INFO

Plentziaren euskal errepublikaren aldarrikapena «bide baten lehen harria» izatea nahi du Ehunek

Euskal Errepublika lortze bidean «lehen harria» izan nahi du Ehun mugimenduarentzat aste honetan Plentzian onartutako mozioak. Larunbat goiz honetan egindako agerraldian urrats gehiago emango dituztela jakinarazi dute, eta horretarako, lehendabizi eragile, sindikatu eta alderdiekin bilduko direla.

Ehunen agerraldia Plentzian. (EHUN)

Ehun mugimenduak bultzatuta, iragan ostegunean Plentziako Udalak bere burua «Euskal Errepublikaren parte» deklaratzen duen mozioa onartu zuen. Larunbat honetan, Plentzian egin du agerraldia Ehunek, eta «bide emankor baten lehenengo harria» izatea nahi dutela adierazi du.

Plentziako herria «autodeterminatu» egin dela azpimarratu eta txalotu dute agerraldian: «Izan dira historian zehar aurrekariak Euskal Herriko hainbat udaletxetan, baina aurrekari horiek, nahiz eta bidea ireki, euskal errepublika eman diezagutela eskatzera mugatu dira, eta ez independentzia deklaratzera».

Azaldu dute euskal errepublika deklaratu dutela egunerakoan eragindako arazoak Espainian ezin direla konpodu onartuta. «Egiturazko gaiak soilik euskal errepublikan konpondu ditzakegula ondorioztatzen du mozioak», gaineratu dute

Bidearen hasiera

Ehunen esanetan, onartutako mozioak «ez du gertakari isolatu bat izan behar, bide emankor baten lehenengo harria izan behar du, euskal errepublikara eraman gaitzakeen bidea».

«Plentzian hasi den bide hau Euskal Herri guztira zabaldu behar da», ondorioztatu dute. Eta horregatik, eskari konkretua egin diete agerraldian herritar, eragile, sindikatu eta alderdi politikoei: «Lagundu diezagutela Euskal Herriko Udal guztietan mozio hau aurkezten eta aurrera ateratzen». Datozen egunetan, «herritarrek euren burua euskal errepublikako herritar deklaratzeko bidea» irekiko dutela webgunean aurreratu dute.

Ekainean zehar eragile, sindikatu eta alderdiekin elkartu eta beraien asmoen berri emango dutela gaineratu dute. «Uztaila hasieran prentsaurreko bidez lehenengo erronda honek eman duenaz informatuko ditugu euskal herritarrak», zehaztu dute. Eta Udal bakoitzean mozioak sartzeko gonbita egingo dutela adierazi dute: «Gero eta pertsona eta herri gehiago askatu, gero eta legitimitate handiagoa izango dugu pertsona eta herri berriak askatzen jarraitzeko. Gero eta indar gehiago euskal errepublika Euskal Herri osoan deklaratzeko».