INFO

«EBren aurkakoak» eta «Putinen lagunak», EH Bilduk irensten ez dituen EAJren «amuak»

Norberak bere estrategiak baliatzen ditu bozak eskuratzeko; azken hauteskunde kanpainetan EAJko Andoni Ortuzarrek EH Bilduren aurka egiteko ardura hartu du, eta Europara begira EH Bilduri «amuak» jartzen dabil antza, ea noiz eroriko. Oskar Matutek erantzun dio, denborarik galdu ez dezan.

EH Bildurekin lehia gogortzeko papera hartu du Ortuzarrek ekitaldi hauetan. (Unanue | Europa Press)

Europako Parlamentuko hauteskundeen kanpaina duela astebete eskas hasi zen arren, EAJk bozak arrantzatzeko aspaldiko eredua berriro martxan jarri duela suma daiteke. Andoni Ortuzarrek, EAJko presidenteak, hartu du arrantzalearen papera Oskar Matuteren iritziz: «Amuak botatzen jarraitzen du ia baten bat irensten dugun, baina litekeenagoa da berari amuetan jartzeko haragia amaitzea nik amuren bat irenstea baino». EH Bildukoak «Putinen lagunak» direla edota «EBren aurkakoak» direla izan dira aste honetako bi «amu», esaterako. Atzo bertan bota zituen Elgoibarren.

Iragan den asteartean Madrilen izan zen Ukrainako presidente Volodimir Zelenski, eta EH Bilduko ordezkariei agurtzera eta «babesa adieraztera» joan ez izana aurpegiratu zien Ortuzarrek: «Atzo arte Europar Batasunaren aurkakoak ziren. Eta azken finean hala izaten jarraitzen dute, ezkutatu nahi badute ere. Eta orain antifaxistak eta antitotalitarioak aldarrikatzen dira, baina ez dute ezer esaten Putini buruz. ‘Gora Palestina!’ oihukatzen dute, baina Ukrainari buruzko aipamenik ez dute egiten».

Matutek EAJren jarrera kritikatu zuen Radio Euskadin atzo egindako elkarrizketan: «Ez dut ulertzen EAJk zergatik hartu duen anaia handiaren paper hori, euskal alderdi guztiei direnak eta ez direnak esanez. Bakoitzak egiten duena seinalatzeko behar hori ez dut ulertzen, besteek egiten dutena kritikatzeko denbora gutxi hartzen dugu guk, benetan kezkatzen gaituena guk egiten duguna eta gizarteak egiten dugunaz ulertzen duena da». Gogoratu zuen Madrilen alderdi jeltzaleak bost diputatu dituela, eta ezkerreko indar subiranistak, berriz, sei.

Argipen horiek eman ostean, Ortuzarri erantzunez, Ukrainari dagokionez EH Bilduren posizioa gogoratu zuen: «EH Bilduren iritzia argia izan lehenengo minututik», ekarri zuen gogora. «Erabat zorrotzak izan ginen Errusiak egindako inbasioarekiko, nahiz eta horrek ez duen kentzen Ukrainako gerraren harira hartzen diren zenbait erabakirekin kritikoak izatea», gaineratu zuen. Eta adibide bat jarri: «1.120 milioi euro ematea armamentuarako esate baterako, Kongresuari bizkarra emanda eta Gobernu hau Gobernu izaten jarraitzea ahalbidetzen duten kideak kontuan hartu gabe».

Ortuzarrek, atzo Elgoibarren egindako ekitaldian, EH Bildu bere «kontraesanetan itoko» dela gaineratu zuen ordea, eta barre egin zuen: «Zer espero dezakegu bere gai politiko nagusia txosnak diren alderdi batez? Hori da hori nibela!».

Matutek, berriz, goizeko elkarrizketan azaldu zuen EH Bildu gainerako euskal alderdiei «eskua luzatzeko» prest dagoela Europako Parlamentuan: «Euskal gizarte osoarentzat onuragarriak izan daitezkeen gaietan ekintza ildo bateratuak ezartzeko prest gaude, Madrilgo Kongresuan eta Senatuan bezala». Itsaso zabalagoetan arrantza egiteko ahaleginean dihardute subiranistek.