Zumaiako Mugimendu Feministako grebalariak: «Normalitatearen autobideak mozten segiko dugu»
Azaroaren 30eko greba feminista orokorrean errepide mozketa egiteagatik deklaratu behar izan dute Zumaiako Mugimendu Feministako bi kidek, baita mobilizazioen berri eman zuen hirugarren lagun batek ere. Hainbat pertsonak elkarretaratzea egin du Azpeitiko auzitegien aurrean babesa adierazteko.
Zumaiako hiru grebalari feministek Azpeitiko epaitegian deklaratu dute asteazken goiz honetan, eta dozenaka lagun elkartu da auzitegiaren aurrean haiei babesa adieraztera. ‘Barkatu eragozpenak, zaintza sistema eraldatzen ari gara’, lelodun pankarta erakutsi dute bertan.
Euskal Herriko mugimendu feministak zaintza sistema eraldatu dadila aldarrikatzeko antolatu zuen azaroaren 30eko greba feminista orokorra, eta Urola Kostako ekintzaileek AP-8 autobidearen Arroako (Zestoa) irteeran eserialdia eginez eta ibilgailuen trafikoa oztopatuz hasi zuten eguna. Bide mozketa egin bitartean Zumaiako mugimendu feministako bi kide identifikatu zituen Ertzaintzak, eta mobilizazioetara deitzen zuen informazio orria bidali zuen hirugarren lagun baten izena ere hartu zuen. Hirurek jaso zuten asteazken honetan Azpeitian deklaratzeko zitazioa «desobedientzia eta desordenak» leporatuta.
Goizeko 10.00etan sartu dira grebalariak auzitegira, bertan elkartu den dozenaka lagunen babesarekin. ‘Barkatu eragozpenak, zaintza sistema eraldatzen ari gara’ lelodun pankarta erakutsi dute elkarretaratzean, zaintza sistema publiko eta komunitarioaren aldeko borrokaren zilegitasuna berretsiz, eta prozesu judiziala bertan behera gera dadin galdegin dute. «Normalitatearen autobideak mozten segiko dugu, zaintza sistema publikoaren eta denon bizitzen alde», adierazi du Zumaiako Mugimendu Feministak X sare sozialean.
Auziperatuetako batek, Maddi Gallastegik, NAIZ Irratiari egindako adierazpenetan, babes hori eskertu du. «Hainbeste txalo eta kamara artean lotsatu ere egin gara, baina oso eskertuta gaude. Horrek indarra ematen du aurrera egin eta lanean jarraitzeko».
Hiru grebalari feministak Azpeitiko epaitegian deklaratu dute gaur, A30eko protestengatik desordena publikoa egotzita.
— Zumaiako Mugimendu Feminista (@ZumaiaFeminista) June 5, 2024
Normalitatearen autobideak mozten segiko dugu, zaintza sistema publikoaren eta denon bizitzen alde.
Barkatu eragozpenak: BIZITZA POLITIZATZEN ARI GARA! pic.twitter.com/bthP1KjybX
Epaiketak aurrera jarraituko balu, sei hilabete eta hiru urte bitarteko espetxe zigorra jasotzeko arriskuan lirateke grebalari feministak, desordena publikoa egotzita.
Gallastegiren hitzetan, ekintza hark «argi erakutsi zuen sukalde lanetik harago, etxeko lanetik harago, asanbladetan parte hartu eta dinamizatzeaz gain, lehen lerroa hartzeko prest gaudela eta gure bizitzen inguruko erabakiak guk geuk hartu nahi ditugula eta hartuko ditugula». Horregatik, aldarri horietan berresten direla nabarmendu du, «gobernatza eredu berriak eratzearen alde eta zaintza sistema komunitarioa garatzeko».
Sindikatuen babesa
LAB eta ELA sindikatuek babesa adierazi diete Zumaiako Mugimendu Feministako kideei. ELAk grebalarien aldeko «elkartasun» deia zabaldu du, eta LABek sare sozialetan adierazi duenez, ez du onartuko «zaintza sistema eraldatzeko borrokan dihardutenekiko jazarpenik».
Deklaratzera deituak izan diren kideei babesa erakusteko elkarretaratzea egin dugu goizean Azpeitian, eta argi utzi dugu zaintza sistema eraldatzeko borrokan dihardutenekiko jazarpenik ez dugula onartuko#DenonBizitzakErdigunean https://t.co/xdBHzL0tuS pic.twitter.com/xM77qIRHDL
— LAB SINDIKATUA (@LABsindikatua) June 5, 2024