INFO

Transfusio eta Giza Ehunen Zentroak 100.000 odol-emate nahi ditu autosufizientzia lortzeko

Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan lanean. (Irekia)

Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak urtero 100.000 odol-emate lortu behar ditu gutxienez autosufizientzia lortzeko, 70.000 odol-emate arrunt eta ia 30.000 plasma-emate, hain zuzen ere. Zentroak kudeatzen eta koordinatzen du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako odola eta hemoderibatuak emateri eta transfusioei lotutako guztia, eta bere helburua da euskal osasun sistemak berak lortzea behar duen hornidura osoa.

Bada, ostiral honetan ospatzen den Odol-emailearen Nazioarteko Egunaren harira Osakidetzatik jakinarazi dutenez, helburu hori lortzeko, egunean 400 dohaintza baino gehiago behar dira. Gainera, kontuan izan behar da urtean 8.000 emaile berri behar direla egungo emate kopuruari eusteko.

Ildo horretan, gogorarazi dute udako hilabeteek garrantzi berezia hartzen dute odol-emateen eremuan, batetik, emate kopuruak behera egiten duelako, eta bestetik, udan trafiko istripuak ugaritu egoten direlako. Hortaz, hemoderibatuen premiak gora egiten du urteko sasoi honetan.

Emate guztiak jasotzeko hamar unitate mugikor baliatzen dira, eta EAEko osoan ibiltzen dira, herriz herri eta hirigunez hirigune. Gainera, hiru lurralde historikoetako odol-emateak jasotzeko gune finkoak ere badaude. Estrategiaren elementu nagusietako bat da emaileei aldizka odola ematera joateko deiak bidaltzeko programazio bat dagoela zabaltzea, eta Osakidetzak elementu hori indartzen du udan, odolaren eta hemoderibatuen stockak betetzeko eta udako sasoiari lasaitasun pixka batekin aurre egin ahal izateko.

Plasma ematea egungo eta etorkizuneko lehentasun estrategikotzat jotzen da Osakidetzan, donazioen eremuan. Donazio horiek errazteko, duela gutxi odol-emaileen aplikazio mugikorra berritu da, eta atal berri bat ezarri da emaileek plasma emateko gunean hitzordua erreserbatu ahal izateko.

Odol-plasmak gero eta protagonismo handiagoa lortu du osasun arloan, ezaugarri bereziak eta aplikazio terapeutiko ugari dituelako. Horrela, medikuek gero eta gehiago agintzen dituzte tratamenduetan covid-19aren pandemiaren ondoren, bereziki. Gainera, Europako osasun sistemen konpromiso bat dago, odolaren osagai horren erreserbei dagokienez estrategikoki buruaskiak izateko beharraren inguruan.

Ematen den odolari eta odol-plasmari esker, urtean milaka bizitza salba daitezke. Gainera, heriotza eragin dezaketen gaixotasunak dituzten pazienteak gehiago eta bizi kalitate hobearekin bizi daitezela lortzen da eta EAEko osasun sistemako pazienteei ebakuntza mediko eta kirurgiko konplexuak egitea ahalbidetzen da.