INFO

Urrezko mailara igotzeko zama ez da bera: presarik ez edo ia nahitaez

Igande honetan jokatuko dute KAE 1 ligako lehen estropada Pasai Donibanen. Urrezko mailara igotzeko hautagaien zerrendan daude Lapurdi, San Juan, Arkote eta Santurtzi. Momentu honetan, 'Erreka' ikusten dute denek koska bat gorago. Lau taldeetako arraunlari banarekin hitz egin du NAIZek.

San Juaneko ontzia denboraldiaurreko Orioko jaitsieran. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Traineruen denboraldia hastera doa. Igande honetan askatuko dute estatxa KAE 1 ligako ontziek Pasai Donibanen jokatuko den ordulariaren aurkako estropadan. Hamabi traineru lehiatuko dira, batzuk mailari eusteko ahalegin betean eta beste batzuk, berriz, urrezko mailara igotzeko saiakeran. Azken hori lor dezaketen hautagaien zerrendan daude Lapurdi, San Juan, Arkote eta Santurtzi.

Iparraldeko traineruak ez du «presarik» gorengo mailara igotzeko, Beñat Urchegi (Azkaine, 1993) Lapurdiko arraunlariak adierazi duenez: «TKEra igotzea da gure ametsa, baina gero nahiko genuke taldeak maila ematen segitzea. Epe luzeko proiektu bat da. Ez baldin bada aurten izango, ondoko urtean. Ez dago presarik».

Iaz sekulako denboraldia osatu zuen Lapurdik Joseba Fernandezen gidaritzapean, KAE 1 ligara berritan, ohorezko txandan finkatu, eta bigarren geratu ziren. Ondoren, kanporaketetan «ozta-ozta» ez zuten lortu TKErako txartela. Penaz geratu ote ziren galdetuta, azkaindarrak erantzun du «pixka bat» baietz, baina «pozik» geratu zirela egin zuten lanarekin: «Beharbada taldearentzat azkarregi izango zen TKEra igotzea hain fite. Nire iduriko ongi etorri zaigu beste urte bat KAE 1en ibiltzeko».

Moran (Santurtzi): «Polok esan zigunean ez zuela jarraituko pixka bat zoramena izan zen»

Arkotek hiru urte daramatza hor goian, Antxon Matilla (Mundaka, 1994) taldeko arraunlariaren hitzetan, eta aurtengo helburua kanporaketetan sartzea da. Iaz bi punturengatik geratu ziren kanpoan, hirugarren egin zuten ligan. Matillak adierazi du joan den urtean lehenengo estropadetan «apur bat» huts egin zutela: «Aurreneko estropadan urrundu ginen apur bat puntuetan San Pedrorengandik eta Lapurdirengandik. Gero, gutxinaka-gutxinaka hobetzen joan ginen, baina laburra egin zitzaigun denboraldia. Hiru estropada gehiago eduki izan bagenitu, uste dut askoz ere hurbilago ibiliko ginatekeela».

Santurtzirentzat iazko denboraldia gurutze bidea amaiezina izan zen. «Arazoak etortzen zitzaizkigun nonahitik. Asteburu batean borrokan geunden, beste batean ni uretara joan nintzen, beste batean abordatzea edo Hondarribian gertatu zena... Dena maldan behera zihoan, balaztarik gabe. Bagenekien talde ona genuela, inondik ere pasatu genuen sufrimendua pasatzeko. Puntu eta aparte egiteko denboraldia izan zen», adierazi du Endika Moran (1998, Castro) Santurtziko arraunlariak.

Helburua, jaitsi berri den talde ororena, «ahalik eta bizkorren maila berreskuratzea», hori bai, ‘Itsasoko Amako’ arraunlariak badaki aurkari «oso gogorrak» dituztela, «batez ere» San Juan, zeina gainerako traineruak baino «puntu bat gorago» ikusten duen.

Lapurdiko trainerua Orioko jaitsieran. (Gotzon ARANBURU)

Joseba Fernandezen gidaritzapean, ‘Errekak’ gorengo mailara itzuli nahi du. 2019tik ahalegin horretan huts egin dute, eta hori ondotxo daki Ander Makazaga (1997, Pasai Donibane) San Juaneko arraunlariak. Taldeak «ondo ibiltzeko» aukerak izan arren, Makazagak aitortu du azken urteetan ere hasiera onak izan dituztela, baina gero liga iritsi eta «gauzak okertu» egin direla: «Zorrotz ari gara, baina badakigu despistatuz gero, beste batek muturra sar dezakeela. Gure lana egin behar dugu, errendimendua ona bada, hobea bilatuko dugu beti, ez gara konformatuko». Iaz laugarren geratu ziren.

Negua «maldan gora» 'Soterak’

Neguan taldea osatzeko lan handienak ‘Soterak’ izan ditu, arraunlari askok taldea uzteaz gain, Javier Polo prestatzaileak ere sasoiaurrean esan zielako ez zuela jarraituko. Haren ordez, Alexander Esteban etorri zen. Moranek azaldu du sasoiaurrea «apurtxo bat arraroa» izan dela: «Polok esan zigunean ez zuela jarraituko pixka bat zoramena izan zen. Entrenatzaile bila aritu ginen, eta Alexander Esteban etorri zenean, harri azpietatik arraunlariak ateratzen saiatu zen. Behingoz lortu genuen taldea osatzea, eta zulo beltz bat zirudiena, badirudi forma txukuna hartzen ari dela».

Oztopoak oztopo, aurrera egitea lortu du Santurtzik. Negua «maldan gorakoa» izan den arren, eta «zerotik» hasi behar izan duten arren, bai taldea osatzen, bai arraunketa berrira moldatzen, Moranek uste du «nahiko ondo» ari direla. Taldearen oinarria harrobiko arraunlariak direla gaineratu du.

Makazaga (San Juan): «Fernandezek tentsioa ematen dio traineruari, eta gu askoz zorrotzago goaz arraunean»

‘Soterak’ ez ezik, Lapurdik eta San Juanek ere entrenatzailea aldatu dute: Fernandez Donibane Lohizunetik Pasai Donibanera pasatu da, eta Salsamendi Oriotik Lapurdira. Iparraldeko traineruak ez ditu aldaketa askorik izan multzoan, bai, ordea, San Juanek.

Arraunlarien multzoan aldaketak izan edo ez izan, prestatzailea aldatzeak ia beti dakar moldatu behar izatea, bai arraunketan, baita entrenamendu moduan ere. Lan saioekin goiz hasi zirela nabarmendu du Makazagak, Fernandezek hala eskatuta: «Urte ondo landu nahi zuen, eta ohi baino goizago hasi ginen. Pixkanaka haren entrenatzeko modura egokitu gara. Izan ere, pila bat arraunlari etorri ziren, joan zirenak ere bai, eta multzoa lantzen aritu gara».

Makazagak azaldu du entrenamenduetan bi traineru izan dituztela, «ahalik eta hoberen ibiltzen», eta hala, entrenamenduetan «lehia estua» izan dute. Fernandez etorri denetik zer aldatu den galdetuta, San Juaneko arraunlariak esan du batez ere entrenatzailea traineru barruan doala. «Horrek beste puntu bat ematen dizu. Zurekin dagoenez arraunean, berak nabaritzen du ontzia nola doan, eta exijentzia maila altuagoa eskatzen dizu. Tentsioa ematen dio traineruari, eta gu askoz zorrotzago goaz arraunean».

Arkoteko taldea, denboraldiaurreko estropada batean. (Josu Z)

San Juanen antzera, Lapurdi ere entrenatzaile berriaren arraunketara egokitzen ibili dira. Neguko estropadetan-eta emaitza onak izan dituzte, Oriokoan eta San Pedrokoan, esaterako, Urchegiren hitzetan, «KAE1 mailako ohorezko txandan ibiltzeko modukoak». Baina gero Mutrikukoan ez zuten «ongi» arraun egin. Gipuzkoako Txapelketan, berriz, «pixka bat» hobeto ibili diren arren, Lapurdiko arraunlariak esan du oraindik arraunketa «finkatu» behar dutela, eta horretan ari direla azken asteetan.

Urchegi (Lapurdi): «Epe luzeko proiektu bat da. Ez baldin bada aurten izango, ondoko urtean. Ez dago presarik»

Bizkarrezur berdinarekin jarraitzen duena Arkote da, nahiz eta hasieran «arazo batzuk izan». Matillak adierazi du negua ez dela haien indargunea izaten, baina jaitsieretan ondo aritu direla. «Neguan apurtxo bat ibiltzen gara beste lan batzuk egiten, eta ez dira izan guk espero genituen modukoak. Baina uste dut bide onean goazela».

San Juanek, distirarik handiena

Bizkaiko eta Gipuzkoako txapelketak dira lehen lehiaketa ofizialak, lehen neurgailuak, ikusteko udan zein traineru ibiliko diren gorengo koskan. Distira handiena San Juanek egin du, Gipuzkoako Txapelketan laugarren denborarik onena eginda, eta Euskadikora sailkatuta. Besteak beste, Orio atzean utzi zuen.

Makazagaren hitzetan, ikusita trainerua nola zihoan, zenbakiak ikusita, eta zein entrenamendu egiten ari ziren ikusita, bazekiten maila hori emateko gai zirela. «Taldea sekulako konfiantzarekin joan zen, eta uste dut eman genuen maila benetan emateko gai garen maila dela, ez dela bat-batean estropada on bat izan. Euskadikoan ere ikusi baitzen zein maila emateko gai garen».

Santurtziko ontzia denboraldiaurrean. (Luis AZPEITIA)

Bizkaiko Txapelketan, berriz, Santurtzi eta Arkote lehiatu ziren. Plentziako ontziak ez zuen estropada «ona» egin, Matillaren hitzetan: «Santurtzik irabazi zigun. Txanda oso txarra egin genuen, lehenengo kaletik zailtasun handiak izan genituen, eta ez zen gure egunik onena izan».

‘Soterak’, ordea, estropada «txukuna» egin zuten, hasieran «zalantzan» izan arren: «Beldurra genuen, taldea oso gaztea da, eta ez genekien nola irtengo zen, baina uste dut aurpegia eman genuela. Neguan egindako lanak bere fruituak ematen ari da».

Aurkariez galdetuta, denek bat egin dute esanez San Juan ondo ibiliko dela, orain arte ikusitakoa ikusita. «Iduri du San Juan ondo ibiltzen dela. Zarautzek eta Zumaiak ere iduri du lehengo urtetik salto bat egin dutela, eta gero Arkote eta Santurtzi goian izango dira», adierazi du azkaindarrak. Urchegiren antzera, Moranek eta Matillak azpimarratu dute ‘Erreka’ gainerakoekiko pauso bat edo bi aurrerago dagoela.

Matilla (Arkote): «Neguan apurtxo bat ibiltzen gara beste lan batzuk egiten, baina uste dut bide onean goazela»

Gorengo postuetan ibiltzeko trapuan sartu dituzte San Juan, Santurtzi, Arkote, Lapurdi, Zumaia eta Zarautz. Iparraldeko traineruaz, Arkoteko eta Santurtziko arraunlariek esan dute «zalantzak» dituztela. «Pentsa daiteke iaz baino apur bat gutxiago ibiltzen ari dela, baina, denboraldi hasi arte ezin jakin», adierazi du Matillak.

Pasai Donibaneko arraunlaria, berriz, ez da ezertaz fio: «Denboraldiaurrean gauza bat pentsatzen duzu, jaitsieretan beste bat, gero Gipuzkoan lehen kolpea jasotzen duzu edo ez, eta azkenik, liga iristen da eta kontua guztiz aldatzen da. Ezin da pronostiko zehatz bat egin, taldeek aldatzeko gaitasun handia baitute».

Erlojuaren aurka

Lehen estropada San Juan egunean jokatuko dute, erlojuaren aurka, igande honetan, Pasai Donibanen. Makazagak adierazi du «berezia» izango dela haientzat, etxean egingo baitute arraun: «Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketek konfiantza eman digute ligari ekiteko. Herrian izanda, ea estropada ona egiten dugun, herriko afizioa animatzeko, eta ilusioa berpizteko».

Igandeko estropadari begira, Moranek esan du hobetzeko gauzak badituzten arren, hobekuntza handia egin dutela. «Talde gazte gara, eta urte gehiago daramatzagunok lasaitasuna eman behar diogu traineruari».

Estropada eremuaz, Arkoteko arraunlariak esan du egokiena dela ligari ekiteko, iaz Donibane Lohizunen izan baitzen, eta haren ustetan, liga hasteko «nahiko eskasa» da, alde asko baitaude kaleen artean eta txanda batetik bestera. Lapurdiko arraunlariaren ustez, erlojupekoa izateak berdintasun gehiago emango du.

Honi buruzko guztia: KAE 1