INFO

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.

Sare eta Etxerat: «Peñen pankartetan barrote-marrazkirik gabeko sanferminak nahi ditugu»

Sare eta Etxeratek deituta, mila lagun inguru bildu dira ostegun honetan Iruñean, sanferminen atarian, «euskal presoen eskubideak urratzen dituzten salbuespenei bukaera ematea» aldarrikatzeko. Jaiak gainean daude eta antzeman da gaurko mobilizazioak alboetan pilatu duen «ikusleetan».

Sare eta Etxeratek kalejira egin dute ostegun honetan Iruñean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

«Peñen pankartetan barrote-marrazkirik gabeko sanferminak nahi ditugu, oinarrizko eskubideen aldarrikapenei lotutako momentikorik gabeak, gezi-pegata konbergenterik gabeak, ez dagoen lagunarentzat diru bilketarik gabekoak. Preso, erbesteraturik edo deportaturik gabeko sanferminak nahi ditugu. Guztiok elkarrekin topa egin, dantzatu, abestu eta barre egiteko moduko sanferminak», adierazi dute Etxeratek eta Sarek ostegun honetan Iruñean antolatutako kalejiran.

Sanferminen atarian ohiko bihurtu duten hitzordu honetan, mila lagun inguru bildu dira Sarasate pasealekutik abiatu eta Gaztelu plaza eta Estafeta gurutzatuta, Udaletxe plazan amaiera emateko. «Festaren magian murgiltzeko gogoa badugu ere, ezin dugu ahaztu urtetako gatazkaren ondoren oraindik orain konpondu gabeko ondorioak ditugula konpontzeko eta, jakin badakigu oraindik ere indar handikoak direla sufrimendu eta gatazkako iraganera eraman nahi gaituzten inertziak, iragan horretatik neke handiz ari garenean ateratzen», gehitu dute.

Turistaz josita dago nafar hiriburua eta Tourreko etapa bat balitz bezala, unea grabatzen zuten ehunka mugikorren arteko pasabide baten erditik egin dute aurrera bertaratutakoek. Hedapena izango du mezuak

 

Joaldunek iragarri dute martxaren hasiera eta 3indarrok elektrotxarangak Betagarriren ‘Zure ingurua’ gaurko egunera ekarriz, ikusmina piztu dute denen artean Iruñeko kaleetan. Turistaz josita dago nafar hiriburua eta Tourreko etapa bat balitz bezala, unea grabatzen zuten ehunka mugikorren arteko pasabide baten erditik egin dute aurrera bertaratutakoek. Jai giroan egin da mobilizazioa eta helburuetako bat beteko zuten behintzat antolatzaileek. Izan ere, mezuak hedapena izango du.

Amaierako hitzartzea jota baten ondotik iritsi da eta bertan gogora ekarri dute «ez aspaldi» espetxeak «ez zirela salbuespen, baizik eta arau». Zentzu horretan, orain dela gutxi arte urruneko espetxeetan sakabanatuta zeuden presoak eta zigorrak espetxeko lehen graduan betetzen zirela azpimarratu dute. «Gaurko egoera oso desberdina da. Euskal Herriko espetxetan daude, baina ez ditugu hona ekarri espetxean segitzeko», baieztatu dute.

Horregatik, gaur egun «etapa berri» batean murgilduta daudela gehitu dute, «konponbide osoa» behar dela nabarmenduz. «Garaia da beraz, bukaera emateko euskal presoen eskubideak urratzen dituzten salbuespenei. Garaia da etxerako bidean bultzada bat emateko oraindik erbestean edo deportazioan daudenei. Garaia da herri honetan eman diren sufrimendu guztien aitortza egiteko. Konponbideak, osoa izateko, ez du inor atzean utzi behar. Herri honek behar du konponbide oso bat etorkizuneko belaunaldiei utziko diegun gizartea guk gure aurrekoengandik jaso genuena baino hobea izateko».

Honela, «festa paregabeak denak etxean daudenean» izanen direla iritzi dute eta aurtengoan aldarrikapen hauek «festaren txoko guztietara» eramatera gonbidatu dute gizartea.