INFO
Elkarrizketa
Oier Imaz
EH Bilduko zerrendan aurkeztuko den EH Baiko ordezkaria

«Muga arrotza dugu, nazio mailako elkarlana, berriz, hautu naturala»

Biriatun bizi den irundar baten izena aurkituko du ekainaren 9an Pernando Barrena nafarra buru duen EH Bilduren boto-papera erabakiko duen hautesleak. «Hautu natural» horri buruz hitz egin digu elkarrizketa honetan Mondragon Unibertsitatean irakasle gisa jarduten duen Oier Imaz EH Baiko kideak.

Oier Imaz, Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugan. (Guillaume FAUVEAU)

Irundarra sortzez, badira bi hamarkada Lapurdin bizi da Oier Imaz. Kooperatibismoaren Institutuan ikerlaria da eta, horretaz gain, irakasle gisa jarduten du Humanitate Digital Globalak (HDG) graduan, Mondragon Unibertsitatean, Bilbon.

EH Bildurekin batera hautagaitza osatzeko erabakia «naturaltasunez» errotzen dela «nazio gisa azaltzeko borondatean» nabarmendu dio NAIZi EH Baiko kideak elkarrizketa honetan.

Ekainaren 9an zazpi herrialdeetako herritarrek aukera izanen dute europar bozetan parte hartzeko. Alta, ezin izango diote zerrenda berari bozkatu Euskal Herri osoan.

Nazio bat garen arren ez ditugu nazio bati dagozkion eskubideak onartuak. Ez dugu erabakitzeko eskubiderik eta horrek eragina dauka maila eta momentu ezberdinetan.

Aipatzen duzun bezala, ekainaren 9an iraganen diren europar hauteskundeetan gure parte-hartzea baldintzatuta dago.

Izan ere, ezin gara konstatazio soil horretan geratu, hauteskunde horiek garrantzitsuak direlako. Alde batetik, herri eta nazio bezala garatzeko orduan gure testuingurua Europa delako eta, bestetik, Europako testuinguruan bizi diren egoerek eragiten gaituztelako.

Agerikoa da joera kontserbadorea hedatzen ari dela. Eskuin muturra eta populismoen gorakada iragartzen digute. Errealitate horiek eragiten gaituzte eta eskura ditugun baliabideekin jokatu behar dugu, lehenik eta behin, Euskal Herria Europaren eraikuntzaren parte dela erakusteko eta, bestetik, muturreko joera horiei aurre egiteko prest gaudela, ez bakarrik adierazpenekin, baizik eta, egunerokotasunean, bestelako eredua eraikiz.

Bi estatuek baliatzen duten barruti bakarraren sistemak euskal herritarren ahotsa entzunaraztea zailagoa bilakatzen duela ezin ukan. Euskal Herria Bilduk aliantza osatu du, Orain Errepublikak. Frantses Estatuan ez da posible izan. EH Bairen boto-papera ez izateak sortzen duen hutsunea nola beteko duzue?

Lehenik eta behin kanpaina aktiboa eginez. Egia da ez dela EH Bairen boto-papera izango, baina bi ardatz nagusi dituen gure mezua –nazio bat gara eta eskuin muturrari bidea ixteko prest gaude– zabalduko dugu.

Horretan ere, bi bide marraztu ditugu. Euskal Herria aitortzen duten ezkertiar indarren alde botoa ematea galdetu du EH Baik. Bestalde, Euskal Herria Bildurekin batera jokatuko dugu. Zerrendaren parte izanik eurodiputatu ezkertiar eta subiranista izatea inportantea dela adierazi nahi dugu, Bruselak gure herrian eragina duen bezala, gure ustez Euskal Herriak bere osotasunean eta Ipar Euskal Herriak bereziki behar dituztelako bere erronkak eta aldarrikapenak adierazi Bruselan. Hori egingo duen ordezkaria izatea inportantea da.

Lehenengo aukeratik hasita. Zehazki «Euskal Herria aitortzen duten ezkerreko hautagaitzen alde» botoa emateko deia zabaldu du EH Baik. Badira bost urte baino mezu argiagoa ematen du, agian eskuin muturraren arriskuaren mailak gora egin duelako?

Aurreko esperientziatik abiatu gara, baina egoera berriari erantzunez. Gure irudipena da hurrengo urteetan oso oinarrizko kontuak defendatzea egokituko zaigula. Arriskua argia da eta, egoera horretan, gure mezuek indarra behar dute hartu.

2019an, RN nagusitu zen botoetan Hexagonoan. Alta, eskuin muturra hirugarren indarra izan zen Ipar Euskal Herrian. Premia hori benetakoa al da?

Hain zuzen ere eskuin muturrak ez duelako orain arte ez Ipar ez da Hego Euskal Herrian ere beste hainbat lurraldetan bezala gure herria busti garrantzitsua iruditzen zaigu kanpaina aktiboa egitea. Herri honek bere burua beste modu batean ulertzen du, eta eskuin muturra gelditzeko bere aukera propioak garatzen ditu.

EH Baiko kidea zara eta EH Bildurekin batera osaturiko zerrendan aurkeztuko zara hauteskunde hauetan. Keinu sinbolikotik harago zertan datza hautuaren ekarpena?

Oso modu naturalean errotzen da gure nazio izaerarekin hautu hori. Euskal herritar sentitzen garelako. Baina bada ere gogo bat: herri bezala, nazio bezala, nahi diogulako ekarpena egin beste Europa bat eraitzeko egitasmoari. Kutsu sinbolikotik harago, elkarrekin lan egiteko borondate bat agertzen dugu. Eguneroko praktikarekin bat datorrela. Zatiketa eta muga arrotzak bazaizkigu, nazio gisa elkarrekin lan egitea, berriz, hautu naturala da.

Irakaslea zaren heinean, nola azalduko zenieke agian lehen aldiz botoa ematera deituak diren gazteei ekainaren 9ko hitzorduak duen garrantzia?

Bi ardatz horiek nabarmenduz. Nazio bat gara eta nazio bezala behar dugu ahal dugun guztietan jokatu. Bestetik, eskuin muturrari bidea ixteko premiari behar diogu erantzun. Hori esanik, ikasleei aholkuak eman baino, egunero gazte horiengandik ikasten dudana iruditzen zait bermerik onena.