Itsasoa jan, itsasoan jan: gure baleazale eta arrantzaleen dietak ikertu dituzte
Zer jaten zuten XVI. mendean Kanadako kostalde atlantikoan balea ehizatzen eta bakailaoa arrantzatzen zuten euskaldunek? Nolakoa zen beren osasuna? Galdera horiei erantzun diote EHUko udako ikastaroetan.
Monrealgo Unibertsitateko Sarai Barreirok XVII. eta XVIII. mendeetan ipar ekialdeko Kanadako indigenen eta euskal arrantzaleen arteko elkarlanak eta harremanak ikertu ditu, bereziki San Lorentzo Golkoan. Baina EHUko udako ikastaroetan egin zuen aurkezpena XVI. eta XVII. mendeetan Kanadako kostalde atlantikora nabigatu zuten euskal arrantzaleen dietaren eta eguneroko bizitzaren ingurukoa izan zen. Funtsean, itsas arkeologiako ikerketetan oinarrituta, gure arrantzaleen dieta eta osasuna nolakoa zen trazu potoloan marraztu zuen, saio oso interesgarrian.
Zer jaten zuten besteentzat janaria ekartzeko nabigatzean? Eta lehorrean? Euskaldun haien dieta ikerketek hori erakusten dute: urrutiko arrantza leku eta portuetako desafioak, beren osasunaren alderdi biologikoak.
Arrantzan edo balearen ehizan zebiltzanean berariazko errazioak zeintzuk ziren deskribatu zuen Barreirok, Red Bayko eta Petit Mecatinako bi arrantza-guneen testuinguru geografikoa eta arkeologikoa aztertuta. Hainbat historiagileren lanari begiratu zion, Red Bayn lurperatutako arrantzale eta baleazaleen indusketa arkeologikoei, eta Petit Mecantinon egin zituztenekin konparatu zituen. Azkenik, dieta errepasatuz, euskaldunen komunitate sozio-profesionalaren berezkotasunak ulertzen saiatu zen, janariari ematen zioten balioa, itsas-gaileten eta ardoaren klixeetatik harago jaki berriak lortzeko zuten trebetasunaren inguruan begiak zabaltzeko.
Elikagai ohikoena zen itsasontzietan; gari hartzituz eginak eta bi aldiz labean erreak, lizuna ez hartzeko
Indusketa arkeologikoak
Red Bay portu txiki bat zen, arrantzale-herrixka, Labradorko hegoaldean. Harkaitzez eta labarrez beteriko kostan, uharte txikiz inguratua, klima subartikoan ohikoak diren haizeen kontrako babes naturala eskaintzen zuten. Erlatiboki sakonera handiko bere urek uda eguzkitsuak eta lanbrotsuak izatea eta negu luzeak eta hotzak izatea zekarten. Baldintzok itsas bizitza aberats eta askotariko baterako aproposak ziren, Ipar Amerikako lehen biztanleentzat habitat garrantzitsu eta estrategikoa.
Gune arkeologikoei begiratuta, Red Baykoa Kanadako handienetakoa da. Bertako lehen biztanleak itsas baliabideetan oinarritzen ziren bizirauteko, denbora tarte luze eta etenetan, eta itsas kultura arkaikoa zuten. Duela 7.000 urteko egungo inuiten arbaso haiek, arkeologoentzat, mugaz haraindiko kultura batekoak ziren. Ondoren, herri indigenen okupazioa etorri zen, baita europar arrantzaleena ere, euskaldunena barne.
Gure arrantzale eta baleazaleen azterketarako, Saddle Island-eko indusketan zentratu zen, bertan topatu baita bale ehizaren eta koipearen ekoizpenerako gune esanguratsuenetakoa. Han topatu dira etxe tresnak, koipe ekoizpenerako artefaktuak, eta baita Ipar Ameriketan inoiz aurkitu den baleazaleen hilerri handiena ere. 1982an aurkitu eta 1983tik 1985era induskatu zen, hirurogei hobi ziren, gutxienez 135 pertsonen gorpuak zituztenak. 25 atera ziren ikertzeko, besteak identifikatu eta berriz lurperatu ziren beren hilarriekin.
Antropologia fisikoko patroi batzuk identifikatu dituzte. Adibidez, gehienak kristau eredu ohikoan lurperatuta zeuden, burua gora, ekialdera begira, eta eskuak sabelean gurutzatuta. Baina badira lurperatze bitxiak ere. Batzuek hamabi gorpu zituzten, modu ez hain sistematikoan lurperatuak, ziurrenik denak aldi berean hil zirelako, posibleki balearen ehizako istripu batean.
Petit Mecatina irlako arkeologia gunea, aldiz, inuitek eta euskal arrantzaleek konpartitu zuten, kostalde hartako ahozko tradizioak hala aipatzen baitu. Parajea itsas txakurrak ehizatzeko eta bakailaoa arrantzatzeko aproposa zen, eta uste da abantaila handiak zeuzkala XVI. mendean baleak ehizatzeko. Badia txiki, sakon eta babestu honek ur fresko ugari, harkaitz lehorreko babesgune asko eta ehiza lekuetarako sarbide errazak zituen.
Harriz egindako janari biltegien aztarnak badira. Eta induskatuz ikusi da baleen hezurrak daudela, eta hegaztienak, eta bakailaoaren hezurrak. Baina ez hori bakarrik: karibu eta itsas txakurrenak ere topatu dira, eta baita europar animali domestikoenak ere.
Bazituzten haragi egunak eta arrain egunak; erlijio kontuak medio, ez zuten haragirik jaten ostiral eta larunbatetan
Parean tokatzen zena, jan
Dietaren ingurukoak ikertzeko Girondako artxibo departamentalean gorde den Bordeleko akta notarialak funtsezkoak izan dira. Arrantza kon- tratuak ageri dira, itsasontziko eskifaiaren datuak, baita kanpaina bakoitzerako erosten zen janari kopurua eta mota ere. Dokumentuotan argi ikusten da arrantzaleok talde sozial ondo definitua eta berezia zirela, beren hizkuntza propio eta bizitzeko modu partikularrarekin. XVI. mendean ozeanoan zeharreko nabigazioan abiatu ziren gure arrantzale eta baleazaleentzat oso gogorra zen kanpaina, zazpi hilabete artekoa, sorterriarekin eta komunitatearekin erabateko etena zekarren.
Adibidez, euskal arrantzaleen kontratuetan ageri zen janari ohikoena itsas-gaileta zen (gari hartzituz egina, bi aldiz labean errea, lizuna ez hartzeko). Herrietako okinei eskatzen zitzaien abenduan, otsailaren edo martxoaren lehen egunetarako prest izan zezaten, bakailaoaren arrantzara abiatzeko garaia orduan baitzen. Berdura idortuak ere oso ohikoak ziren, dilistak, babak, txitxirioak...
Haragi produktuek ere parte garrantzitsu bat betetzen zuten, hirugiharra, zezina eta beste haragi gatzatuak. Baita sardinak ere. Bazituzten haragi egunak eta arrain egunak; erlijio kontuak medio, ez zuten haragirik jaten ostiral eta larunbatetan. Oliba olioa, gurina eta ardo kantitate handia eramaten zuten, eguneroko errazioetan ageri zirenak.
Ikerketa ezberdinek erakutsi dutenez, euskaldunen artean gustuak ez ziren berdinak. Lapurtarrek, adibidez, ardoa nahiago zuten, eta gipuzkoarrek eta bizkaitarrek, aldiz, sagardoa eta txakolina.
Baina azpimarratu behar da behin arrantza lekuetara iritsi eta lehorreratzen zirenean, eguneroko dieta aldatu zitekeela. Lurralde haiek elikatzeko barietate hobea eskaintzen baitzuten. Adibidez, Saddle Island-eko hilerrian egindako ikerketa isotopikoek, hogei gorputzen hezurduretan karbono eta nitrogeno isotopoak ateratzeko, dietaren berri ematen dute. Eta ikusi da euskal baleazale haiek itsas proteina ugari hartzen zituztela, arraina, itsas ugaztun eta itsas hegaztiena bereziki. Eta ikusi da Red Bayra iritsi baino lehen ia ez zutela hartzen itsas proteinarik eta Red Bayn hura zela beren elikaduraren oinarria. Askotariko dieta zuten, dieta tradizionalekiko oso ezberdina.
Hipotesia indartzen du horrek: euskal baleazaleek bertako elikagaien onurak profitatzen zituzten. Parean toka- tzen zitzaien dena barrura sartuz.