Markina-Xemeinek Bizkaiko eskuzko txapelari eutsi zion eta Larraunek Nafarrokoa berreskuratu
Lea-Artibaikoek 2-1 irabazi zieten Zeanuriri Zornotzan, lehen bi partidetan gailenduta eta Labriten ere emaitza bera eman zen Donezteberen aurkako finalean, baina azken partidara arte itxoin behar izan zuten. Nafarroako final txikian Baztan nagusitu zen.
Asteburu honetan jokatutako Bizkaia eta Nafarroako eskuzko Herriarteko txapelketen finalekin, herrialde guztiek badituzte euren txapeldunak eta Gasteiz eta Oiartzuni Markina-Xemein eta Larraun batu zaizkie, Zeanuri eta Donezteberi emaitza berarekin (2-1) gailenduta. Nafarroan gaztetxoen mailako txapelketa ere jokatzen da eta bertan Baztan nagusitu zen, Bera mendean hartuta.
Larunbatean Zornotzan Bizkaiko finala jokatu zuten Markina-Xemeinek eta Zeanurik eta Lea-Artibaikoek iazko txapelei eusteko modua egin zuten –Euskal Herrikoa ere irabazi zuten bizkaitarrek– Zeanuriri lehen bi partidak irabazita. Gainera, gehiegi sufritu gabe lortu zuten, kadete eta jubenil mailako partidetan oso nagusi izan baitziren. Historia handirik gabeko partidetan, Unax Arrizabalaga eta Iker Otxoantezanak 22-4 irabazi zieten Liher Beobide eta Tasio Ozerinjauregiri. Mikel Egurrolak eta Markel Calvok ere bikote handia osatzen dute eta hauek ere ez zuten batere gupidarik izan eta emaitza berarekin lortu zuten jubeniletako puntua –eta bide batez txapelari eustea– Bingen Beitia eta Igor Egiliorri irabazita.
Jokoan ezer ez zela jokatu zen nagusietako finala eta hirugarren hau denetan orekatuena izan zen. Zeanurik ohorearen puntua behintzat eraman zuen etxera, Antton Erkiaga eta Beñat Etxeitak 22-18 irabazi baitzieten Josu Agirreamalloa eta Alain Pujanari.
Festa giroa Labriten
Sanferminetan Iruñeko edozein toki da ona festarako, baina Labrit pilotalekua berezia izaten da egun hauetan eta larunbatean ere sekulako giroa izan zen igandean, bertan jokatu baitziren Nafarroako eskuzko Herriarteko bi finalak. Goizean, 2022an nagusien txapela eskuratu zuen Baztanek txikiena ere poltsikoratu zuen, Berari 2-1 irabazita.
Nagusien kasuan, Larrunek duela 32 urte lortutako txapela berreskuratu zuen, Donezteberen aurkako finalari azken unean buelta emanda. Txapelak nagusien mailako partidan erabaki ziren eta bertan Iñaki Galarza eta Iñigo Gurreak osatutako bikoteak nagusitasunez irabazi zieten Mikelarena-Agirre bikoteari (22-13). Aurretik, Baztanek jokoan zen lehen puntua eskuratu zuen Hegoi Fagoaga-Iker Ancisarren garaipenarekin 22-7 Olleta-Ijurjoren aurka. Bidasoaldekoek, ordea, ezin izan zuten garaipena jubeniletan borobildu eta puntua larraundarrentzat izan zen –Eguskiza-Endika Galarzak 22-14 irabazi zieten Eskudero-Santesteban doneztebearrei–.