INFO

Manifestazioa egin dute berriz Baionan, eskuin muturrak ez dezan Legebiltzar frantsesa irabazi

Ezkerreko hainbat gizarte eragile eta sindikatuk deituta, baita euskalgintzan lanean diharduten taldeek ere, hainbat pertsona manifestazioan atera dira Baionako karriketara, eskuin muturrari erabateko gaitzespena erakustera.

Eskuin muturraren aurkako hainbat afixa erakutsi dituzte Baionako manifestazioan. (Nahia Garat)

Europako hauteskundeetan konfirmatu zen indar ultraeskuindarren igoera Estatu frantseseko bozetan errepikatu ez dadin, hainbat hiritar Baionako karriketara atera da beste behin, oraingoan, Ipar Euskal Herrian euskalgintzaren alde ari diren eragileen babesarekin.

Eskuin muturrak, Rassemblement National (RN) alderdiak ordezkatuta, inoizko emaitzarik onenak izan zituen Estatu frantsesean, Ipar Euskal Herrian barne, ekainaren 9ko Europako bozetan. Horrek eraman zuen Emmanuel Macron presidentea ekainaren 30ean eta uztailaren 7an hauteskundeak deitzera, eta ezkerreko hainbat herritar eta eragile urgentziaz antolatzen eta mobilizazioak deitzen ari dira, Marine Le Pen ultraren alderdiak ez dezan Parisko Legebiltzarra irabazi.

Larunbat goiz honetan, Baionan mobilizatu da hainbat herritar, ultraeskuinaren kontrako afixak erakutsiz, Europako bozen biharamunean egin moduan. Oraingoan, eragile sozial eta sindikatu ezkertiarrez gain, euskalgintzak ere deitu du protestara, herritarrei eskatuz nola kalean, hala hautetsontzietan, ultrak geldiarazi ditzaten.

Euskal Konfederazioaren ekimenez, euskalgintzako 22 eragilek bat egin zuten ekainaren 20an zabaldu zuten manifestuan. Bertan ohartarazi zutenez, eskuin muturra ez da inoiz frantziar Estatuan boterea hartzetik hain hurbil izan, eta egoera horren aurrean, Euskal Herrian eta mundu zabalean hizkuntza eta kultura aniztasunarekiko duten engaiamendua berretsi zuten.

Ipar Eskal Herrian euskararen transmisioan, erabileran eta sustapenean lan egiten duten eragile hauek, «balio demokratikoei, humanistei, solidarioei eta aurrerakoiei lotutako egiturak» direnez gero, hedatzen ari diren ideia «xenofobo, baztertzaile eta zatitzaileekiko» kezka agertu zuten. Izan ere, euskararen alde egiten duten lana, haien esanetan, biztanle guztiei begira egiten dute, «edozein izanik ere beren jatorria».

Manifestuan argitu zuten, gainera, eskuin muturreko alderdiek defenditzen dituzten balioak eta proposamenak haiek egiten duten transmisio, inklusio eta bitartekotza lanaren «antipodetan» direla.

Hori dela eta, «lehentasun absolututzat jotzen dugu ez daitezela sekulan boterera iritsi», nabarmendu zuten.

LAB: Sindikalismoa, «armarik onena»

Beste sindikatu batzuen artean, LABek ere larunbat honetako manifestazioan parte hartzera deitu zuen, esanez sindikalismoa beti izango dela langileen «armarik onena» eskuin muturraren, faxismoaren, kapitalismoaren eta inperialismoaren aurka.

LAB sindikatuak bat egin du Baionan egin den manifestazio antifaxistarekin. (Nahia GARAT)
LAB sindikatuak bat egin du Baionan egin den manifestazio antifaxistarekin. (Nahia GARAT)

Bere izaera abertzale, feminista, antiarrazista eta internazionalista berretsiz, LABek beharrezkoa ikusten du eskuin muturra geldiaraztea «maila guztietan» demokrazia gailenduko dela bermatzeko eta lortze bidean jartzeko hainbat hobekuntza, kasurako, lansarien eta pentsioen handitzea edo zerbitzu publikoen sendotzea.