INFO

Bizkaiko emakume ekintzaileak eta Milangoak, elkarrekin ikasten

EmakumeEkin elkarteak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak antolatutako INNPower jardunaldiak seigarren edizioa du aurten. Astelehen honetan hasi eta asteartean bukatuko den ekitaldira Milango hiru enpresaburu erreferente gonbidatu dituzte.

Emakume ekintzaileak, INNPower jardunaldiaren lehen egunean, Bilbon. (EmakumeEkin)

INNPower jardunaldiak urteroko hitzordu finkatua dira berrikuntzarako gaitasunak landu nahi dituzten Bizkaiko emakume ekintzaileentzat. 200 emakumek baino gehiagok hartu dute parte orain arte, Amsterdam, Helsinki, Auckland, Dublin eta Berlin erreferentziazko hiritzat hartuta. Seigarren edizio honetan, Milanekin eraiki dute zubia, «berrikuntzarako, birmoldaketarako eta erresilientziarako gaitasun handia» erakutsi duela aintzat hartuta.

Jardunaldiak astelehen honetan hasi dira Bilboko B Acelerator Tower - BATen, ‘Zure negozioa birdiseinatu, zure trebetasunak berrerabili’ izenburupean. Izaskun Rama EmakumeEkineko presidenteak inaugurazioan azpimarratu duenez, negozioaren egitura eta estrategia berrikustea eta egokitzea ezinbestekoa da ingurune aldakor honetan. Hori dela eta ardatz moduan ezarri dute Bizkaiko ekintzaileekin lan egitea.

Bestalde, Isabel Sarrionandia Foru Aldundiko Enpresak Sustatzeko zerbitzuburuak erantsi duenez, aurten 4,5 milioi euro bideratu dituzte enpresa proiektu berriak sortzera.

Erreferenteen hitzaldi eta tailerrak Sarreraren ostean, hiru gonbidatu milandarrek hartu dute hitza: Letizia Olivari kazetari eta harreman publikoetan adituak, Francesca Gammicchia enpresa coachak, eta Elisabetta Carosio antzerki zuzendari eta irakasleak. Beren ibilbidean berrasmatzen jakin dute, eta orain negozio arrakastatsuen buru dira.

Olivarik bezeroekin harreman esanguratsuak lantzeko estrategia eta teknika praktikoak aztertu ditu; Gammicchiak, ekintzailetza pentsamoldea lantzeko eta negozioak berriz diseinatzeko hainbat tresna aurkeztu ditu; eta, azkenik, Carosiok emakume ekintzaileen oreka entrenatzeko antzerki-tailer bat eman du.

INNPower Milan-Bizkaiak erabat praktikoa izango den lantegi batekin jarraituko du asteartean. Bertan, emakume ekintzaileek hainbat ibilbide landuko dituzte euren negozioak nahi duten norabidetik bideratzeko. Ondotik, Itziar Zubizarreta Hormaechek, foru erakundeko Enpresak Sustatzeko zerbitzukoak, ondorioak azalduko ditu eta amaiera emango dio seigarren edizio honi.

EmakumeEkin genero ikuspegiarekin lan egiten duen emakume ekintzaileen elkartea da, eta 140 emakumezko enpresaburu baino gehiago ditu bazkide Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, %99 bere negozioaren sortzaileak. Elkarteak 11 urte ditu eta emakume ekintzaileen ahalduntzea eta sareak ahalbidetu nahi ditu. Horretarako, ekitaldiak, prestakuntza ibilbideak eta ekintza berritzaileak antolatzen ditu.