INFO

SNCFk bakegileei eskatzen dizkien kalte-ordainei buruzko auzia urriaren 7ra pausatu dute

Bake Bidea elkarteak jakitera eman duenez, Tarnosen trenbidea moztu zuten bakegileen aurka SNCF konpainiak eskaturiko kalte-ordainei buruzko auzia beste behin ere gibelatua izan da. Audientziaren data berria heldu den urriaren 7an ezarria izan da.

Bakegileek trenbidea moztu zuten, Tarnosen. (@bakegileak)

2022ko uztailaren 23an Bake Bideak eta Bakegileek bultzaturiko blokeo egunean izandako galerak estaltzeko kalte-ordainak eskatu zituen SNCF konpainiak Tarnos parean trenbidea moztu zuten bederatzi ekintzaileen aurka.

Prozedura ekainaren 3 honetarako finkatua zen. Alta, gaur arratsaldesan Bake Bideak baieztatu duenez, auzia urriaren 7ra pausatua izan da.

Oroitzearren, 2022ko uztailaren 23an kartzela zigor luzeak jaso zituzten euskal presoen egoera desblokeatzeko desobedientzia zibil ekimen zabala gauzatu zen Ipar Euskal Herrian.

Protesta horren baitan, Baionatik gertu, Tarnos inguruan, trenbidea moztu zuten bederatzi herritarrek. Pertsona horiek atxilotu eta Landetan komisariara eraman zituzten.

Horren ondotik, Akizeko auzitegian epaitu zituzten 2022ko abenduaren 14an. Sententzia 2023ko urtarrilean iritsi zen: epaitegiak isun sinbolikoa ezarri zien ekintzaileei.

Alta, airean geratu zen kalte-ordainen atala. Bederatzi euskal herritar horiei 168.000 euroko kalte-ordaina eskatu zien, hasieratik, SNCF konpainiak, hainbat tren zerbitzu bertan behera utzi behar izan zituenez bidaiariei sorturiko kaltea ordaintzeko.

Bakegileen aurkako auzietan argi geratu zen kalteak saihesteko lan eskema proposatu zutela antolatzaileek, hainbat eragilerekin –tartean Baionako Merkatzaritza eta Industria Ganbera– bilerak eta mezu trukaketa erraztu zituztela.

Alta, SNCF tren konpainiaren aldetik ez zutela erantzunik jaso baieztatu zuten epailearen aurrean.

Akordio batera iristeko ahaleginak

2023ko uztailean behar zen aztertu kalte-ordainei buruzko auzia, baina azarora atzeratu zen prozedura.

Horren ondotik, gibelatze berria heldu zen eta data berria jarri zen mahai gainean, akordioa erdiesteko, eta hori lortu ezean, auzia egiteko: 2024ko otsailaren 5a.

Eguna heldu zenenean «akordio edo auzi batentzat» data berria emana zela jakitera eman zuen Bake Bideak: 2024ko ekainaren 3a.

Finean, gibalatze berri bat gertatu da eta auziak data berria badu: urriaren 7a.