INFO

Armak bidaliko ez dituen Europa nahi du EH Bilduk; Txina eta AEBekin lehiatuko dena, EAJ-k

EH Bilduko Maddalen Iriarte eta Gorka Elejabarrieta Donostian izan dira igande honetan, non Europako Parlamentua ultraeskuinari aurre egiteko tresna gisa erabiltzeko beharra nabarmendu duten. EAJ-k Txina eta AEB-ekin lehiatuko den Europa «oparo» baten alde egin du Elgoibarren.

Gorka Elejabarrieta, Maddalen Iriarte eta Juan Karlos Izagirre, gaur, Donostian. (Jon URBE | FOKU)

EH Bilduk ekitaldi politikoa egin du, gaur eguerdian, Donostian. Bertan hitza hartu dute Maddalen Iriarte Gipuzkoako bozeramaileak eta Gorka Elejabarrieta Senatuko bozeramaileak eta Europako hauteskundeei begira bi lehentasun zehaztu dituzte: bai Ukrainara egiten diren arma bidalketak baita ultraeskuina ere geratzeko beharra.

«Gurea askatasuna da. Beti bukatu ohi dut horrela. Gure herriaren askatasuna ere badelako Europan bide erreakzionario, eskuindar eta atzerakoiei aurre egitea», adierazi du Iriartek. Euskal Herriaren askatasuna ere Europan jorratu beharra dagoela nabarmendu du eta horretarako Pernando Barrena hautagaiak Europako Parlamentuan errepikatzearen garrantzia azpimarratu.

«Euskal Herriaren enbaxadore lanetan aritzea funtsezkoa zaigu. Gure askatasuna ere gainontzeko herrialdeekiko elkartasunean ere oinarritzen delako .Eta elkartasun hori, lehenik eta behin, antifaxismoan duelako elkargunea. Beraz, ultraeskuinari oinak gelditzea, askatasunaren aldeko egitatea baita», gehitu du.

Zentzu berean, Elejabarrietak «Europan bertan dugun gerran etengabe egiten ari diren eskalada militarraren intentsitatea areagotzen ari dela» baieztatu du. «Ukrainara armak bidali dituzten herrialdeak Errusian armak eta bonbak erabiltzeko baimena iragartzen ari dira. Erokeria hori gelditu egin behar dugu».

Senatuko bozeramailearen hitzetan, «tentsionamendu horren alternatiba bakarra gerra hori gogortzea eta bere eremua zabaltzea izango baita». Horren aurrean «irtenbide bakarra» ikusten du Elejabarrietak: «Elkarrizketa eta negoziazio diplomatikoa».

EAJ, Europa «oparo» baten alde

Bere aldetik, EAJ Elgoibarren izan da eguerdian. Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek, EAJ eta CEUS koalizioaren zerrendaburu Oihane Agirregoitiak eta Aitana Agirre Gipuzkoako hautagaiak hartu dute hitza.

Ortuzarrek bat egin du «ultraeskuina geratzeko» konpromisoarekin. Horretaz gain, kontinentearen ekonomiari so egin dio. «Estatuen presiotik askatuko den Europa bat» aldarrikatu du. «Europa oparoa, Txina eta AEBrekin lehiatu ahal izango dena eta, ondoren, aberastasun hori erabiliko duena europar hiritarren artean ondo banatzeko».

Agirregoitiak, aldiz, bere ahutagaitzak ekonomia sozial eta solidarioa defendatzen duela adierazi du, «aukera berdintasuna bermatzera bideratuta, kalitatezko enpleguekin eta denontzako lan baldintza bidezkoekin».

«Elkarrizketa sozialaren, ekintzailetza sozialaren eta enpresa inklusiboaren ereduaren aldeko apustu irmoa egingo dugu europar eredu soziala indartzeko tresna gisa; ekonomia sozialari buruzko printzipioen aplikazioa ekintzailetzarako eta lanpostu iraunkorrak sortzeko tresna gisa; ekintza operatibo bihurtzea Donostiako Adierazpenean gizarte-ekonomiari buruz jasotako printzipioak; kooperatiben funtzio soziala aitortzea Batasunaren eskumen-politikaren barruan, eta estatu kideak animatzea kooperatibei sektore guztietan jarduteko aukera emango dien legeria onartzera», adierazi du hautagaiak.