INFO

Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboak mobilizazioak deitu ditu Ipar Euskal Herrian

Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboak hizkuntz eskubideen aurkako urraketak salatu eta frantses Konstituzioaren erreforma galdetzea xede duten elkarretaratzeak antolatu ditu larunbat honetarako, Hexagonoko hainbat eskualdetan bezala Ipar Euskal Herrian ere.

Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboak salatu duenez Macronen gobernuak harturiko erabakiek azken urteotan lorturiko aitzinamenduak arriskuan jarri dituzte. (@pourqueviventnoslangues)

Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen (Pourque Vivent Notre Langues, frantsesez) kolektiboak hauspoturik, hizkuntz eskubideen aurkako urraketak salatuko dituzte larunbatean, ekainak 1, Hexagonoko hainbat eskualdetan eta Ipar Euskal Herrian.

Gutxitutako hizkuntzen aitortza ofiziala galdetuko dute Korsika, Bretainia, Katalunia, Alsazia, Okzitania eta Euskal Herrian isla izanen duen protesta egunaren bitartez.

Frantziar Konstituzioaren 2. artikulua aldatzea «lehendabiziko urratsa» dela agerian jarriko dute Estatu frantsesean diren hizkuntza gutxituen defentsan jarduten duten eragileak biltzen dituen kolektiboak sustaturiko mobilizazio egunaren bidez.

Hiru lurraldeetan iraganen diren elkarretaratzetan ‘Euskara orain!’ leloarekin banderolak erakutsiko dituzte. Era berean, Konstituzio aldaketa eskaera agerian jartzeko eta euskararen kontrako erasoak salatzeko afixak baliatzeko gonbidapena luzatu die Euskal Konfederazioak euskaltzaleei.

Orotara hamar bat herritan –Azkaine, Baigorri, Baiona, Beskoitze, Donibane Garazi, Hazparne, Hendaia, Itsasu, Maule eta Ziburun– elkarretaratzeak antolatu dituzte.

Ziburun ‘Euskara ala ezkara’ lelopean 5. Liburu eta Disko Azoka iraganen da ekainaren 1ean.  Azokak eguerdian hartzen duen atsedenaldia baliatuko dute, hain zuzen, plazan bertan mobilizazioa egiteko.

Molac Legea atzera bota zuten geroztik, aldaketa gutxi

2021eko apirilaren 8an Paul Molac diputatua bretoiaren bultzadapean frantziar Asanblea Nazionalak onartu zuen ‘Eskualde hizkuntzen patrimonio babeserako eta promoziorako’ lege historikoaren aurka badira hiru urte Kontseilu Konstituzionalak eman zuen ebazpena aztergai izan zuen berriki NAIZeko Artefaktuan idatzitako artikulu batean Seaskako zuzendaria den Hur Gorostiagak.

«Geroztik aldaketa gutxi izan dela» aitortzen zuen Seaskako ordezkariak.

Gorostiagak zehaztu zuenez, «euskara klasea denborara murriztua da eskola publikoetan, eta ez du lekurik eskola bizitzan. Hiru eskola publikotan baizik ez dute lehen hezkuntzan euskara hutsezko irakaskuntza Ipar Euskal Herri osoan. Ez dago murgiltzerik bigarren Hezkuntza publiko osoan. Baxoa euskaraz izatea ere baimendu lezake zirkularrak, baina Ministerioak ez du nahi. Inaki, Ana eta Fanch teilaturik edo ñabardurarik gabe gelditu dira».

Izan ere, «2008. urtean eta 2021. urtean bezala, Estatu mailan hizkuntz gutxiagotuen aldeko indarrak bildu eta Konstituzio aldaketa berri bat bultzatzera goaz» iragartzen zuen artikulu horretan Seaskako ordezkariak.

Ildo beretik, Gure Hizkuntza Bizi Daitezen kolektiboak deituriko mobilizazio deia babestuz hauxe adierazi zuen: «ekainaren 1ean izanen dugu arnasa luzekoa izanen den ekimen berri honen lehen hitzordua, Estatu osoan 100 elkarretaratze baino gehiago eginen baitira»

Dinamika amankomuna

Molac legearen aurkako ebazpena heldu aitzin ere, mobilizazio andana sustatu zituen Hexagono mailan hizkuntz gutxituen aitortza bultzatzeko lan egiten duen Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboak.

Hala, 2021ko maiatzaren 29an, murgiltze ereduari sostengua ekartzeko mobilizazioa garatu zuten Maulen bi urte lehenago bere lehenengo mobilizazio bateratua, Parisen, antolatu zuen kolektiboak.

2019ko azaroaren 30ean izan zen. Bretainia, Korsika, Alsazia, Okzitania, Katalunia edo Euskal Herritik helduta, hizkuntza gutxituen aldeko aldarria Pariseraino eraman zuten herritarrek. Frantziar Hezkuntza Ministerioko egoitza inguruan elkarretaratze eleaniztuna burutu zuten.

Geroztik hainbat aldiz karrikara eraman dute «funtsezkoa den aldarrikapena»: Konstituzioaren 2. artikulua aldatzeko beharra.

Gure Hizkuntza Bizi Daitezen kolektiboak Konstituzioaren aldaketaren aldeko aldarrikapena erdigunean jartzeko kanpaina iragarri zuen iazko azaroan.

Bi hitzordu eman zituen. Hala, joan zen otsailean hizkuntz gutxituetan ikasten duten gazteek Parisera eraman zuten azterketak haien hizkuntzan idazteko aldarrikapena.

Bigarren mobilizazioa ekainaren lehenengo honetan gertatuko da, modu deszentralizatuan antolaturiko elkarretaratzeen bidez lau haizeetara zabalduko dutela gutxitutako hizkuntzen aldeko aldarrikapenak.

Mobilizazio horietan ezinbestean, hemendik aste batzuetara Ipar Euskal Herriko ikasleek baxoa frantsesez egin beharko dutela oroitaraziko dute.

‘Azterketak euskaraz, euskarari trabarik ez’ lelopean iazko apirilean Baionan eginiko mobilizazioak milaka lagun bildu arren, «aurten egoera berean» pasatu beharko dutelako Bernat Etxepare lizeoko ikasleek aipaturiko froga bere kexa azaldu du Euskal Konfederazioak.

Bestalde, Euskararen Erakunde Publikoaren aurrekontua badira zazpi urte izoztua dela oroitarazita, Euskal Konfederazioak euskararen alde jarduten dute eragileak prekarietatera kondenatuak direla deitoratu du.