INFO

Euskal Herriaren osasuna eta osotasuna Ziburun

Arrantzaleen itsasontziak portuan, itsas ainarak hegan Ziburuko plazan, kaio mokohoriak, antxetak. Hegazti hau da euskara hutsezko disko eta liburu azokaren irudia, eta euri artean hegan hasi bazuten ere eguna atzo, eguzkiaren indarrarekin amaitu zuten Lapurdiko kostako herri ttipian.

Atzo ospatu zen Ziburun liburu eta disko azokako irekitze ekitaldia, omendua izan zen Daniel Landart eta Arantxa Irigoienen eskutik. (Patxi BELTZAIZ)

Aurkezpen hitzak irekitze ekitaldian, omendua izan zen Daniel Landart eta Arantxa Irigoienen eskutik, antzerkiaren orainaz eta geroaz mintzo biak, errealitateari begi kritikoz begiratzeko parada, baikor baina aitzina egiteko tresna gehiago behar dela azpimarratuz. Haurrentzat ipuinak geroago, eta Pelaxen kontzertua garai bertsuan; beraz, goizetik landa ibili zen jendea liburu eta disko artean, baina batez ere bazkalostetik landa elkartu zen jende multzoa, plaza bete euskaraz.

Edizio indartsu bat, urtero gorantz egiten duen azokaren inguruan. Kontent ziren antolatzaileak, hala ikusi genuen heietarik bat, Adur Larrea: «Gure neurria da plazak ematen duena, momentuz behintzat, geroan ikusiko. Gure hasierako asmoa plaza betetzea zen, eta gure ahalmenen arabera horretan ari gara emeki-emeki, nahiz eta erran behar dudan biziki fite pasatu direla bost urte hauek». Edizio honetatik zer azpimarratu nahi zuten galdegin genion, «gero eta zailtasun gehiago dugu hautatzeko orduan. Produkzioa handitzen doalako disko eta liburuen diziplina guztietan, komiki zein eleberri, eta pena sortzen digu behar besteko denborarik ez eskaintzeak bakoitzari».

Euskal Herri osoko sorkuntzak aurkezten dira Ziburun: «Oraindik orain Hegoaldean egiten direnak gehiago dira, argitaletxe gehienak ere han baitaude, baina iparraldetik gero eta gehiago heldu dira, baita jendea ere, anitzek atxiki dute data hau buruan, eta lehen mezua eta abar hedatzen kosta egiten bazitzaigun ere, orain dena errazago da».

Urrunera doan bidea

Guri ere kosta egin zitzaigun sortzaileen elkarrizketak hautatzea, denak ezin ekarri ahal honat, eta herritarrei eman genien ahotsa. Han zebilen Bixintxo Bilbao, munduko txapeldun izandako pilotari ziburutarra: «Biziki giro polita atzematen da hemen. Lagun asko ditugu bertan eta gure amak (urte luzetan Ziburuko ikastolako irakaslea izan den Maialen Tapiak) egin ditu aurkezpen lanak. Egia esan, uste dut urte askotan irauteko heldu zela azoka hau, behintzat hala espero dut, eta baita gero eta indar gehiago hartuko duela ere».

Gotzon Garateren esaldia zuen azokak bosgarren edizioko ardatza ,«Euskara ala ezkara», eta plazako xapitoari itsatsia antolatzaileen banderola Sarrionandiaren esaldi ezagunarekin, «Euskara da gure territorio libre bakarra». Hizkuntzaren errealitateaz Ziburun, egoeraz galdetu genion pilotariari: «Gero eta frantses hiztun gehiago dago hemen, hori egia da, baina guri dagokigu eustea eta mintzatzea ere. Guk txikitatik egin dugu euskaraz, amatxi-aitatxirekin, gurasoekin, anaien artean ere bai. Ikastolan egon ginen, Ziburun, gero kolegioan Etxeparenean, lizeora arte. Eta, egia esan, plazer bat da dena euskara hutsez egitea, badago parada».

Azokan ikusle, erosle, babesle, zer den galdegin genion gero: «Hor ikusi ditugu liburu anitz euskaraz. Atzeman dut liburu zahar bat, nire neska-laguna Ortzaizekoa da, eta herri horretako Jean Baptiste Ortustan lexikografo eta euskalariaren lan bat hartu dut. Ameriketara joan den familia baten historia da, eta ikusten duzu 1600. urtetik etxe bakoitzaren izenak eta segida guztia dakarrela… Biziki liburu polita. Hori bai, hemen egun osoa pasatzeko aukera bada, bakoitzak baditu edozein arlotan irakurtzekoak, erosi ondotik noski. Dena dago hemen».

Baikorrak eta ezkorrak

Jean Louis Iratzoki azkaindar diseinatzaile ezaguna ere handik zebilen: «Lehen-lehenik Daniel Landart entzutera heldu naiz. Ez dut ongi ezagutzen, baina lagun batzuen bitartez bere ibilbideaz, bere lanez eta bere biziaz zerbait jakin nuen eta entzutera etorri naiz; noski, baita liburu batzuen erostera ere!».

Ezin galdegin gabe utzi azokari buruzko bere irudipena: «Ziburun, euskara hutsez… eremu txiki-txikia da agian, baina hori behar du, hori beharrezkoa da. Zabaldu behar litzateke euskara, legeztatu denentzat, inposatu. Daniel Landartek, adibidez, esan digu baikor dela euskara eta herriaren inguruan, berak garai desberdinak ezagutu ditu, XX. mendetik XXI.era pasatzen ikusi du, eta zailtasun anitzi aurre egiten, eta seguru salto batzuk egin direla. Beti baikor izan da bera. Baina ni ezkor naiz. Halere, horrek ez du erran nahi ez dela lan egin behar; eta mintzatu ere egin behar da. Ezkor naiz botere eskasa dugulako».