INFO

Laboral Kutxak hobetu egin ditu aurreikuspenak eta esan du %2 haziko dela ekonomia aurten

Hego Euskal Herriko ekonomia suspertzen ari da Laboral Kutxaren arabera eta, ondorioz, 2024 urterako aurreikuspenak igo ditu abenduan egin zuen azken agerraldiaz geroztik. Hala, bankuaren arabera, EAEko ekonomia %2 haziko da urte honen itxieran eta, Nafarroakoa, %2,1.

Ibon Urgoiti eta Joseba Madariaga, Laboral Kutxaren 2023ko txostenaren aurkezpenean. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Hego Euskal Herriko ekonomia suspertzen ari da Laboral Kutxaren esanetan eta, ondorioz, 2024 urterako aurreikuspenak igo ditu abenduan egin zuen azken agerraldiaz geroztik. Hala, bankuaren estimazioen arabera, EAEko ekonomia %2 haziko da urte honen itxieran eta Nafarroakoa %2,1.

2023. urteko balantzea eta 2024rako aurreikuspenak jasotzen dituen txostena aurkezteko ekitaldian eman dituzte datuok Ibon Urgoiti Negozio Garapenaren Areako zuzendariak eta Joseba Madariaga Ikerketa Departamenduko zuzendariak. Azaldu dutenez, Laboral Kutxak uste du enplegua %1,8 igoko dela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eta, beraz, langabeziaren tasa %7,5ean geratuko litzateke. Nafarroaren kasuan, enpleguak %1,9 egingo du gora eta %9,4ean geratuko da langabezia tasa.

Aurreko estimazioan, 2023ko abenduan, Laboral Kutxaren aurreikuspenak apalagoak izan ziren. Oraingoan, estimazio positiboagoak egin ditu, nahiz eta Estatu espainiarraren haziera (%2,4) baino txikiagoa izango den Hego Euskal Herrikoa. Madariaga eta Urgoitiren esanetan, industrian mantentzen den «ahultasunak» eragin du haziera marjina estutzea, baina «hobekuntza» apur bat ere nabaritu dute sektorean.

2023: inflazioaren urtea

Aurkezpenean azaldu dutenez, 2023ko ezaugarri nagusia inflazioaren kontrako borroka izan da. Gogoratu dute Europako Banku Zentralak hamar aldiz igo dituela interes tasak 2022az geroztik, sei bider iaz, eta %4raino igo duela gordailu erraztasunaren tasa. Iazkoa, beraz, prezio igoerak apaltzeko ahaleginen urtea izan zen, Laboral Kutxako arduradunen esanetan.

«Nolanahi ere, esan beharra dago inflazioaren aurkako borroka ezin dugula inola ere amaitutzat eman oraindik –ohartarazi dute–, nahiz eta beheranzko bide luzea egin dugun dagoeneko. Euroguneko urtetik urterako indize harmonizatua %2,6koa izan da maiatzean, eta azpiko inflazioa, %2,9koa. Datu horiek ikusita, luze joko du, itxuraz, Europako Baku Zentralak lortu nahi duen %2ko helburua erdiesteak».

Horrez gain, Europako Banku Zentralak inflazioaren kudeaketan etapa berri bat hasi duela azaldu dute, tasen %0,25eko lehen jaitsierarekin. Asko ez den arren, Madariagak eta Urgoitik uste dute urtearen bigarren zatian eta 2025ean espero diren bi jaitsierek «nolabaiteko babesa» emango diotela «datorren ikasturtean nabarituko den hazkundeari».

Inflazioak euroguneko ekonomian ere eragina izan duela zehaztu dute Laboral Kutxako ordezkariek, «BPGaren hiruhilekoko bataz besteko hazkunde-tasak ia nuluak izateraino». «Horrenbestez, ia atzeraldi teknikoan amaitu da urtea», esan dute.

Hala ere, agertu dute Hego Euskal Herriko «ekonomiaren dinamismoa» eurogunekoa baino «askoz handiagoa» izan dela 2023an. Badira hori erakusten duten adierazle batzuk, adibidez, nabarmendu dute iazko ekitaldian EAEko eta Nafarroako BPGak gora egin dutela, %1,8 eta %1,9 hurrenez hurren.

Enpleguaren hazkunde tasa %2,9koa izan da EAEn eta %1,1ekoa Nafarroan, Estatu espainiarreko bataz bestekotik (%3,1) behera.

«Eskaintzaren ikuspegitik, sektore guztietako balio erantsi gordinaren hazkundea positiboa izan da aztertutako eremu geofrafikoetan, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Estatuko lehen sektorea da salbuespen bakarra», adierazi dute Ibon Urgoiti eta Joseba Madariagak.

Munduko ekonomiari begira ere jarri da Laboral Kutxa, eta ohartarazi du, «nazioarteko tentsio geopolitiko handien ondorioz, 2023an moteldu egin dela igoera orokorra: hala, %3,2koa izan da hazkunde-tasa (%6,5koa izan zen 2021ean eta %3,5koa 2022an).