INFO

Gernikako Dalia fabrika zaharra eraisteko lanak hasi direla salatu dute

Guggenheim Urdaibai Stop plataformak baieztatu duenez, dagoeneko hasita daude Gernikako Dalia fabrika zaharra eraisteko lanak. Hain justu ere, Guggenheim Urdaibai proiektuak barne hartzen dituen bi egoitzetako bat jartzeko baliatuko dute lursail hori.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Ostegun goiz honetan Guggenheim Urdaibai Stop plataformak baieztatu duenez, dagoeneko hasita daude Gernikako Dalia fabrika zaharra eraisteko lanak. NAIZi helarazitako bideo batzuetan ikus daitekeenez, hondeamakina batzuk lanean ari dira bertan. 2023ko maiatzean sinatu zen Dalia eraisteko lizentzia, nahiz eta orain arte ez den mugimendurik egon.

Hain justu ere, Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioak eta Bizkaiko Aldundiko agintariek toki horixe aukeratu dute Guggenheim Urdaibai proiektuak barne hartzen dituen bi egoitzetako bat jartzeko. Bestea, Muruetako ontziolaren lursailean kokatuko da.

1957an eraiki zuten, Luis María de Gana arkitekto bilbotarraren proiektuan oinarrituta, gerora, hainbat handitze egin bazitzaizkion ere. XX. mendeko 70eko hamarkadan, Dalia S.A. enpresa Europako mahai-tresnen fabrika handienetako bat izan zen. Distiratik itxierara igaro zen, sektoreak 80ko hamarkadan izan zuen krisiarekin.

Dalia fabrika zaharra, Gernikan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Bizkaiko Foru Aldundiak urteak daramatza esaten fabrika zaharra «hondamen industriala» dela. Bestalde, Industria Ondarearen Euskal Elkarteak ukatu egiten du hori, eta ziurtatzen du Dalia ondarea dela eta kulturalki berrerabilgarria dela. «Bost kontinenteetan asko dira erakusketa- eta arte-espazio bihurtutako industria-eraikinen adibideak», argudiatu du elkarteak eraikinaren suntsipena salatuz.