INFO

Pascal Jocou eta Fabienne Etchegarayren artean hautatuko dute auzapez berria Beskoitzen

Pascal Jocou eta Fabienne Etchegaray lehiatuko dira Beskoitzeko auzapeza hautatzeko herriko bozetako bigarren itzulian, heldu den igandean. Hiru alkategaien arteko lehia estua izan da. Parte-hartzea, %69,3koa.

Botoen zenbaketa lanak Beskoitzen. (MEDIABASK)

Auzapeza hautatzeko hauteskundeen lehen itzulia egin dute igande honetan Beskoitzen. Hiru hautagai ziren kargurako lehian, Haritza Camblong, Fabienne Etchegaray eta Pascal Jocou. Bada, azken biak izango dira aginte makila eskuratzeko aurrez aurre izango direnak, heldu den igandeko bigarren itzulian.

Kazeta.eus-ek berri eman duenez, botoa emateko eskubidea zuten 2.275 herritarretatik 1.578k eman dute, hau da, %69,3k. Pascal Jocouk 575 boto jaso ditu eta Fabienne Etchegarayk 539, beraz biak pasako dira bigarren itzulira. Haritza Camblongek, berriz, 429 boz eskuratu ditu.

Ikastolaren afera

Ikastola berria eraikitzeko egitasmoa kudeatzeko ezintasunek eraman zuten dimisioa ematera Fabienne Ayensa auzapeza, iragan martxoan.

Besteak beste herrian ikastola berria eraikitzeko egitasmoari buruz daukaten posizioak ezberdintzen zituen hiru hautagaiak.

2020an Ayensa izan zen hautagai bakarra

2020an hautagaitza bakarra izan zenez, Fabienne Ayensa hautatua izan zen lehen itzulian. Izan ere, ekainaren 16 honetan, hiru zerrendaren artean aukeratu beharko dute boto-emaileek.

 Ezkerretik eskuinera, Haritza Camblong, Fabienne Etchegaray eta Pascal Jocou. (@Mediabask)
Ezkerretik eskuinera, Haritza Camblong, Fabienne Etchegaray eta Pascal Jocou. (@Mediabask)

Haritza Camblong Hats Berri zerrendaren lemazaina da, Fabienne Etchegarayk Beskoitze zerrenda gidatu du eta Pascal Jocou, auzapez ohiarekin axuanta (alkateordea), Beskoitze Zuekin hautagaitzaren zerrendaburua da.

‘Mediabask’ astekariak laburbildu ditu hiru hautagaitzek aurkeztu dituzten programetan dauden diferentzia nagusiak.

Ikastolaren auzian, bai Pascal Jocouk baita Haritza Camblongek ere ikastolarentzat eraikin berri bat atzeman behar dela defendatzen dute.

Herriko Etxeak 1,2 hektareako lur eremua erosi berri du bertan Departamenduak diruztatutako kolegio bat eraikitzeko xedez. Izan ere, lursail horren ondoan aukera legoke ikastola aterpetzeko beste eraikin bat altxatzeko. Hala defendatzen dute Jocouk eta Camblongek.

Fabienne Etchegaray, berriz, herri erabilerarako erositako lur eremu horretan proiektu berri bat gauzatzearen kontra azaldu da, ikastolarekin eta herriko teknikariekin aterabide baten aurkitzearen alde azaldu bada ere.

Ikastolako aita den Haritza Camblongek eta bere zerrendakideek Beskoitzen benetako hizkuntza politika bat garatzeko beharra defendatzen dute. Ikastolako auziari irtenbidea emateaz gain, herriko aisialdi zentroa elebiduna izan dadila nahi dute, baita herriko langileen formakuntza boluntarioa garatu ere.

Pascal Jocou ere ikastolarekin hitzarmena izenpetzearen alde azaldu da eta horrekin batera hizkuntzaren dosierrak lantzeko euskara axuanta bat izendatzea proposatu du.

Etxebizitzari buruzko proposamenak

Hiru hautagaiek iritzi ezberdinak dituzte Beskoitzeko hiri erdigunetik hurbil 160 etxebizitza eraikitzea aurreikusten duen ZAC egitasmoari buruz. «Gazteen eskariari erantzun behar diogu prezio merkeak proposatuz eta proiektu honen nagusitasun publikoa mantenduz», defendatu du Pascal Jocouk.

Fabienne Etchegarayk proiektuan 66 etxebizitza sozial egiteko asmoa azaldu du, «biztanleriaren behar handi bati» erantzuteko beharra azpimarratuz. «Ez dugu herria betoiz estaliko», adierazi du Etchegarayk. ZACeko proiektutik kanpo, erabilera anitzeko gela berri bat eraikitzeko egitasmoa defendatu du hautagai honek.

Haritza Camblongen ustez, «proiektua gaindimentsionatuta dago» eta erangin handia izango du lurralde zein hirigintzaren ikuspuntutik.

Hats Berri zerrendako buruak ez du errefusatzen lursailaren zati eraikigarrian neurri egokia lukeen proiektu baten plantan ematea, baina era berean defendatzen du beharrezkoa litzatekeela 30 etxebizitza sozial inguru eraikitzea herriko beste lursail batean.