INFO

Guka! aurkeztu dute, Bilbon eragiteko euskaltzaleen «plaza askea»

Guka! Bilboko euskaltzaleen «plaza askearen» aurkezpen ekitaldia egin dute: «Bilbon euskaraz bizitzeko aukera erreal bilakatzera goaz, gero eta bilbotar gehiagok euskaraz egiteko hautua egin dezaten».

Guka! euskaltzaleen «plaza askearen» aurkezpena, ostegun arratsaldean Bilbon. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Bilboko hainbat herri mugimendutako eta eragileetako euskaltzale aktibistak osatutako Guka! mugimendua aurkeztu dute ostegun arratsalde honetan Erripako Kaian.

«Sakabanatuta eta leku askotan lanean ibili garen euskalgintzako kideok, orain bat gara! Askok eta askok osatzen dugun ‘Gu’ oso bat gara, urte luzeetan Bilboko ehunka euskaltzalek egindako Ian ikaragarriaren ondorio eta ondorengo. Denok elkarrekin, eskuz esku, euskalgintzan Bilbon behar dugun prozesua irudikatu eta gaur egungo jendarteak dituen erronkei aurre egiteko prest gara. Egiteko, eragiteko eta eginarazteko sortu gara. Gu oso batek egiteko, jendartean eragiteko eta ardura dutenei eginarazteko», adierazi dute agerraldian.

Izan ere, urte luzez euskararen normalizazioan lan egindakoak zein arnas berria dakarten taldeek parte hartu dute: Bira espazioa, Berbaizu euskara elkartea, Zenbat Gara elkartea, auzoetako euskara taldeak, Bilboko euskaltegiak, jaietako eragileak, haur eta gazteen aisialdi taldeak, mugimendu sozialetako aktibistak eta, horrez gain, nazio mailako zein tokian tokiko proiektu komunikatiboetako kideak eta Euskalgintza nazionaleko kideak ere bai.

Euskararen aurkako «ofentsiba ideologiko, politiko eta juridiko bete-betean» gauden honetan, Bilbon «zapaldu, bazterreko zein bigarren mailako hiztun» izateari utzi nahi diote mugimendu honetako kideek.

«Bilbon euskaraz bizitzeko aukera erreal bilakatzera goaz, gero eta bilbotar gehiagok euskaraz egiteko hautua egin dezaten. Ez gaitzala minorizazioak etsi. Baditugu gutxitze egoerari aurre egiteko bideak. Komunitate gisa hedatu, sendotu eta ahaldundu behar dugu», nabarmendu dute.