Zuhaitz Errasti aske utzi dute, ostegunean mugan atxilotu ondoren
Zuhaitz Errasti preso ohia atxilotu du frantses Poliziak mugan eta gaua komisaldegian pasa ondoren aske da. Aretxabaletarra aske geratu zen 2017ko urriaren 27an, frantses estatuan zortzi urteko espetxealdia bete ostean espainaratua izan eta gero. Aiherran bizi da.
Aiherran bizi den Zuhaitz Errasti preso ohia aske gelditu da ostiral honetan goizean, ostegunean mugan atxilotua izan ostean.
Fantses Estatuan zortzi urteko espetxealdia bete ondoren espainaratu zuten aretxabaletarra Angeluko komisaldegira eraman zuten.
Hamarnaka lagun bildu dira 20.00etan Angeluko Jendarmeria aitzinean antolaturiko elkarretaratzean haren askatasuna eskatzeko.
Beste hainbeste egin du Euskal Herria Baik. X sare sozialaren bidez alderdiak Errastiren atxiloketa salatu du, berehala libre uztea exijituz.
Aipaturiko alderdiak adierazi duenez, «Euskal Herrian aske eta libreki bizitzeko eskubidea dugu. Horrelako gertakariak, Frantses estatuaren eskema zaharretara eramaten gaitu».
2017an libre gelditu zen espainaratua izan ondoren
2017ko urriaren 27an epaitu zuten espainiar Auzitegi Nazionalean Zuhaitz Errasti euskal presoa.
Aste bat lehenago, frantziar Estatuan ezarri zioten zigorra bete ostean espainiar Poliziaren esku utzi zuten frantses agintariek.
Madrilgo Auzitegi Nazionalean iragan zen epaiketan urtebeteko zigor eskaera egin zion Fiskaltzak. Sententziaren zain aske geratu zen egun berean.
Mont-de-Marsanera hurbildu zuten
2017an euskal delegaritza batek frantses Justizia Ministerioarekin abian eman zuen elkarrizketaren prozesuaren ondorioz ETA erakundearekin loturiko auzietan zigortutako euskal preso gehienak Mont-de-Marsan eta Lannemezango espetxetara lekualdatu zituzten.
Tarasconeko espetxean, Euskal Herritik 750 kilometrora, bere zigorra betetzen zuen Zuhaitz Errastik hurbilketa prozesu hori ezagutu zuen. Are, ofizialki, prozesu horren baitan Mont-de-Marsanera heldu zen lehen euskal presoa izan zen: 2017ko abuztuaren 8an lekualdatu zuten.
Frantziar Estatuko administrazio auzitegi batek lehen aldiz euskal preso baten hurbilketa eskaera onartu ondoren, Mont-de-Marsanera eraman zuten aretxabaletarra frantses Estatuan ezarritako zigorra amaitzear zuela. Handik pare bat hilabetetara espainaratu zuten.