INFO

Presoak etxera itzul daitezela aldarrikatzeko kalejira egingo du Sarek sanferminen bezperatan

Datorren uztailaren 4an, San Fermin jaiak hasi bezperatan, Sarek euskal presoak etxeratu daitezela eskatzeko ‘Etxera kalejira’ egingo du 19.30ean, Sarasate pasealekutik abiatuta. «Aurrera joatea da alternatiba bakarra», adierazi du ostegun honetan egin duen agerraldian.

Sanferminen atarian egingo duen kalejira aurkezteko agerraldia egin du Sarek Iruñean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Datorren uztailaren 4an, Iruñea jendez goraino egongo denean, sanferminak hasi bezperatan, Sarek euskal presoak etxeratu daitezela eskatzeko kalejira egingo du 19.30ean, Sarasate pasealekutik abiatuta.

Konponbidearen, elkarbizitzaren eta etxeratzearen alde deitu du Sarek ‘Etxera kalejira’, euskal presoen eskubideak bete daitezela eskatzen duen aldarria Iruñetik mundura zabal dadin. Izan ere, San Ferminek «munduko hiriburu» bilakatzen dute Iruñea, ostegun honetan Sareko ordezkariek egin duten agerraldian nabarmendu dutenez.

Festak ez bailuke ahaztu behar, haien iritziz, urtetako gatazkaren ondorioak konpontzeko daudela oraindik. «Jakin badakigu oraindik ere indar handikoak direla sufrimendu eta gatazkako iraganera eraman nahi gaituzten inertziak, iragan horretatik neke handiz ari garenean ateratzen», agertu dute.

Sareren irudikoz, San Ferminetako entzierroetan bezala, euskal gizartearentzat «aurrera joatea da alternatiba» bakarra. Zailena eginda dagoela iritzi dio, baina horrek ez du esan nahi, zehaztu duenez, helmuga iritsi denik.

Eta bada atzera egin nahi duenik ere, horrek dakarren minarekin, ohartarazi dutenez. «Presoen etxeratzea modu artifizialean mantsotzeko salbuespenez baliatzen den espetxe politikak entzierroa korritzen ez dakitenek bezala egiten du. Lasterketaren normaltasuna oztopatzen dute eta arriskua sortzen dute, zauriak, alferrikako sufrimendua eta, behin baino gehiagotan, kalte konponezinak eraginda», esan dute.

Sarek aldarrikatu du, ordea, salbuespen politiken «hesietatik» kanpora atera beharra dagoela, badela garaia «‘Etxera’, aldarrikapen bat izatetik, denon lorpen izatera pasatzeko».

«Bai, denok gara irabazle eskubideen urraketa bukatzen denean; denok gara irabazle salbuespen eta mendeku politikak bukatzen direnean; denok irabazten dugu ekuazio politikotik kanpo sufrimendua uzten dugunean, atea zabalik utzita elkarbizitzaren agertokietara, memoria inklusiboaren agertokietara, berriz elkartzeko agertokietara», baieztatu du.

Hori dela eta, datorren uztailaren 4an ‘Etxera kalejira’ aldarrikatzailean parte hartzeko deia luzatu die Iruñerriko herritarrei, festa handiaren bezperatan konponbidearen, elkarbizitzaren eta etxeratzearen aldeko grina mundura zabal dezaten.