INFO

Oinarrizko jarrera: surf ongi egin ahal izateko ezinbesteko jarrera

Zutik jarri ostean edozein egoerari aurre egiteko, ezinbestekoa da oinarrizko jarrera ongi menderatzea. Nola kokatu behar da taulan? Nola landu jarrera? Zeintzuk dira ohiko akatsak? Nola zuzendu? Hona oinarrizko jarrera lantzeko zenbait aholku.

Vahine Fierro polinesiarra oinarrizko jarrerarekin tuboa egiten. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Lehenik eta behin, kontzeptua argitu behar da. Agian egokiago litzateke «oinarrizko postura» esatea, baina euskarazko hiztegiak ez du onartzen, beraz, «oinarrizko jarrera» deituko dugu. Garrantzitsuena zer den eta nola landu daitekeen ulertzea da.

Hiru dira surflari batek olatuari modu egokian aurre egiteko ongi menderatu behar dituen ariketak. Lehenik, olatua hartzea. Tontakeria dirudi, baina surflari batek bizi osoa pasatzen du olatu aukeraketa eta arraunketa egokia lantzen. Bigarrena, zutitzea. Hasieratik ongi ikasi behar den ariketa da, hurrengo urratsa baldintza baitezake. Eta hirugarrena, oinarrizko jarrera.

Zergatik da garrantzitsua oinarrizko jarrera egoki bat izatea? Arrazoi nagusia oreka da. Olatuaren edozein aldetan oreka mantentzen lagunduko digu, berdin aparrean edo ihesbidean. Edozein ariketa egin aurretik orekazko egoera batean egon behar dugu, eta ariketa egiteko oreka galdu ostean, berriz ere oreka egoerara itzuli behar dugu. Hau da, oinarrizko jarrera «erretagoardia» bezala da, ziurtasuna ematen digun «lekua». Edozein ariketaren ostean oreka berreskuratzeko jarrera trinkoa behar da.

Surfean «ariketa erregina» deitzen zaio tubo bat egiteari. Aitzitik, lehen aldiz apar batean zutik jartzeak ez du izenik, baina lehen urratsa edo azkena egiteko, alegia, apar batean zutik jartzeko edo tubo bat egiteko, jarrera bera erabiltzen da, oinarrizko jarrera.

Irudia eta jarrera

Oinarrizko jarrera egokia izateko lehen urratsa buruan egin behar da. Irudi garden bat izan behar da, bestela gorputzak ez du egoki kokatzeko agindurik jasoko. Irudi egoki bat hautatu eta burmuinean iltzatu behar da. Horretarako hoberena argazki egoki batekin hastea da. Ezker surflaria bazara ezker surflari baten irudia hautatu beharko duzu, eta alderantziz, eskuina bazara surflari «erregular» baten irudiari erreparatu beharko diozu.

Olatuaren edozein aldetan aurki dezakegu surflari bat oinarrizko jarreran, baita bizkarka badoa ere, baina identifikatzeko modu errazena aurpegiz tuboa egiten ari den surflariarena da, edo bestela, olatuaren ihesbidean momentu egokiaren zain dagoen surflariarena. Artikulu honetako argazkiak adibide egokiak dira.

Irudia ongi barneratuta duzun jakiteko, ispiluaz balia zaitezke. Irudi egoki bat ondoan duzula ispiluaren aurrean jarri, begiak itxi, eta oinarrizko jarreran jarri behar duzu. Jarraian, begiak ireki eta mugitu gabe zure jarrera argazkikoarekin alderatu behar duzu. Zerbait desberdin egiten baduzu, ariketa behin eta berriz errepikatu beharko duzu, begiak irekitzen dituzunean argazkiko irudia eta ispilukoa berdin-berdinak izan arte. Ariketa hau binaka ere egin daiteke, horrela, lagun batek ispiluarena egingo du begiak itxita dituen lagunari zuzenketak eginez.

Oinarrizko jarrera olatuaren edozein aldetan erabiltzen da. John John Florence. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Surflari on batek etengabe mugitzen ditu oinak taularen gainean. Adibidez, olatuaren gainaldean ariketa indartsu bat egiteko atzeko oina taularen ipurdian izango du, oso atzean, baina tubo bat egiten ari denean edo abiadura hartu nahi duenean, bi oinak taularen aurrealdera eramango ditu. Edonola ere, desoreka momentua iragan ostean, oinarrizko jarrerara itzuliko da beti.

Hiru arau nagusi bete behar dira oinarrizko jarrera egoki bat izateko. Buruak beti ipurdia baino gorago egon behar du. Ipurdiak belaunen parean egon behar du (gutxi gorabehera). Eta oinak ongi banatu behar dira jarrera trinkoa izateko.

Burua ipurdiaren azpitik badago, esan nahi du gerriarekin makurtzen garela eta ez belaunekin. Belaunak behar bezala okertzen ez baditugu edo zangoak tolestu gabe eramaten baditugu, edozein mugimendu arrarok botako gaitu, kolpea leuntzeko zurrunegi egongo baikara. Eta azkenik, oinak ongi banatuta ez baditugu, makurtzeko zailtasunak izango ditugu eta gorputza luzatuta joango gara, taula behar bezala sakatzeko ahalmenik gabe.

Ariketak

Gerriarekin makurtzen diren surflariek aipatu ditugun hiru akatsak izaten dituzte, eta sarritan arrazoia indar falta izaten da. Alegia, belaunak okertuta egoteko zangoetan indarrik ez dutenez, gorputza tentetzen dute eta makurtu behar dutenean gerria erabiltzen dute. Inflexio puntua taulatik irteten da eta alde batera erortzen dira. Hau lehorrean landu daiteke, adibidez, bizkarra hormaren kontra jarri, ipurdia belaunen parera jaitsi (90 graduko angelua osatuz) eta jarrera ahalik eta gehien eutsiz. Zangoetan indarrik ez duenari segituan hasiko zaizkio hankak dardarka. Hona oinarrizko jarrera lantzeko ariketa bat. Taula handi batekin apar bat hartu, zutik jarri, eta berriz etzan. Gerriarekin makurtzen dena erori egingo da etzaten hasten denean, inflexio puntua (gorputza) taulatik aterako baita. Oinarrizko jarrera skate batekin ere landu daiteke. Surf egiten ari garela irudika dezakegu, gure mugimenduen kontzientzia hartuz. Gainera, orkatilak eta belaunak malgutzeko egokia izan daiteke, eta baita zangoak indartzeko ere.

Oinarrizko jarreratik abiatuta gorputza luzatu dezakegu, eta baita uzkurtu ere. Alegia, erdibideko jarrera da; horregatik, olatuak ematen dizkigun kolpeak leuntzeko jarrera egokia da. Une batean taulak beherantz egiten badu gorputza luzatuko dugu, eta alderantziz, olatuak taula gorantz bultzatzen badigu, belaunak okertu eta kolpea leunduko dugu. Alderantziz, tenteegi bagoaz ezin izango ditugu kolpeak leundu.

Oinarrizko jarrerak ongi makurtzeko aukera ematen du. (WSL)

Beste ariketa egokia zutik goazenean makurtu eta luzatzea da. Adibidez, apar bat hartu eta makurtu egingo gara. Horretarako, belaunak barnealdera sartu eta eskuak taularen ertzetara eramango digu. Gero, luzatzeko kontrakoa egingo dugu, zangoak zuzendu eta besoak zabalduko ditugu, betiere, eskuak taularen alde bakoitzean mantenduz.

Oso zaila da norberak olatu gainean egiten dituen ariketen kontzientzia osoa izatea, horregatik da komenigarria ariketak olatu errazekin edo aparretan egitea. Horrez gain, oso baliagarria izan daiteke lagun batek irudiak hartzea kamera batekin eta gero pantailari begira akatsak aztertzea. Horretarako aholkulari on bat behar da ondoan, zeren bestela ohitura txarrak har daitezke.