INFO

Donostian, Bilbon eta Gasteizen manifestazioak egingo dira Errefuxiatuen Nazioarteko Egunean

Errefuxiatuen Nazioarteko Egunaren harira, mobilizazioak egingo dira ostegun honetan Bilbon, Donostian eta Gasteizen. 

Jorge Correa (Kolore Guztiak) eta Irati Barreña (Zehar Errefuxiatuekin), mobilizazioak deitu dituzten beste eragileekin, Donostian. (Ainhoa Espinoza | NAIZ)

Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna ospatuko da ostegun honetan, ekainak 20. Horren harira, hainbat elkarte batu dira mobilizazioak deitzeko. Hiru hiriburutan egingo dira: Bilbon, elkarretaratzea izango da, 18:00etan Arriaga plazan; eta Donostian eta Gasteizen manifestazioak: Gipuzkoako hiriburuan 19:00etan Aquariumetik abiatuta, eta Gasteizen 18:30ean Plaza Berritik hasita.

Manifestazioen aurtengo leloa ‘Izan gaitezen babes, bereizketarik gabeko harrera’ da eta honekin aldarrikatu nahi dute konpromiso ekintza zehatz eta 2030 Agendaren Inplementazio adierazle espezifikoen garapena sustatzea, behartutako desplazamenduak sortzen ari diren egoeren eta horiek jasaten dituztenentzako nazioarteko harrera eta babes mekanismoen inguruan.

Horrelako egun batean, deitzaileek ezinbesteko jo dute salatzea joan den maiatzean onartu zela, azkenean, Europar Batasunean ‘Migrazio eta Asiloari buruzko ituna’. Hain zuzen, leku seguru batera iritsi nahi duten pertsonen «giza eskubideak urratzen dituen eta haien bizitzei prezioa ezartzen dien ituna». Honek, itxaronaldiak, salbuespen espazioak eta oinarrizko eskubideak arriskuan jartzen dituzten atxilotze denborak ezartzen dituela ohartarazi dute.

Mobilizazioak aurkezteko agerraldian Kolore Guztiak elkarteko Jorge Correak eta Zehar Errefuxiatuekin elkarteko Irati Barreñak hartu dute hitza. Correak aipatu duenez, «giza eskubideen defentsak eta kalteberatasun egoeran dauden pertsona guztientzako sistema bidezkoago eta solidarioago baten sustapenak erdigunean egon beharko lukete, aldizkarietako titularretan hain zuzen, eta ez eskuin muturreik nagusiki sustatzen diren gorroto diskurtsoetan».

Barreñak adierazi duenez, «iaz Euskadin 6.153 pertsonak eskatu zuten asiloa. Aurten, 2024ko apirilaren 30era arte, 2.693 eskaera erregistratu dira guztira». Joera horrekin jarraituz gero, «2023ko zifrak gaindituko lituzke».

Errefuxiatuen alde egiteko batu diren elkarteak honako hauek izan dira: Zehar Errefuxiatuak, Lumaltik, CEAR en Euskadi, Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia, Aldarte, Mulisol, Caminamos para crecer, Bigite Elkartea, Batikumba, Asociación de Inmigrantes de Ghana en Bizkaia, SOS Racismo Gipuzkoa, Red Atenea España, Kolore Guztiak, Denon Elkarte, Hiritarron harrera sarea, Salvamento Maritimo Humanitario, Bake Ekintza Antimilitarista, Donostiako Saharako Lagunen Elkartea, GOT, Ongi Etorri Errefuxiatuak Gipuzkoa, Oxfam Intermón Donostia, Hotz- Zarautz, Matiz Elkartea, Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba, Bachue Elkartea eta Amnistia Internazionala.