INFO

Gipuzkoako gazteen enplegagarritasuna erraztea helburu duen ‘ekinbat!’ proiektua sortu dute

Gipuzkoan desabantaila egoeran dauden gazteen enplegagarritasuna eta inklusioa erraztea du helburu hainbat eragilek sortu berri duten ‘ekinbat!’ egitasmoak. Genero ikuspegiarekin landuko da plana, eta euskararen sustapena izango da ardatzetako bat.

‘ekinbat!’ gidaritzan parte hartzen duten eragileen ordezkariak (ekinbat!)

Gipuzkoan desabantaila egoeran dauden gazteen enplegagarritasuna eta inklusioa errazteko ‘ekinbat!’ proiektua sortu dute hainbat eragileren artean. Hiru adar izango ditu, Lanbide Heziketako zentro publikoetan eragitea, emakume gazteak ahalduntzea eta emantzipatzeko ezagutzak zabaltzea.

Ikaslan Gipuzkoa, Ikertze kultur elkartea, Zabalduz kooperatibako Batzen proiektua, Sorginlore elkartea, EHU, Zehar-Errefuxiatuekin eta Lanbide Heziketako zein Helduentzako Ikastetxe ezberdinak elkarlanean aritu dira ‘ekinbat!’ sortzeko. Plan honen bidez, desabantaila egoeran dauden gazteek jendartean, komunitatean eta kulturan parte hartu dezaten sustatuko dute eta, gainera, eragile estrategikoei bideratutako emantzipaziorako funtsezko ezagutzak zabaltzen dituzten tresnak garatuko dira.

Ohar batean azaldu dutenez, funtsezko elementua da parte-hartzea, eraginkorra baita enplegu-aukerak sustatzeko. Halaber, hainbat ertzetatik trebatu nahi dituzte gazteak, hala nola, oinarrizko gaitasun soziolaboralak izan ditzaten, errotze soziokulturala izan dezaten eta inguruarekin elkarreraginean bizitzen ikas dezaten.

Ikuspegi prebentiboa, sistemikoa eta generokoa du proposamen honek, eta euskararen sustapena eta jasangarritasuna sustatuko ditu, sortzaileen arabera.

Erronka bakarra, hiru proiektu

Kutxa Fundazioaren eskutik finantzatutako plana hiru proiektu zehatzetan garatuko da 2025eko abendura bitartean: ‘gazteekinbat!’, ‘emakumeekinbat!’ eta ‘eragileekinbat!’:

Hala, ‘gazteekinbat!’ ardatzaren baitan, pedagogia feministen bitartez, Gipuzkoako Lanbide Heziketako zentro publikoetako gazteen parte-hartze soziopolitikoa sustatuko dute, tokiko ekosistemen eta zentroen artean sinergiak sortuz.

‘Emakumeekinbat!’ adarrean, emakume gazteak ahalduntzeko eta laneratzeko tresnak garatuko dituzte, teknika artistikoetan oinarritutako introspekzio sortzaile prozesu baten bitartez.

Bestalde, ‘eragileekinbat!’-en bidez, desabantaila egoeran dauden gazteak emantzipatzeko ezagutzak sozializatuko dituzte, enpleguaren bidez helduarora igarotzeko baliabideen gida eleaniztun baten bitartez.