INFO

Turistifikazioaren ondorioak salatu ditu AZETek San Frantziskon: «Gure auzoa ez da hotel bat»

Etxebizitza turistiko baten zati bat okupatuz, Bilboko AZET etxebizitza sindikatuak hirigune historikoan ematen hari den turistifikazio prozesua salatu eta horren erantzuleak seinalatu ditu.

AZET etxebizitza sindikatuko bi kide pisu turistiko batean kateatu ziren. (AZET)

Bilboko AZET etxebizitza sindikatuak turistifikazioaren aurkako ekintza burutu zuen asteazken arratsaldean San Frnatzisko auzoan. Ane Lindane umoristaren monologo baten ondoren, sindikatuko bi kidek etxebizitza turistiko baten balkoian kateatu ziren.

Dozenaka pertsonak kontzentrazioa egin zuten eraikinaren inguruan, eta Ertzaintza iritsi zenean tentsio uneren bat bizi izan zen. AZETek jakinarazi duenez, poliziak suhiltzaileei deitu zien okupazioa desalojatzeko, baina hauek uko egin zioten eta, azkenean, Ertzaintzak berak atera behar izan zituen sindikatuko bi kideak balkoitik.

«Pisu hori, gure auzoaren turistifikazioaren bitartez negozioak egiten dituen espekulatzaile baten jabetza askotarikoetako bat gehiago da. Ekintza sinbolikoaren helburua seinalamendua izan da: turismoaren industriarena, orokorki; eta gure desjabetzaren kontura aberasten diren putre kapitalista guztiena, zehazki (banketxeak, inbertsio funtsak, turismo agentziak eta espekulatzaile pribatuak)», azaldu zuen sindikatuak.

Turistifikazioa auzoak «barrutik jaten ari den gaitzetako bat» dela salatu zuten, eta honek sortzen dituen hamaika arazoen artetik «mingarriena» etxebizitzaren alorrean duen inpaktua dela azpimarratu zuten. Izan ere, bizitzeko diren etxebizitzen alokairuak desagertuz joan ohi dira, eta etxebizitza turistikoek eta denboraldi baterako alokairuek hartzen dute horien tokia.

«Eta horren ondorioak ezagutzen ditugu: alokairuen neurrigabeko igoerak, alokairu zaharretan oinarritzen diren kontratuen amaiera, eta egoera berri horri aurre egin ezin dioten milaka pertsonen etxekaleratzeak», salatu zuen AZETek.

Haien datuen arabera, Bilboko etxebizitza turistikoen zenbatekoa %35 igo da eta, gaur gaurkoz, 1.500 etxebizitza turistikotik gora dago hirian, eta horien ia erdia San Frantziskon, Bilbo Zaharrean, Atxurin eta Zazpi Kaleetan daude.

Turistifikazioaren ondorio suntsitzaileak salatzeaz gain, AZETek erantzuleak seinalatzea ere nahi izan zuen ekintzarekin: «banketxeak, funts putreak, turismo industriako enpresak eta agentziak, espekulatzaile indibidualak, eta nola ez, Bilboko Udala». «Azken honen kolaboraziorik barik, auzoaren eta bertako biziaren merkantilizazioa ezinezkoa lirateke», azaldu zuen. Bi enpresa ere seinalatu zituzten: alde batetik, Alameda Flats, hirian 50 etxebizitza turistiko baino gehiago izatea egotzita; eta bestalde, Inversiones Belfeta, Bilboko hamabost etxebizitza turistikoren jabe dela nabarmenduz.

Etxebizitza sindikatuak arazo honen aurka borrokatzeko deia egin zuen: «Gure etsaiek argi izan dezatela: amaitu da kexen eta aieneen fasea. Antolatzeko eta ofentsibara igarotzeko garaia iritsi zaigu. Unea da gerra deklaratzeko turistifikazioari, turismoaren industriari, Alameda Flats eta Belfetari, eta gure eguneroko miseriaren kontura aberasten diren putre nazkagarri guztiei!».