INFO

Unibertsitatera sartzeko ebaluazioa EHUn eta NUPen egin dutenen %98k gainditu du

Hego Euskal Herrian unibertsitatera sartzeko ebaluazioko sarbide fasera aurkeztu diren ikasle gehienek gainditu egin dute: EHUn %97,98k eta NUPen %97,93k.

Donostiako campusean azterketak egiten. (Jon URBE | FOKU)

Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) unibertsitatera sartzeko ebaluazioko sarbide fasera aurkeztu diren Batxilergoko 12.073 ikasleetatik 11.829k gainditu dute, hau da, %97,98k, iazko portzentajea %98,07 izan zen bitartean, EHUk emandako lehenengo datuen arabera.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak asteazkenean eman zituen ezagutzera datuak. Bertan izena eman dutenen %97,93ak gainditu du, ia kopuru bera. Kasu honetan 3.468 ikaslek egin dute proba, eta hauetatik 55ek baino ez dute porrot egin.

Unibertsitatera sartzeko ebaluazioak bi fase ditu, EHUk gogora ekarri duenez: sarbide fasea, unibertsitateko gradu ofizialak ikasi ahal izateko Batxilergoko ikasleek gainditu behar dutena, eta onarpen fasea, borondatezkoa, sarbide fasean lortutako kalifikazioa hobetzeko balio duena.

Ikasleek kalifikazioak kontsulta ditzakete ostegun honetatik ‘SARBIDEA’ aplikazioaren bitartez, EHUri dagokionez. Edonola ere, datuak behin-behinekoak dira, berrikusketaren ebazpenaren aurretikoak; berrikusketa ostiralean eta datozen astelehenean eta asteartean eskatu ahalko da. Behin betiko emaitzak ekainaren 25ean argitaratuko dira.

Azkenik, unibertsitatera sartzeko ebaluazioaren ezohiko deialdia uztailaren 3, 4 eta 5ean izango da, eta aurkeztu nahi dutenek matrikula egin beharko dute ekainaren 20tik 25era arte.