INFO

Kanporatuak izateko modurik ikusgarriena hautatu dute Jakak eta Albisuk

Lizartzarrak sekulako erremate erakustaldia eman du, denera 17 tanto amaituz eta goierritarrak ere lan itzela egin du partida osoan zehar. Peio Etxeberria-Zabaletak 20 tanto nahikoak izango dituzte Altuna-Martijaren aurka finalean egoteko.

Oldarkor eta eraginkor, Erik Jakak sekulako erakustaldia eman du erasoan. (Gorka RUBIO/FOKU)

Erik Jaka eta Jon Ander Albisu ez dira sanferminetako torneoko finalean izango, baina aukeratzen jarrita, kanporatuak izateko modurik egokiena aukeratu dute Baikoko gipuzkoarrek, Altuna III.a-Martijari 22-20 irabazita. Aspaldian elkarrekin partida onak jokatu gabeak baziren ere, lizartzarrak –17 tanto amaitu ditu– eta ataundarrak –sekulako maila eman du pilota bakarra galduz eta bakar hori bere aurrelariarekin ondo elkar ulertu ez duten jokaldi batean–  aho gustu onarekin utziko dute Iruñeko feria, azken Binakako txapelketako bi finalisten aurka maila ederrean aritu ostean. Gauzak horrela, Altuna-Martijak 19 tantotan utzi beharko dituzte Peio Etxeberria-Zabaleta finalean izan nahi badute.

Igandean paliza handi xamarra hartuagatik, Jokin Altuna pilota gosez azaldu da Labritera eta bereak izan dira lehen bi tanto azkarrak, sakez lehena eta sake-errematean bestea. Martijak, ordea, apur bat gozakaitz ekin dio lehiari eta horrek Erik Jakari jokoan sartzeko modua eman dio eta lizartzarra ere ez da atzean geratu.

Atzean, ez Albisuk ez Martijak ez dute bata bestea garbi dominatu eta bi aurrelariek errematerako aukerak izan dituzte –partida amaieran aurrelariek atzelariek baina pilotakada gehiago jo dituzte–, biak oso eraginkor aritu direlarik, era guztietako tantoak eskuratuz. Hala ere, epaileek egindako huts baten ostean –ontzat eman dute Altunak bigarren botera eramandako pilota bat– eta Baikokoek ere Aspekoek baino akats gehiago pilatu dituztela baliatuz, 2022ko binakako txapeldunek aldetxo bat hartu dute markagailuan, lehen atsedenaldi luzera bi tantoz aurretik iristeko baliatu dutena (12-10).

Oldarkor eta eraginkor

Hala ere, Baikoko bikote gipuzkoarrak ez du inongo momentutan etsi eta partidan sartuta jarraitu dute, baita markagailuan aurrea hartu ere 13-15, Albisuren defentsa lan bikainari eta Jakaren erasoko distirari esker. Bere egunik onenetan bezala, oldarkor eta eraginkor aritu da lizartzarra eta azkenerako garaipenaren saria izan du ausardia horrek. Gora-behera askoko lehia batean, finalerako sailkatzeko aukerarik gabe geratu direnean ere –19-16 aurreratu dira Aspekoak– lanean jarraitu dute eta partida amaiera orekatu eta ikusgarria eskaini diete beste egun batez Labrit goraino bete duten pilotazaleei.

Errematatzaileen arteko deman, Erik Jakak gehiago asmatu du azkenerako nekeak eragin dion Jokin Altuna bat baino eta garaipena Baikokoentzat izan da. Gainera, partida erdialdera, amezketarrak irrist egin du izerdi arrastoren batean eta ezker sorbaldan kolpe bat eraman du eta horren eraginez ingurua ere kargatu zaio, azkenerako bere errendimenduan eraginez. Printzipioz ez dirudi ezer larririk duenik, baina ikusi egin beharko da nola esnatzen den eta ostegunean jokatzeko moduan den.

Amezketarraren nahigabea

Hartutako kolpea eta jasotako porrota ez dira, ordea, Jokin Altunaren kezka iturri bakarrak, izan ere, amezketarra haserre agertu da partida amaitutakoan harmailetan zeuden batzuengatik jaso dituen txistuengatik. «Agian partidaren inguruan idatzi beharrean, pilotalekuan dagoen giroaz idatz zenezakete, nazka ematen du hemen jokatzeak», adierazi du aldageletan, oso minduta.

Partida hasi aurretik, berotzen ari zela, jaso ditu txapeldunak zenbait zaleen txistuak, baina hauek areagotu egin dira 7-6ekoan epaileek Altunak bigarren botean eramandako pilota bat ontzat eman eta Labriteko pantaila erraldoian errepikapena ikusi denean. Denbora batetik hona, kezkagarria da zenbait frontoietan, bereziki Labriten, ematen ari den harmailen «futbolizazioa», kirol honek berezkoak dituen zenbait baloreen aurka doazen jarrerekin.

 

FITXA TEKNIKOA:

Altuna-Martija: 20

Jaka-Albisu: 22

Pilotakadak: 561. Iraupena: 67,20 minutu. Markagailua: 2-0, 2-2, 4-2, 4-5, 6-5, 6-6, 9-6, 9-7, 11-7, 11-10, 13-10, 13-15, 17-15, 17-16, 19-16, 19-19, 20-19, 20-22. Sakeak: 4 Altunak eta 2 Jakak. Egindakoak: 10 Altunak, 3 Martijak, 15 Jakak eta 2 Albisuk. Galdutakoak: 1 Altunak, 1 Martijak, 3 Jakak eta 1 Albisuk. Gorabeherak: Sarrera guztiak agortuak Labrit pilotalekuan. Partida hasterako, zenbait zalek Jokin Altunari txistu egin zioten, frontoi batan erabat soberan dauden jarrerak.