INFO

Euskara mugagabea dela aldarrikatuko dute Olarizuko zelaietan

Arabak euskara eta euskarak Araba behar du. Elkarrenganako lotura hori estutzen jarraitzeko xedez dator Araba Euskaraz, aurten ere herrialdeko zortzi ikastolek Olarizun antolatuta, oraingoan “Mugaezin” leloarekin. Lortutako etekinak Oiongo San Bizente ikastola laguntzera bideratuko dituzte.

Arabako ikastoletako ikasleen Erronkak ere Olarizun egingo dira. Irudian, iazko lehiaketa. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Oraingoan ere Euskal Herri osotik etorritako milaka euskaltzale bilduko dira Olarizuko landa eremuan Araba euskalduna dela ozen adierazteko eta ikastolek euskara eta euskal kulturaren alde egiten duten lana aldarrikatzeko.

Ekitaldian lortutako etekin ekonomikoa Oiongo San Bizente ikastola laguntzera bideratuko dutela iragarri dute antolatzaileek. Eskola horretako hezkuntza proiektua ezagutzera ematearekin batera, Oionen eta Arabar Errioxan euskararen erabilera aldarrikatzeko eta bultzatzeko eta erabilera eremuak zabaltzeko baliatuko dute. “Mugaezin” da, hain zuzen, aurtengo leloa, «mugarik gabe eta mugaezin irudikatzen dugulako gure hizkuntza».

Herria eta hizkuntza loturik dauden gisara, Arabako ikastolen arteko batasuna ere estua da. Eta hori garbi geratu da igande honetako hitzordua prestatzeko tenorean ere. Izan ere, aurtengo edizioa euskal lurralde horretako zortzi ikastolen artean antolatu dute, elkarlana eta auzolana ardatz izanik une oro.

Hala, azken bi edizioetan izandako dinamikari jarraipena eman nahi izan diote. Festaren prestaketa lanak zortzi ikastola horietan sortutako batzordeen artean banatu dituzte, eta bakoitzak zeregin ezberdinak hartu ditu bere gain; esaterako, material salmenta, Tanta txartelen salmenta, babesle, laguntzaileen eta publizitatearen bilaketa, segurtasun aurreikuspen lanak, urte osoko ekimenen antolaketa, eguneko egitarauaren taxuketa, muntaketa lanen aurreikuspena, eta abar.

Izan ere, antolatzaileen arabera, ezinbestekoa da pertsona, talde eta erakunde ezberdinen ekarpen boluntario eta solidarioa horrelako festa handi bat gauzatu ahal izateko: «Guztion lana, guztion konpromisoa, ikastolen mugimenduarekiko, Arabarekiko, euskararekiko eta euskal kulturarekiko. Guztion lana eta esfortzua, ikastolen proiektuak aurrera ateratzeko».

URTE OSOKO OSPAKIZUNA

Era berean, azpimarratu dutenez, igande honetakoa urte osoan egindako lan, ekimen eta ospakizunei jarritako ginga besterik ez da. Hortaz, argi adierazi nahi izan dute Araba Euskaraz ez dela soilik egun bakar bateko ekitaldia, urte osoan garatutako ekintza multzoa baizik. Hala, Araba Euskaraz eguna baino, Araba Euskaraz urtea esatea hobesten dute antolatzaileek.

Ildo horretatik, hainbat eta hainbat izan dira han eta hemen eta ikasturte guztian zehar egindako ekimenak. Aipagarriak izan dira, besteak beste, iragan urtarrilean zein maiatzean Gasteizko Europa Biltzar Jauregian eta Amurrioko Antzokian, hurrenez hurren, ospatutako Go!azen-en kontzertuak eta martxoan Oionen Porrotx eta Marimototsek eskainitako emanaldia.

Baina ez hori bakarrik, Araban zesta-punta sustatzen jarraitzeko asmoz, Araba Euskarazek, Arabako Euskal Pilota Elkartearekin eta Gasteiz Jai Alai klubarekin kolaboratuz, aurtengo zesta-punta profesionaleko zirkuiturako txapelketa puntuagarria antolatu du iragan apirilean zehar, eta esan beharra dago harrera bikaina izan duela publikoaren partetik. Beraz, etxeko lanak eginda eta motorrak ederki berotuta heldu dira igande honetako hitzordura, eta adin orori zuzendutako ikuskizun, tailer eta jolasak prestatu dituzte haur, nerabe eta gazteek familian gozatu ahal izateko, egitarau ezin aproposagoarekin.

LAUTADA, MENDIA, ERREKA

Euskara eta euskal kulturaz gozatu ahal izateko hiru gune eta makina bat ekimen prestatu dituzte antolatzaileek Olarizuko landa eremuan. Lehen guneari Lautada izena eman diote, eta bertan, Armentia ikastolaren eskutik, Go!azen, Mugaezin Txoua! karaokea, plaza-dantzak eta Zumba izango dira. Era berean, tailer eta jolasei dagokienez, Berriaren Txokoa, Argitxoren Txokoa, Eroski Elikadura Tailerra eta Makusi gunea dira nabarmentzekoak.

Mendia izeneko gunea, aldiz, euskal dantzen agertokia izango da, baina horrez gainera, Arabako Bertsolari Elkarteak Bertsotan izeneko saioa egingo du eta Miroltz, Akerbeltz eta Eh, Mertxe!, taldeen kontzertuak ere izango dira. Era berean, tailerrak eta jolasak izango dira; horien artean, Haur Basoa eta Kaikuren Abestu, Dantzatu eta Sortu tailerra.

Azken gunean, hau da, Erreka gunean ere egongo da zerekin gozatu; bertan izango dira, besteak beste, Maria Arandiaren Magia eta Mirariak Familian ikuskizuna eta Ibil Bedi, Janus Lester, Burutik eta DJ Malandroren kontzertuak, eta baita bizikleta kukaña eta Euskaltelen puzgarriak ere.

Egun osoan, eta gune batetik bestera, gaiteroak, Gasteiz Kantuz, Arai erraldoien konpartsa eta Alt Maresmeko Castellers-ak ibiliko dira.

Eta Arabako ikastoletako ikasleen Erronkak ere Olarizun egingo dira: Lehen Hezkuntzako ikasleak Mendia gunean arituko dira lehia sanoan, eta DBHkoak, berriz, gune guztietan.

Olarizutik kanpo, Adurtza pilotalekuan, Arabako Herri Arteko Euskal Pilota txapelketako finalak jokatuko dira.

Oiongo ikastolako haurrak, 2015ean ateratako argazkian. (Juanan RUIZ | FOKU)
 

Mende erdiz Arabako Errioxa euskaldunduz

Gaur egun erabat erroturik eta finkaturik dagoen San Bizente ikastolaren lehen hazia iragan mendearen azken laurdenean hasi zen ernaltzen, 1976an, hain justu ere. Urte hartan Oiongo eta Arabako Errioxako guraso talde bat aurretiaz galduriko euskara eta euskal sustraiak berreskuratzeko ahalegin betean murgildu zen eta ikastolaren proiektua garatzeari ekin zion buru-belarri.

Garai zail eta korapilatsuak izanda ere, ekinaren ekinaz lortu zuten ikastola martxan jartzea. Hastapenean, 11 ikasle soilik eskolatu ziren, baina kopuru hori etengabe hazi zen ondorengo urteetan. Hala, 1987ko ikasturtean 135 ikasle hartu zituen ikastolak. Gaur egun, orotara, 0-16 urte bitarteko 304 ikaslek eta 32 irakaslek dihardute Oiongo ikastolan.

Esan beharra dago San Bizente ikastola gurasoen kooperatiba dela eta guztiaren gainetik helburu zehatz bat daukala, hots, bazkideen seme-alaben eta senideen euskarazko irakaskuntza eta hezkuntza sustatzea eskualdeko beharren araberako mailetan eta modalitateetan. Aipatzekoa da, bestalde, Errioxan bizi diren hainbat familiatako neska-mutikoak Oionera joaten direla, bertako ikastolan D ereduan, euskaraz, hezi ahal izateko.

Ikastolaren sorreratik gaurdaino, San Bizente ikastolak garai bakoitzera egokitutako oinarri pedagogiko eta metodologikoak ezarri izan ditu. Egun proiektu sendo baten oinarriak garatuak ditu, eta horiek dira, besteak beste, hezkuntza ikuspegi konstruktibista, hiru eleduna, bizikidetza, integrazioaren pedagogia, ikasle guztientzako orientazioa eta aniztasunarekiko arreta. Oinarriak finkatuta eta eskarmentua lagun, etorkizun oparoa aurreikus dakioke Oiongo San Bizente ikastolari.