INFO

Haizea Wind-eko langileek elkarretaratzea egin dute, segurtasuna bermatu dadila eskatzeko

Haizea Wind enpresaren Zierbenako egoitzan langile bat larriki zauritu zen makina bat maneiatzen ari zela, eta zuzendaritzak ez ditu makina mota horiek geldiarazi, ELA sindikatuak hala egin dezala eskatu dion arren. Langileen ustez, gaur gaurkoz beraien segurtasuna ez dago bermatuta.

Haizea Wind enpresako langileek elkarretaratzea egin dute. (Gorka RUBIO | FOKU)

Zierbenako Haizea Wind enpresako beharginek elkarretaratzea egin dute ostegun eguerdi honetan, salatzeko ekainaren 28ko lan istripu larriaren ostean, zuzendaritzak ez dituela beharrezko aldaketak egin langileen segurtasuna bermatzeko. «Langileen bizitzak arriskuan jarraitzen dute», ohartarazi du ELA sindikatuak ohar baten bitartez.

Pasa den ekainaren 28an Haizea Windeko langile bat larriki zauritu zen, enpresak Zierbenan duen egoitzan, maneiatzen ari zen makina kurbatzailean harrapatuta geratu ondoren. Istripuaren ostean, ELAk makina kurbatzaileak gelditzeko eskatu zion zuzendaritzari hainbat aldiz, «fabrikatzaileak aurreikusitako lan prozedura urratzen jarraitzen dutelako», baina ez zuten halakorik egin.

«Gaur egun ELAk ez du enpresaren erantzunik jaso jakiteko makina horiek geldiaraziko dituen edo prozedurak aldatuko dituen, bertan lan egiten dutenek segurtasun neurri guztiak izan ditzaten eta beren bizitzak arriskuan jar ez ditzaten», adierazi du sindikatuak.

ELAren ustez, «enpresaren irabaziak eta produktibitatea ezin dira egon pertsonen bizitzen gainetik»; hori dela eta, elkarretaratzea egin du ostegun honetan, zuzendaritzari eskatzeko bermatu ditzala beharginen segurtasun baldintzak.