INFO

Desgaitasuna dutenek trafiko isunak jasotzeko «arrisku handia» salatu du Gasteizko sindikoak

Desgaitasunak dituztenentzako aparkalekuetan isunak areagotu egin direla eta kolektibo horrek salaketak jasotzeko duen «arrisku handiaz» ohartarazi du Leire Zugazua Gasteizko sindikoak. Hori dela eta, Udalari eskatu dio aurkezten diren frogak kontuan har ditzala.

Gasteizko sindikoak desgaitasuna duten pertsonen aurkako aparkalekuetako isunak salatu ditu. (Juanan RUIZ | FOKU)

Leire Zugazua Gasteizko sindikoak salatu duenez, desgaitasunen bat duten pertsonek trafiko isunengatik salatuak izateko «arrisku handia» dute, kolektibo horrentzako aparkalekuetan zigorrak areagotu egin direlako. Hala, gaizki jarritako isunei buruz aurkezten diren frogei «kasu egiteko» eskatu dio Udalari.

Ostegun honetan Gasteizko Udalean egindako Iradokizun eta Erreklamazioen Batzorde Berezian azaldu du arazo hau Zugazuak, 2024ko lehen hiruhilekoko txostena aurkeztu duenean. Bulegoak guztira 845 kexa jaso ditu, 53 espediente berrirekin.

Auzokideen Defendatzaileak desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeagatik jarritako isunen adibide batzuk azaldu ditu. Zehazki, «txartela ibilgailuaren aurreko panelean jarri izanaren frogak zituztenean edo txartela izan arren jartzea ahaztu zitzaielako» jarritako isunak dira.

«Froga dagoenean praktikatu egin behar da. Isunen gaia erraz zuzentzen da proba praktikatuz», berretsi du, eta eskatu du «herritarrak aparkalekuaren legezko erabilera egin duela» frogatu den kasuetan zigorrak atzera bota daitezela.

Aretxabaleta auzoko trafikoaren «intuizio eskaseko ibilbidearen» ondoriozko isunak kentzea ere eskatu du. «Seinaleztapena hobetu da, baina herritar batzuek isun bat baino gehiago jaso dute, eta Administrazioak ez zuen kale bat moztuta zegoela zioen publizitaterik egin».

Bizitegi kalteberatasuna

Bestalde, Zugazuak berriro eskatu dio Udalari bizitegi kalteberatasunaren arazoari «askoz gehiago» heltzeko, «udal jabetzako etxebizitzekin», etxegabetutako hainbat familiari ostatu eman ahal izateko.

Alde Zaharreko Zapatari, Hedegile eta Santo Domingo kaleetako etxebizitzen egoera txarraren ondorioz, pertsona batzuek dituzten «arazoak eta eguneroko egoera oso gogorrak» aipatu ditu sindikoak. Aldarrikatu duenez, kale horietan «bizilagunek konponbide bat behar dute, birgaitzearen bidez». Auzo horretan Internetera sartzeko zailtasunak daudela ere aipatu ditu.

Garbiketa

Bestalde, zaborren zergan hobaria eskatu du, urte asko itxita daramaten merkataritza lokalen jabeentzat, eta itxi gabeko hainbat espediente aipatu ditu, udal eraikinetako ‘graffitiak’ garbitzeari dagokionez.

Gainera, udaberriko inausketarekin zerikusia duten kexen gorakada nabarmendu du, baita Salburuako tranbiaren azpiestazioan zarata arazoak ere.