INFO

Mugikortasun jasangarriaren aldeko urratsak Galdakaon

Galdakao 25.000 hiritar inguru dituen herria da eta autoak pisu handia izaten jarraitzen du. CO2 isuriak gutxitzeko eta kale atsegin eta irisgarriagoak lortzeko, Udalak herri barruko mugimenduak oinez, bizikletaz edo garraio publikoan egitea sustatu nahi du, Metroa herrira iritsiko dela baliatuz.

Galdakako herri autobus zerbitzua, Galdabusa. (GALDAKAOKO UDALA)

Galdakaoko Udala mugitzeko ohiturak aldatzeko oinarriak jartzen ari da. Metroa iristen den unerako, prest egon behar du herriak. Horretarako, kaleak oinezkoentzako egokitu behar dira, Metroak autoaren erabilera murriztuko duela aurreikusten baita.

Mugikortasuna birpentsatzeko Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana prestatu zen, eta bertan zenbait helburu finkatu ziren oinezkoei eta bizikletei erraztasunak emateko eta garraio publikoa bultzatzeko.

Plan horretatik abiatuta, azken urteetan oinez ibiltzea bultzatzeko eta kale irisgarriagoak egiteko hainbat proiektu garatzen ari da Galdakaoko Udala. Horien artean aipagarriak dira, alde batetik, Aperribain eta Urreta Tximelarren irisgarritasun arazoak arintzeko egin diren igogailuak, eta Pontzi Zabalan egindako arrapala mekanikoak. Udal arduradunek nabarmendu dutenez, «oinez ibiltzea sustatzeko, erraztu egin behar zaio bidea herritarrari».

Aperribai auzo malkartsuan aurreikusitako bost igogailuetatik hiru dagoeneko martxan jarri dira azken lau urteetan, hiru milioi euroko aurrekontuarekin, eta Urretatik Tximelarrera doan igogailua ere erabilgarri dago. Azpiegitura horrek herriko zerbitzuak gerturatuko dizkie Tximelarreko auzokideei eta errazago izango dute anbulategira, Urretako kiroldegira edo erosketetara joatea. Pontzi Zabala kalean, bestalde, bi norabide dituen arrapala mekaniko estalia eraiki da.

Bestetik, Galdakaoko hainbat kaletan ibiltzeea erosoagoa eta seguruagoa izan dadin, hainbat urbanizazio lan burutu dira Muguru parke inguruan eta Lapurdi kalean. Egindako lanen artean, honako hauek dira nabarmenenak: oztopo arkitektonikoak ezabatzea, espaloiak handitzea, zenbait kale zati oinezkoentzako bihurtzea, autoen abiadura mugatzea eta argiteria, seinalektika eta hiri altzari berriak instalatzea. Udalaren irirtziz, lan hauek guztiak, herritarrentzat ez ezik, tokiko merkataritza zein ostalaritzarako ere onuragarriak izango dira.

Zuhatzu ingurua ere atsegin eta bizigarriagoa egiteko hainbat lan egiten ari da Udala: biribilgune berri bat egin da eta lotura-zubi bat eraikitzen hasi da, URAK ibaia berbideratzeko lanak bukatu dituela baliatuz. Zubi berriak herri erdigunea eta Zuhatzu auzoa lotzen dituen Txomin Egileor kalean aldaketak egiteko aukera zabalduko du: ondoan dagoen trenbideraino bizikletentzako bidea jarriko da eta espaloiak zabalduko dira ibai ertzaren parean berreskuratu den pasealekuarekin lotzeko. Aipatzekoa da Ibaizabal ingurua berreskuratzeko egitasmoa herritarrek aukeratu zutela 2022an Udalak abian jarri zuen parte hartze prozesuan.

HERRI AUTOBUS ZERBITZUA

Mugikortasun jasangarria lortzeko helburuarekin, bestalde, Galdakaoko Udalak lehen herri autobusa jarri zuen martxan 2023an, Galdabusa izenarekin. Bi linea zabaldu dira, Aperribai eta Udaletxea lotzen dituen 1 linea, eta Zuhatzu eta Elexalde lotzen dituen 2 linea.

Autobusa %100 elektrikoa da eta hiru helburu nagusi ditu: auzoen arteko komunikazio eta kohesioa hobetzea; herritarrak zerbitzuetara hurbiltzea; autoen erabilera murriztea; eta ingurumenari egiten zaion kaltea gutxitzea.

Ikasturte honen hasieran, zerbitzuak moldaketa batzuk izan zituen ikasleen beharretara hobeto egokitzeko, eta urtean zehar zenbait zerbitzu berezi eskaini ditu, esaterako, Domu Santu egunean hilerrira joateko. Gainera, zerbitzua beste bi auzotara zabaldu berri du, Olabarri eta Bekeako herritarrentzat.

Aurten, gainera, zerbitzua merkatzeko aukerak baliatuta, Creditrans Barik txartelarekin ordaindutako bidaia arruntaren prezioa erdira murriztu zuen martxoan, urtebeterako. 0,30 euroko prezioa du bidaia arruntak.