INFO

Eguneroko plazer txikiak

WOO-RI-UI-HA-RU (NUESTRO DÍA)
Hego Korea. 2023. 84’.
Zuzen. eta gidoia: Hong Sang-soo. Musika: Hong Sang-soo. Argazkia: Hong Sang-soo.

‘Woo-ri-ui-ha-ru’ (‘Nuestro dia’) filmeko une bat. (Jeonwonsa Film)

‘Woo-ri-ui-ha-ru’ (‘Nuestro día’) filmak Hong Sang-soo zinemaren ohiko osagaiak dituen arren –ez dira ez sojua ez elkarrizketa existentzialak falta–, zinemagilea gutxitan agertu da hain zaurgarri. Seulen udako egun batean girotzen da. Aktore batek eta poeta batek, bi mireslerekin, bizitzari eta arteari buruzko elkarrizketak hasiko dituzte, egoera pertsonal desberdinei aurre egiten dieten bitartean. Egunak eta elkarrizketak aurrera egin ahala, eguneroko plazer txikiei buruzko keinuak eta kasualitateak azaleratzen joango dira.

Hong Sang-soo

Zinema garaikidearen ezinbesteko zinemagilea da, eta jaialdi handietako ohiko izena. 1996an egin zuen debuta ‘Daijiga umule pajinnal’ (‘El día que un cerdo cayó al pozo’) filmarekin, eta, ordutik, hogeita hamar film luze baino gehiago idatzi eta zuzendu ditu.

Itxura xumea eta arima kostunbrista duten narrazioak sortzen ditu; Hego Koreako gizartearen eguneroko bizitza islatzen duten kontakizunak izaten dira eta giza harremanei garrantzia handia ematen die. Sang-soo-k sarritan esan du, bere zinema autobiografikoa ez den arren, «maiz inguruan entzuten ditudan elkarrizketak edo egoerak» erabiltzen dituela gidoiak idazteko.

Bere lan gehienek arrakasta komertzial handirik lortu ez duten arren, nazioarteko zinema zuzendari korear onenetarikoa dela eztabaidaezina da. Gainera, aurrekontu txikiekin lan egiten badu ere, bere filmek nazioarteko zinema jaialdi entzutetsuenetan parte hartu dute: Berlin, Donostia, Cannes eta abar.