta «hizkuntza eskakizuna duten lanpostuen legezko %65ekin mundu guztiari hizkuntza arreta bermatuko litzaiokeela» dio. Eskainitako plazen %94tan B2 hizkuntza eskakizuna eskatzen zen.

Azkenik, «beharrezko hizkuntza eskakizunen gehiegizko erabileraren aurrean», «euskara ikastea eta egiaztatzea erraztuko duten» neurriak eskatu ditu CCOOk.