Aurreakordioa Gipuzkoako hondartzetako sorosleen hitzarmenean, %37rainoko soldata igoerekin
ELAk eta CCOOk aurreakordioa sinatu dute Gipuzkoako hondartzetako sorosleen hitzarmenean. Iragarri dutenez, %37,48rainoko soldata igoerak izango dituzte. Bost urterako indarraldia izango du, 2024tik 2028ra.
ELAk eta CCOOk aurreakordioa sinatu dute Gipuzkoako hondartzetako sorosleen hitzarmenean. Sektoreak duen lehen hitzarmena izango litzateke, eta %37,48rainoko soldata igoerak jasoko lituzke.
Ohar batean sindikatuok azaldu dutenez, hitzarmenak 2024-2028 arteko indarraldia izango du, eta Gipuzkoako titulartasun publikoko kirol instalazioen hitzarmenarekin lan baldintzak parekatzeko «aurrerapauso esanguratsuak» izango ditu.
«Besteak beste, soldatetan parekotasuna lortu da, zehazki, %37,48rainoko soldata igoerak izango dituzte sorosleek. Hurrengo urteetan %2,75ko igoerak izango dituzte. Horren ostean, urte horietan KPIak izan dituen igoerekin eguneratuko dira, erosteko ahalmena bermatu ahal izateko», adierazi du ELAk. Negoziazio mahaian %85,71eko ordezkaritza du sindikatuak.
Lanaldiari dagokionez, urtean 1.695 ordu lan egiten jarraituko dute, orain arte moduan. «Baina, hori horrela izanik, parekotasun erreala lortu da. Izan ere, lan orduko prezioa parekatuko da, kirol instalazioetakoen soldatak erreferentziatzat hartuta».
Bestalde, hitzarmen berriak ultraktibitatea arautzen duen klausula ere jasotzen du. «Horrela, hitzartutakoa betetzen dela ziurtatzen da, eta 2028an sinatzen ez bada, egungo hitzarmenaren aplikazioa ziurtatuta dago hurrengo urteetan», dio ELAk. Halaber, lehen eta bigarren urteko sorosleen arteko bereizketa kentzea lortu da eta lehen aldiz garraio plusa ere bermatzen da.
Sindikatuaren esanetan, «urrats garrantzitsuak egin dira sektorea erregularizatzeko, lehen hitzarmen propio bat sinatuta. Hala ere, ELAk lanean jarraituko du langile horien baldintzak hobetzeko, helburu guztiak lortzen jarraitzeko».
CCOOk gogora ekarri du azken urteotan Gipuzkoako hondartzetan hainbat greba izan direla, «langileen eta enpresen arteko desadostasunen ondorioz», baina, batez ere, «sektore horretako langileen lan baldintzak eta enpresa esleipendunek aurre egin beharreko betebeharrak arautuko lituzkeen sektoreko hitzarmenik ez dagoelako».
Gogoratu du Gipuzkoako hondartzak udalerri bakoitzak kudeatzen dituela, eta horiek enpresa pribatuei lizitatzen dietela kudeaketa.
«Sektoreko hitzarmen kolektiborik ez izateak erraztu egiten zuen hondartzetako langileen artean desberdintasunak sortzea, eta segurtasun gabezia juridikoko egoera bat sortzen zuen, sektoreko hitzarmen kolektibo bat sortzea eskatzen zuena. Gabezia horrek langileen aldarrikapenak sustatzen zituen, eta zerbitzu publiko hori beharrezko kalitatekoa ez izatea», nabarmendu du.