INFO

‘Lost Country’: Stefan eta bere gatazka

‘LOST COUNTRY’ (‘LA PATRIA PERDIDA’)
Serbiako Errepublika. 2023. 98’. Zuzendaria:
Vladimir Perišić. Gidoia: Vladimir Perisic, Alice Winocour. Aktoreak: Jovan Ginic, Jasna Djuricic, Pavle Cemerikic.
Ekoizleak: Omar El Kadi, Janja Kralj, Vladimir Perišić. Musika: Alen eta Nenad Sinkauz.

Stefan semea eta Marklena ama, filmeko une batean. (Press Kit)

Vladimir Perišić zinemagilearen bigarren film luzea da eta elementu autobiografikoak ditu. 2009. urteko ‘Ordinary People’ filmean egin zuen moduan, film berri honetan ere Serbiako gizartearen indarkeria aztertzen eta diagnostikatzen saiatzen da zuzendaria.

Grabaketa lan guztiak Belgraden egin ziren, hiriaren erdigunean dagoen Vladislav Ribnikar eskolan barne. Filmaketa amaitu eta bi hilabetera, tiroketa bat izan zen eskola honetan bertan, 13 urteko gazte batek 10 klasekide hil zituen aitaren arma erabiliz.

Kontakikzun honetan 1996. urteko Serbiara garamatza egileak. 15 urteko Stefan –Jovan Ginic aktore gaztearen debuta- bere adinari dagokion ohiko kezkez arduratzen den gaztea izan arren, bereziki bere ama Marklenaz kezkatzen da; semea bakarrik hazten du eta ordu asko igarotzen ditu lanean. 

Milosevic-en erregimenaren aurkako ikasleen manifestazioen testuinguruan, Stefanek bere barne iraultza propioari aurre egin beharko dio: ama boterean dagoen alderdiaren bozeramailea da, gertatzen ari diren sarraski horien konplizea. Mutikoaren kontzientzia politikoa eta amarekiko sentitzen duen maitasuna aurrez aurre jarriko dira. Gainera, ikasleen protestak areagotuz doaz eta poliziak bortizki erantzuten die.

Testuinguru honetan, eta Alice Winocour frantziarrarekin batera, zuzendari serbiarrak, Stefan eta bere gatazka erdigunean kokatzen duen gidoia osatu du, eta zer egin ez jakiteak sortzen duen etsipenaren inguruan hausnartu du.

Europan geroz eta ohikoagoak dira koprodukzioak, batez ere baliabide xumeagoak dituzten ekoizpenak aurrera eramateko; lan hau horren adibide da, filma Serbiarra den arren, Serbia, Estatu frantsesa, Kroazia, Luxenburgo eta Katar-en arteko elkarlana da.