INFO

Hezkuntza Legea «berandu baino lehen» garatzea eskatuz Araba Euskaraz hartu du Olarizuk

‘Mugaezin’ lelopean eta Oiongo San Bizente Ikastolari laguntzeko, Araba Euskarazen aurtengo edizioa ospatzen ari dira, beste urte batez Olarizun. Lakuaren Hezkuntza Legea onartuta, ikastolekin elkarlanean eta «berandu baino lehen» garatzea eskatu dute Arabako ikastolek.

‘Mugaezin’ lelopean Araba Euskarazek Olarizu koloreztatu du igande honetan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Eguzkipean eta eguraldi ederra lagun, Oiongo San Bizente Ikastola laguntzea helburu duen Araba Euskaraz jaira goizetik hasi da jendea gerturatzen. Azken bi urteotan bezala Gasteizko Olarizun antolatu dute, herrialdeko zortzi ikastolek elkarlanean.

2023ko abenduan EAJren eta PSEren aldeko bozekin onartu zen Hezkuntza Legearen garapenari «berandu baino lehen ekin diezaiola» eskatu dio Lakuako Gobernuari Araba Euskaraz Kultura Elkarteko lehendakaria den Unai Mendizabalek jaiaren hasierako ekitaldian.

Araua «historikotzat» jo du Mendizabalek, «ikastolen eredu herritarra euskal hezkuntza sisteman barnebiltzen duelako hiru herrialdeetan eta balitekeelako bide berri batzuk ahalbidetzea». Ikastolen Elkarteak lege berri honi egindako kritikak gogora ekarrita, datozen lau urteotan Lakuako Gobernuari «elkarlanean jarduteko borondatea» eskatu dio.

Bestalde, Jokin Bildarratz Lakuako Hezkuntza sailburuak «guztion artean» legearen «erronkari» heltzeko beharra aipatu du. Gobernantza eredua, euskara eta berrikuntza hiru ardatz nagusiak direla azpimarratuz, «hezkuntzan eta ikastetxearen bizitzan inplikatuta gauden guztiok lana elkarrekin egin beharra daukagula» esan du, «eskutik».

Unai Mendizabalek «euskal hezkuntza sistema propio eta desberdin bat aldarrikatzeko» bidean Araba Euskarazen garrantzia nabarmendu du. «Euskarak behar duelako Araba Euskarazen, euskal kulturak behar duelako Araba Euskarazen agertokia, ikusia eta entzuna izan dadin, arabarrok ere behar dugulako Araba Euskarazen topagunea euskaraz bizi gaitezen», adierazi du.

Eguraldia lagun izan du aurtengo Araba Euskarazek. (Iñigo URIZ / FOKU)

Behin ekitaldia amaituta eta eguzkiak berotzen hasi duenean, taloaren usainak jaia dagoeneko hasita zegoela agerian utzi du. ‘Lautada’, ‘Erreka’ eta ‘Mendia’ guneetan banatuta, jolasez, musikaz, dantzaz eta antzerkiaz gozatzen ari zirenak zuhaitzen itzaletan eserita zeuden besteekin tartekatzen ziren Olarizun.

Bitartean, Gasteizekin lotzen duen bideak noranzko bakarra zeukala zirudien, sartzekoa. Haur txikitxoak zituzten familiak, gazteen koadrillak zein umerik gabe zetozen helduak bildu dira euskarak Araban mugarik ez duela erakusteko.

Goizeko eta eguerdiko giroa lasaia bazen ere, txoko guztietan zerbait gertatzen ari zen: umeentzako jolasak, dantza emanaldia eta ikastolen erronka, besteak beste. Tarteka katalana entzun zitekeen ere, Castellers d'Alt Maresme Bartzelonako taldea zen, eguerdian eskaini duten emanaldirako prestatzen ari zirela.

Janaria eta edaria beti esku artean, egunak aurrera egin ahala giroa arratsaldeko agendarako prest zegoen. Dantza plaza, zunba, tailerrak, puzgarriak eta jolasak egongo dira eta kontzertuak ere ez dira faltako. Aurtengo edizioan Eh! Mertxe taldea, Akerbeltz erromeria, Ibil Bedi, Janus Lester, Burutik taldea eta DJ Malandro Olarizuri musika jartzeaz arduratuko dira.

Haurren zein helduen euskalduntzea

Oiongo San Bizente Ikastola laguntzeaz gain, Arabar Errioxako IKA euskaltegia omendu dute. Andoni Landa Oiongo euskaltegiko irakasleak ikastolak egindako lana euskaltegiak bizirauteko «ezibestekoa» izan dela nabarmendu du. «Ikastolara umeak eramaten dituzten gurasoak hurbildu dizkiguzue euskaltegira eta horri esker iraun dugu», esan dio bere alboan zegoen San Bizente Ikastolako zuzendariari, Arturo Lopez de la Calleri.

Lopez de la Callek «euskararentzat, Arabarentzat eta Arabako Errioxarentzat egun garrantzitsua» dela esan du. Leloa ‘Mugaezin’ bada ere, «euskara guztiona eta guztiontzat» dela argi utzi du, baita IKAk «mugarik ez» duela ere. 1978an, ikastola bezala, sortu zenetik ikasleak izan direnek «euskaraz bizitzeko, euskaraz lan egiteko eta gure seme-alaben hezkuntza ibilbide euskaldunean parte hartzeko aukera» izaten ari direla eskertu du.

Gasteiz Antzokia

«Euskarak eta euskal kulturak transmisioa bermatzeko arnasa behar» dutelakoan, Gasteiz Antzokia martxan jartzeko Gasteizko Udalaren eta Lazarraga Kultur Elkartearen arteko akordioa ahotara ekarri du Unai Mendizabalek. «Poztu gaitu tartean krisi latz bat izan arren», esan du.

Udalaren izenean hitza hartu duen Beatriz Artolazabalek ere kulturgune berria aipatu du. «Aurten ikastolen jaia oso une berezian dator, laster hiri honek eta bizilagun guztiok izango dugu euskararentzat erreferentzia gune bat», laburbildu du. «Irekiera desblokeatzea lortu dugu», gaineratu du Artolazabalek.