INFO

Giza Eskubideen Behatokiak «Estatuko biktimen fiskaltza soziala izatea» du helburu

Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak, aldi baterako etenaren ostean, bere bigarren fasea aurkeztu du larunbat honetan Miramarren Aholku Batzordea aurkeztearekin batera. Bertan izan dira Axun Lasa zein Eneko Etxeberria estatuaren biktimak, edota Maria Jauregi ETAren biktima.

Iratxe Urizar eta Agus Hernan Giza Eskubideen Behatokiaren izenean, aurkezpenean. (Gorka Rubio | FOKU)

«ETAren biktimek Auzitegi Nazionalean fiskaltza espezializatua duten bitartean, ez dago Estatuaren biktimei antzeko mekanismorik emateko borondaterik. Bokazio horrekin aurkeztu da gaur Giza Eskubideen Behatokia: Estatuko biktimen fiskaltza soziala izatea», horrelaxe aurkeztu du larunbat goiz honetan Donostiako Miramar Jauregian Agus Hernanek Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiaren egungo funtzioa. Horretarako, hamabost kidek osaturiko Aholku Batzordea ere aurkeztu dute.

Hutsune batetik sortu dela azaldu dute, izan ere, Foru Sozial Iraunkorra desagertu ondoren, biktima guztiek egia, justizia eta erreparazioa eskuratzeko duten eskubidean aldeko lanean «hutsunea» sumatu dute Behatokiaren sortzaileek, batez ere, Estatuaren indarkeria pairatutakoek: «Biktimekiko tratamendu asimetrikoa dagoela egiaztatu dugu, eta hori onartezina da».

Hainbat aurrerapen egin direla azaldu du Hernanek, besteak beste, EAEko 12/2016 Legeak eta Nafarroako 16/2019 Foru Legeak 346 pertsona Estatuaren indarkeriaren biktima gisa aitortzea; azkena, Angel Barrueta eta bere familia. Edota Kriminologiaren Euskal Institutuaren txostenek torturaren 5.379 biktima jaso izana. Hala ere, aurrerapen horiek errekonozimendurako eta erreparaziorako tresna garrantzitsuak izan arren, ezin diote justizia eskaerari erantzun, horretarako eskumenik ez dutelako, eta hain zuzen ere, Behatokiak arlo horretan egingo duela lan azaldu dute.

«Giza Eskubideen Behatokiak egiten duen lanaren oinarria giza eskubideen arloan indarrean dagoen nazioarteko legeria da, urraketen jatorria edozein dela ere», zehaztu du Hernanek. Eta gehitu du, nazioarteko erakundeek «zehaztasun handiz» zedarritu dituztela biktima guztien eskubideak «egiaren, justiziaren, erreparazioaren eta ez errepikatzeko bermeen esparruan kokatuz».

Hainbat orientabide zehazturik

Giza eskubideen urraketak egin dituztenei eman beharreko tratamendua zein eskubideren gainean eraiki beharko litzatekeen ere zehaztu dute aurkezpenean: osotasun fisikoa, errugabetasun presuntzioa, berme guztiekin egindako epaiketa justua eta, kartzela zigorra ezarriz gero, espetxe tratamendu egokia. Espetxe tratamenduari dagokionez, oinarrizko hiru elementu aipatu dituzte: zigorra betetzea, eragindako kaltea aitortzea eta gizartean berriz txertatzea. «Egiaztatu dugunez, hori ez da gertatu zeinu bateko eta besteko egileen aurrean», argitu du Behatokiko ordezkariak.

Esatuaren indarkeriak biktima kopuru zehaztugabea eragin duela kontatu dute, baina iturrien araberako bi datu mahaigaineratu dituzte: 400 hildako baino gehiago, mila zauritu baino gehiago eta 6.000 torturatu inguru. «Datu horiek agerian uzten dute Estatuak tratu ezberdina eta tratamendu asimetrikoa eman dizkiela giza eskubideen urraketen biktimei, indarkeriaren jatorriaren arabera», gehitu du Hernanek.

Helburuak lortzeari begira justizia penal zigortzailea ez dutela eredutzat hartzen azaldu du Hernanek, «egiaztatu dugulako horrelako justizia batek ez duela bizikidetza demokratikorik sortzen eta adiskidetzearen bidean urratsak egitea zailtzen duela».

Nazioartearekin elkarlana

Hernan Giza Eskubieen Behatokiaren bisioaren mintzatu da, eta Iratxe Urizar abokatuak hartu du misioaren inguruan hitz egiteko ardura. Bi helburu azaldu ditu; lehena, Estatuaren biktimei laguntzea Espainiako Estatuan orain arte ukatutako egia, erreparazioa eta justizia bilatzen. Eta bigarrenik, giza eskubideen urraketa egin duen agentearen arabera biktimak tratatzeko orduan egon den asimetria agerian uztean: «Hala, batzuk sistemak ahalbidetu duen gogortasun penal guztiarekin tratatuak izan dira, eta beste batzuk, ordea, ahalik eta biguntasunik eta zigorgabetasunik handienarekin».

Lau ardatz nagusi izango ditu Behatokiak. Lehena, giza eskubideen urraketei buruzko txosten alternatiboak egitea. Bigarrena, giza eskubideen urraketen salaketak aurkeztea eskubideen defentsarako nazioarteko organo eta tresnen aurrean, Nazio Batuen Erakundeak esakintzen dituen baliabideak barne. Hirugarrena, «litigazio estrategikoa», horretarako baldintzak betetzen diren auzietan prozesu judizialetan esku hartzea. Eta laugarrenik, giza eskubideen urraketen inguruko gaiei buruzko topaketak, mintegiak eta biltzarrak antolatzea; arlo horretako ekimen bateratuetarako lankidetza sustatuz.

Nazioarteko jarduerari dagokionez, aldiz, bi eremutan lan egingo dutela azaldu dute. Giza eskubideen arloan lan egiten duten Europako erakunde eta sareetan parte hartuko dutela adierazi dute; besteak beste, giza eskubideen eta haien defendatzaileen aldeko abokatuak biltzen dituzten nazioarteko erakundeetan. Eta bestetik, eskubideak babesten dituzten eta oinarrizko eskubideen nahiz askatasunen urraketak salatzen dituzten nazioarteko erakundeek sustatutako ekimenetan lagunduko dutela gaineratu dute.

Aholku Batzordea

Lan hori aurrera eramateko «disziplina anitzeko eta ospe handiko» Aholku Batzordea eratu dutela aurreratu dute, eta bertako kide den Martxelo Otamendik aurkeztu ditu hamabost kideak. Gehienak euskal herritarrak dira baina Suitzako, Madrilgo, Kataluniako edota Argentinako kideak ere badaude, guztien artea lotura bat badela azaldu du Otamendik: «Biktima guztiei dagokioen egiarako, justiziarako, erreparazioarako eta ez errepikatzeko eskubidea».

Abokatuak dira Juanje Soria, Laia Serra, Jone Goirizelaia, Oliver Peter, Urko Aiartza, Santiago Bereciartua eta Verena Graf; historialaria Javier Buces; Nahia Aia medikua; Laura Pego eta Leire Imaz unibertsitateko irakasleak; Jorge del Cura ekintzailea; eta Estatuaren hiru biktima: Axun Lasa, Eneko Etxeberria eta Martxelo Otamendi.