Euskaldunak nagusi espainiarren artean: hirukoa Arraun Lagunak eta Bermeorentzat
Donostiako Arraun Lagunak trainerua, emakumezkoetan, eta Bermeo Urdaibai, gizonezkoetan, Espainiako txapeldun suertatu dira igande honetan Donostiako uretan. Biek hirukoa sinatu dute, Gipuzkoako eta Bizkaiko eta Euskadiko txapeldun ere baitira.
Sekulako denboraldi hasiera sinatzen ari dira Arraun Lagunak, emakumezkoetan, eta Bermeo Urdaibai, gizonezkoetan. Igande honetan, Donostiako uretan –Kontxako badian–, Espainiako txapeldun bihurtu dira bi traineruak, hirukoa osatuz. Hau da, Gipuzkoako eta Bizkaiko eta Euskadiko banderak ere badituzte, eta gaurkoan hirugarrena gehitu dute.
Itsasoa ez zegoen denbora onak egiteko moduan, baina bikain defendatu dute euren estatusa eta 1992az geroztik hemen ospatzen ez zen beste bandera bat astindu ahal izan dute. Espainiako Txapelketa ekainera aurreratzea aurrerapauso bat izan da arraunarentzat, euskaldun gehiagok parte hartu ahal izan baitute eta maila handitu.
Emakumezkoen B Finala ez da jokatu. Miren Garmendia Hondarribiko patroiak etxean istripu txiki bat izan du eta bere traineruak ez du parte hartu, estropada hau bertan behera geratuz. A Finalean, Arraun Lagunakek ez du inongo aukera eman beste hiru ontziei garaipena erdiesteko.
Estropada hasieran, nolabait esatearren, eguneko lehen polemikatxoa gertatu da. Epaileak Astillero bidali du estriborrera hirugarren kaletik ari zen Arraun Lagunaki gerturatzen ari zitzaiolako, eta gauza bera egin du Donostiarrarekin, baina honi ababorrera bidaliz, Arraun Lagunaki gerturatzen ari zitzaiolako.
Aipatzeko beste anekdota bat, Astilleron izan da. Beste ontzietako patroiak emakumezkoak ziren bitartean, kantabriarren artean Jacobo Diaz izan da zuzendaria.
Estropadari dagokionez, itsaso zakarrean, Arraun Lagunakek ez du inongo arazorik izan irabazteko. Normalean Ligan egiten dutena baina distantzia gehiago egin behar izan dute gaurkoan, baina donostiarrek ez dute nabaritu eta aldeak handituz aritu dira hiru ziaboga eta lau luze izan dituen estropada osoan zehar.
Andrea Astudillok bikain gidatu ditu bere arraunlariak hirukoa lortzeraino. Hau da, Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapeldun da Arraun Lagunak.
Emakumezkoen sailkapena:
1.Arraun Lagunak TXAPELDUNA 24:19.32
2.Orio +27.46
3.Donostiarra +59.59
4.Astillero +1:49.56
Gizonezkoetan, Bermeo nagusi
Gizonezkoek azken estropada burutu dute. Zierbenak aurre hartu du estropadaren hasieran, lehen ziabogaraino, baina ordutik aurrera Bermeo izan da nagusi. Egia da, bi traineru bizkaitarrek lehia polita mantendu dutela bigarren luzean, baina "Bou Bizkaia"k bere erritmoa ezarri du eta arazorik gabe abiatu da garaipenerantz.
Atzetik, 2020an Espainiako txapeldun izandako Zierbenak bigarren postuari aise mantentzea lortu du, eta Hondarribia hirugarren izan da. San Juanek sari bat bezala hartu du beste hiru ontzi hauekin arraun egitea eta laugarren izan da.
Gizonezkoen sailkapena:
1.Bermeo Urdaibai TXAPELDUNA 20:47.45
2.Zierbena 20:57.19 +9.74
3.Hondarribia 21:40.65 +53.20
4.San Juan 22:04.74 +1:17.29
Gizonezkoen B Finala: Lekittarra azkarrena
B Finalak ez du ezusteko ezta emozio askorik izan. Lekittarra, bertan zegoen traineru euskaldun bakarra, beste hirurak baino azkarragoa izan da hasieratik. Emozioa, zerbait esateagatik, bigarrenari zenbat denborako aldea aterako zion ikustea egon da.
Lehenengo ziabogan Pedreña baino 11 segundo azkarragoa izan da talde bizkaitarra; bigarrenean 33 segundokoa zen aldea; hirugarrenean, Chapela bigarren jarri da, baina aldea 44 segundokoa zen; eta helmugan 21:17.59ko denbora egin du Lekittarrak, Chapela galiziarrari azkenean 53 segundo ateraz. Bestalde, Pedreña izan da kantabriarren artean azkarrena eta Camargok itxi du sailkapena.
B Finaleko sailkapena:
1.Lekittarra 21:17.59
2.Chapela 22:10.70 +53.11
3.Pedreña 22:23.95 +1:06.36
4.Camargo 22:47.18 +1:29.59